Europar Batasunak Izaskun Bilbao izendatu du Leste Timorrera bidali duen behaketa- misioko buru

Eurodiputatu jeltzaleak Federica Mogherini EBko Kanpo Ekintza gaietarako Goi Ordezkariaren konfiantza jaso du

Europar Batasunak Izaskun Bilbao izendatu du Leste Timorrera bidali duen behaketa- misioko buru 14Otsailak
2017
2017 OtsailaK 14 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Kanpo Ekintza eta Segurtasun Politiketarako Goi Ordezkari eta Europar Batzordeko presidente orde Federica Mogherinik Izaskun Bilbao Barandica jeltzalea izendatu du Europar Batzordeak Leste Timorren egingo diren hauteskunde parlamentario eta presidentzialetarako bidali duen behaketa-misioko buru. Hauteskundeak martxoaren 20an eta uztailaren 8an egingo dira. Eurodiputatu jeltzalea arduratuko da lanak koordinatzeaz eta herrialde horretan prozesu garden eta sinesgarria bultzatzera bideratuko den behaketa prozesuaren emaitzak jakinarazteaz.

Europar Batasuneko Kanpo Ekintza zerbitzuak gaur goizean zabaldu duen adierazpenaren arabera, Europar Batasunak misio hau antolatu du Timorreko agintariek beraiek behaketa lan hau eskatu dutelako aurten egingo diren bi hauteskundeetarako. 1999ko independentzia erreferenduma egin zenetik EB Leste Timorren egin diren hauteskunde prozesuetan izan da, eta denetarako behaketa misioak antolatu ditu,azkena 2012 urtean. Honek islatzen du Europar Batasunak herrialde horretan hauteskunde sinesgarriak,gardenak eta inklusiboak babesteko helburuarekin epe luzera hartu duen konpromisoa.

“Demokrazia gaztea izanik, Leste Timorrek aurrerakada handiak lortu ditu erakunde demokratikoak ezartzeari eta finkatzeari dagokionez; beren hauteskunde markoak hauteskunde sinesgarri,garden eta inklusiboak ahalbidetu ditu eta boterea bake giroan transmititu da. 2017ko hauteskundeak mugarri garrantzitsua izango dira herrialde honentzat, egingo diren lehen hauteskunde handiak izango direlako Nazio Batuen Misioaren babesik gabe. EBko Misioak laguntza handia emango dio hauteskunde prozesuari" esan du Mogherinik. Bilbaok bere aldetik esan duenez "Leste Timorren Hauteskunde Behaketarako Misioa zuzentzeko ohorea dut. Uste osoa daukat parte interesatu guztiek lagunduko dutela herrialde honek hasitako ibilbidea finkatzen, hauteskundeen funtzionamendu on,sinesgarri eta baketsua antolatzeko orduan".

Hauteskunde Behaketarako Misioko taldea Europar Batasuneko sei aztertzailek osatzen dute eta taldea Leste Timorrera otsailaren 12an iritsi zen. Herrialde horretan izango da hauteskunde prozesu osoa amaitu arte eta ondoren prestatuko du prozesu osoari buruzko txostena. Otsailaren 20tik aurrera, lantalde honetan herrialde osoan epe luzerako sakabanatuko diren 16 begirale integratuko dira. Ondoren, hauteskunde legegileetarako, epe luzerako beste 10 begirale joango dira. Europar Parlamentuko ordezkaritza talde bat eta Europar Batasuneko Estatu kideetako diplomatikoak izango dira hauteskunde egunean laguntzen. EBren misioak Hauteskundeen Nazioarteko Behaketarako Printzipioen Adierazpena onartu duten beste behaketa misio batzuekin batera aritzea espero du.

Hauteskunde presidentzial eta legegileak egin ondoren, misioak hasierako adierazpena egingo du Dilin egingo den prentsa aurrekoan. Behin betiko txostena, etorkizunean egingo diren hauteskunde prozesuetarako gomendioekin, aurrerago aurkeztuko da, hauteskunde prozesu osoa burututakoan.

Izaskun Bilbao halako lanak burutzen dituen Europar Parlamentuko taldeko kidea da. Talde horrekin antzeko hainbat misiotan parte hartu izan du,besteak beste,Haiti,Kolonbia,Peru,Guatemala eta Bolivian.

Interesatu Zaitez