Eusko Jaurlaritzaren sailburuek kargua hartu dute

Eusko Jaurlaritzako hamaika sailburu berriek karguari zin egin diote gaur goizean Ajuria Enea jauregian. Formula tradizionalari jarraikiz, Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuak jarrita egin dute karguaren zina. Bada, “Euskadiren zerbitzuan” eta "legearen arabera" hartzen duten agintea "zintzo eta leialki" erabiltzea hitz eman dute

Eusko Jaurlaritzaren sailburuek kargua hartu dute 28Azaroak
2016
2016 AzaroaK 28 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Ekitaldia lehendakari Iñigo Urkulluren aurrean garatu da, eta berak irakurri ditu izendapenen dekretuak. Bertan ziren, halaber, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejería, Euskal Ganberako Mahaiko kideak eta aurreko legealdiko gobernuko kargua utzi duten sailburuak. Urkulluk eskertu egin die egindako lana. 

Gobernu osatu berriak lehen bilkura egin ondoren, izenpetutako gobernu-akordioaren zutabeen garrantzia onartu du lehendakari Iñigo Urkulluk. “Jakin badakigu orain ekiten diogun legealdia Euskadiren etorkizunerako erabakigarria dela”, nabarmendu du. Ildo horretan, lehen gobernu-hilabeteetarako zereginak zehaztu ditu, hots, 2017ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua egitea, gobernu-programa osatzea eta aurkeztea, legealdirako egutegia onartzea eta enplegua eta ekonomia suspertzeko programa berria aurkeztea.

Lehendakariak nabarmendu du orain abian jartzen den gobernuak “lankidetzarako irekitako” eta “euskal gizarte osoaren zerbitzuari emandako” programa batekin ekingo diola lanari. Ildo horretan, azaldu du gobernu berriak konpromisoa hartu duela “gobernantza berriaren” printzipioekin, hots, kudeaketa arduratsu, garden eta eraginkorrarekin. Sailburu berriei “errealismoa, egia eta lana” eskatu die, hartu duten konpromisoa eskertu dien aldi berean. 

Eusko Jaurlaritza berria aurkezteko ekitaldia amaitzeko, sailburuek hartu dute hitza.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez