Europar Parlamentuko ALDE taldeko presidente orde eta EAJ-PNVren eurodiputatu Izaskun Bilbao Haitira bidaiatu da, igandean bertan Karibeko herrialde horretan ospatuko diren hauteskundeetan europar parlamentuak bidali duen begirale taldeko buru gisa.
23Urriak Euro-ganberak bidalitako misioak gaur bertan eman dio hasiera bere lanari eta eginkizunak asteartean amaituko ditu begirale lanei buruzko txosenarekin. Bilbao Barandicak gidatzen duen talde hau osatzen dute Agustín Díaz de Merak eta Gabriel Matok (PP),Pier Antonio Panzeri-k eta Kashetu Kyenge-k, (Europar Sozialista eta Demokratak) eta Christine Vergiat-ek (GUE/NGL).
Begirale taldeko kideak hauteskundeetan parte hartuko duten taldeetako ordezkariekin batzartuko dira, bozketa egunean hauteslekuak bisitatuko dituzte eta prozesuari buruzko txostena egingo dute behin behineko boto zenbaketa egindakoan. Eurodiputatu jeltzalea, ordezkaritza taldeko buru gisa, lan hau koordinatzeko eta aurkezteko arduraduna izango da, lan hori seguruenik datorren asteartean egingo delarik. Lehen aldia da EAJ-PNVren eurodiputatu Izaskun Bilbao Barandicari Europar Parlamentuak bidalitako ordezkaritzako buru izatea egokitu zaiola, ALDE taldeak antolatutako hainbat hauteskunde misiotan parte hartu ondoren, besteak beste Bolivian, Perún, Guatemalan eta Txilen.
Europar Parlamentuko prentsa zerbitzuko arduradunek aditzera eman bezala parlamentu honek "etengabe parte hartzen du hauteskunde prozesuak behatzeko lanetan, eta nazioetako hauteskunde prozesuen zilegitasuna finkatzeko eta hauteskundeen babesean eta giza eskubideen defentsan hiritarrek izan dezaketen konfiantza indartzeko lana burutzen du. 2014 urtean, esaterako, Parlamentuak sei ordezkari talde bidali zituen, hala nola Ukrainiako hauteskundeetara (presidentea eta parlamentua aukeratzeko), Egiptokoetara (presidentea aukeratzeko), Tunezera (presidentea eta parlamentua aukeratzeko) eta Moldaviara (parlamentua aukeratzeko). Begirale hauek dagokien lana betetzen dute neutraltasun eta konfidentzialtasun arau zorrotzak betez".
Euro-ganberak eskainitako informazio ofizialaren arabera "Parlamentuak diputatuek osatutako ordezkari taldeak bidali ditzake hauteskundeak edo erreferendumak gainbegiratzeko, hauteskunde horiek nazio mailan ospatzen badira, nazio horretako agintariek Batasuna edo Parlamentua gonbidatu badute eta herrialde horretan epe luzerako misioa baldin badago. Parlamentuko ordezkaritza taldeak beti integratzen dira Batasunaren hauteskunde behaketa misioetan ( MOE UE) edo Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako (OSCE) Erakunde Demokratiko eta Giza Eskubideetako Bulegoaren (OIDDH) epe luzeko misioetan. Europar Parlamentuari galdegiten zaio MOE UE delakoen planifikazioaren inguruan eta ondoren dagokion jarraipenari buruz".
Haitiko hauteskundeak igande honetan ospatuko dira. 70 aurre-hautagaik eman dute izena eta ia 130 alderdi politiko inskribatuta daude. Irla honek ikaragarrizko lurrikara pairatu ondoren 2011n ospatu ziren hauteskundeak iruzur-salaketa giroan itxi ziren.