Bertako eta atzerritik etorritako familiek eta norbanakoek elkarrekin bazkalduko dute Basaurin datorren azaroaren 23an

“Bizilagunak-aldameneko familia” ekimenak bertako eta atzerriko familiak eta norbanakoak batuko ditu mahai baten inguruan datorren azaroaren 23an (igandea), Basaurin elkarrekin bazkaltzeko. Basauriko Udalak bigarren urtez jarraian hartuko du parte SOS Arrazakeriaren programa honetan, eta, udalerrian kulturartekotasunean lanean ari diren elkarteekin batera, herritarrek elkar ezagutzeko eta aurreiritziak zein estereotipoak suntsitzeko topaguneak eraikitzen saiatuko dira.

Bertako eta atzerritik etorritako familiek eta norbanakoek elkarrekin bazkalduko dute Basaurin datorren azaroaren 23an 05Azaroak
2014
2014 AzaroaK 05 |
Bizkaia

PARTEKATU

Bilera bakoitzean egongo dira bertako familia edo norbanako bat, atzerritik etorritako familia edo norbanako bat eta topaketa dinamizatu eta bazkaria antolatzen lagunduko duen hirugarren bat. Bazkaria, berriz, parte hartzaileetako baten etxean egingo da. Dinamizatzailea aldez aurretik jarriko da harremanetan bi familia edo norbanakoekin; azaroaren 23an, berriz, gonbidatua(k) lagunduko d(it)u gonbidatzaile(ar)en etxera, aurkezpenak egingo ditu, harremanetan jarriko ditu eta bera ere bazkaltzera geratuko da. Dinamizatzaile jardungo dutenek aurretiaz prestakuntza-saioa jasoko dute, euren lana egokiro egin ahal izateko.

Joan den urtean Basaurin, 14 familiak hartu zuten parte ekimen honetan. Parte-hartzaileetako bik, Clementine Pouatouk eta Janire Villarrek, aurten errepikatu egingo dute. Basauriko Udaleko Immigrazio zinegotzi den Asier Iragorrirekin eta SOS Arrazakeriako kide den Anaitze Agirrerekin batera agertu dira gaur, bigarren edizio honen aurkezpena egin eta basauriarrak “Bizilagunak-aldameneko familia” egitarauan parte hartzera animatzeko: “bertakoon eta atzerritik etorritakoon familiak Basaurin elkarrekin bizi bagara ere, ez zaigu erraza egiten harremanetan jartzeko pausoa ematea. Ekimen honek hesi hori hausten laguntzen digu: plater artean, ezezaguna ezagun bihurtzen da”, azaldu du Asier Iragorrik; zinegotziak parte hartu zuen iazko topaketetako batean, eta aurtengoan berriro ere egongo da kulturarteko bazkarietako batean.

Ekimen hau Txekian jaio zen duela 9 urte, eta Europako zenbait herrialdetara hedatu da, tartean Portugalera eta Hungariara. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak haien formula gurera ekarri eta arrakasta handia izan zuen. Lehenengo topaketa 2012rako antolatu zuten eta, 2013an, Basauriz gain, Euskadiko zenbait tokitan egin zituzten bazkariak.

Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek gaurtik bertatik eman dezakete izena, Herritarrei Informazioa eta Arreta Emateko Bulegoan (udaletxeko beheko solairua: Kareaga Goikoa, 52) zein Udalaren webgunean (www.basauri.net); inskripzio-orria ere webgunetik deskargatu dezakete. Inskripzio-orrian adierazi beharko dute ea gonbidatu, gonbidatzaile ala dinamizatzaile gisa parte hartu nahi duten.

Interesatu Zaitez