5000 pertsonatik gora eta La Casilla gainezka Europar Hauteskundeetan Izaskun Bilbaoren hautagaitza babesteko

- Andoni Ortuzarrek maiatzaren 25ean EAJ-PNV bozkatzeak duen garrantzia azpimarratu du pertsonen eta Europa osatzen duten herrien eta nazioen askatasunaren aldeko borroka egiteko “Europa izan dadin denok gustura biziko garen etxea”. - Urkullu lehendakariak azpimarratu du Europa soziala izan behar dugula, pertsona helburu nagusi izanik. EAJ alderdiaz esan du alternatiba bakarra dela zentralismoari, alderdibitasunari eta inposatutako uniformetasunari aurre egiteko.

5000 pertsonatik gora eta La Casilla gainezka  Europar Hauteskundeetan Izaskun Bilbaoren hautagaitza babesteko 23Maiatzak
2014
2014 MaiatzaK 23 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

5000tik gora pertsona elkartu dira gaur Bilboko La Casilla pabiloian, Izaskun Bilbao Barandica hautagai jeltzaleari babesa emateko, maiatzaren 25eko hauteskundeei begira azken ekitaldi izan den horretan. Emozioz eta esker onez betetako ekitaldia izan da EAJ-PNVren ordezkarien aldetik. Beste hainbaten artean egon dira Jean Tellechea, Iparraldeko hautagaia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzar. Ordezkari jeltzaleez gain Izaskun Bilbaori babesa ematen egon dira François Pauli  Europar Alderdi Demokratakoa (EAD-PDE) eta Victor Tarradella CiU  taldekoa.

Egunotan jaso duen laguntasun eta babesaren aurrean Izaskun Bilbao Barandicak azpimarratu nahi izan du Euskal herriaren handitasuna eta Euzko Alderdi Jeltzale osoaren kategoria “jende zoragarria dugu, den dena merezi duena. Zorretan nago zuekin guztiokin. Eta zor hori ordainduko dizuet Europan lan gogorra eginez. Euskadiren alde eta Euskadirentzat. Hitza ematen dizuet. Zuek zarete Euskadi. Basque Country markaren arima”.

Azken esfortzuan eta EAJren milaka alderdikide eta alderdizaleen artean, hautagai jeltzaleak igandean botoa emateak duen garrantzia azpimarratu du “Hautestontziak botoz bete behar ditugu, gainezka jarri behar ditugu.Konfiantza gehiegi izateak sustoren bat eman ahal digulako. Boto bakoitza behar dugu Europan egotea lortzeko. Europa berrian Euskadi gehiago izan gaitezen”.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak EAJ-PNVk nahi duen Europa nolakoa den azaldu du, baina helburu hori lortzeko ezinbesteko jo du igandean botoa ematea, eta denok joan gaitezen, hautestontziak Izaskun Bilbao Barandicaren izenarekin betetzen. “Botoa ematera joan beharra dago. Euskadi gehiago eskatu behar dugu, Europa berria behar dugu. Europa arimaduna. Merkatuetan baino, pertsonengan pentsatuko duena. Aurrerapen esparrua. Denontzako lana, bereziki gazteontzat. Eta askatasun gune izatea ere behar dugu, askatasuna pertsonentzat eta askatasuna Europa osatzen dugun herri eta nazioentzat. Denok gustura biziko garen etxea. Eta, aukera hori bermatzen duen bakarra da Euzko Alderdi Jeltzalea”.

Jeltzaleen buruak EAJ-PNVk lan egiteko duen modu berezia azpimarratu nahi izan du, etengabeko lan eta esfortzua euskal gizon eta emakumeen interesak defendatzeko, Euskadi barruan eta Euskaditik kanpo, baita Europan ere; beren gogo eta asmoak Euskaditik urrun  dituzten beste alderdien aurrean. “ Gogoan izan ezazue hementxe bertan duela bi urte egin genuen mitinean esan nizuena. Sozialistak beldurra sortarazi nahian zebiltzanean. Batzuek irabaztekotan  beste batzuek maleta egin behar zutela esaten zutenean. Orduan esan nizuen Patxi Lopez izango zela maleta egingo zuen bakarra. Eta, horrela izan da, Lopezek birritan egin du maleta.Ajuria Eneatik joateko eta Madrilera joateko. Benegasen bidetik joan da, Jáuregui, Redondo, Madinaren bidetik… Sozialistentzat Euskadi ez da garrantzitsua, ez da beren helmuga. Madril dute helburu” esan du Ortuzarrek .

Iñigo Urkullu lehendakariak bere aldetik, Europa soziala izateko beharra azpimarratu du, pertsonak helburu dituen konpromisoen alde eginez; eta horretarako azken ahalegina eskatu izan du eta igandean EAJ bozkatzea eskatu du, dagoen alternatiba bakarra delako. “ Botoa eskatzen dugu beste Europa bat sortzeko. Europa soziala, pertsonekin, justizia eta gizarte kohesioarekin konpromisoa duen Europa. Europa ekonomikoa, pizgarriak ematen dituena, hazkundea eta enplegua bultzatzen duena. Behetik gora eraikitako Europa, Herriei zor zaien begirune eta aitortza oinarri.

Urkullu Lehendakariak argi utzi nahi izan du Euskadi nazio dela. “ Europar nazio gara. Gu gara zentralismoaren, alderdibitasunaren eta inposatutako uniformitatearen alternatiba bakarra. Alternatiba da Euzko Alderdi Jeltzalea . Hemen eta Europan” amaitu du Urkulluk.

Jean Tellechea EAJ-PNBko ordezkariak salatu du espainiar eta frantziar estatuak direla Euskadin mugak jartzen dituztenak, Espainiak euskal errealitate nazionala aitortzea eragozten duelako eta Frantziak ez duelako bere aniztasuna onartzen. “Frantzia eta Espainia estatuen artean dago Euskadi, propioa, tokian tokikoa, Europa berriaren balorerik handiena. Europa dira Kroazia, Estonia, Flandria, Eskozia,… Europa dira Galiza, eta Bretainia, Kanariak eta Korsika, Catalunya… Europa ere bada Euskadi. Estatuak baino lehenago, mugak baino lehenago, hementxe geunden, gure hizkuntzarekin, gure nortasunarekin, Pirinio mendien alde banatan bizitzen. Espainia eta Frantzia dira mugak jarri nahi dizkigutenak. Frantziar estatua da euskal nazio errealitatea aitortu nahi ez duena. Frantziar estatua da bere aniztasuna aitortu nahi ez duena.Frantziar estatua da euskal lurralde elkargoari ezetza esaten diona, ezetza Iparraldeari”, esan du Tellecheak.

Andoni Ortuzarren hitzaldia

Iñigo Urkuluren hitzaldia

Izaskun Bilbaoren hitzaldia

Interesatu Zaitez