Gobernu Ona: Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako eredu propioa

Harreman guztiek, sendoak eta iraunkorrak izateko, konfiantza eduki behar dute oinarri. Herri bat ere, konfiantzan oinarritutako proiektu komuna da. Bakoitzak bere ardura ondo eta zintzo beteko den ustea du zutabe. Gure herria ez da salbuespena. Horregatik, gure alderdia konbentzituta dago krisi egoera honetatik ateratzeko, eta gure herria modu librean eraikitzeko, ezinbestekoa dela konfiantza bultzatzea eta handitzea. Konfiantza gure buruan. Konfiantza besteengan. Eta batik-bat, eta gure ardurari helduz, konfiantza gure erakundeetan.

Gobernu Ona: Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako eredu propioa 29Martxoak
2014
2014 MartxoaK 29 |
Berria

PARTEKATU

Frogatuta dago euskal administrazioen irudia, identifikazioa eta balorazioa estatuarenak baino dezentez hobeak direla. Zergatik hori? Kudeaketa eredu propio garatzen, eta herriaren gehiengo sentsibilitatearekin konektatzen jakin izan dugulako. Berezko kudeaketa eredu horren zutabeak gardentasuna, gertutasuna eta eraginkortasuna dira. Hau da, Euskadik badaki zer den Gobernu Ona. Badaki, Gobernu Onaren printzipioetan oinarritutako berezko ereduaren alde egin duelako eta nortasun zeinu bihurtu duelako.

Bide horretan, gure alderdia erreferentea izan da, administrazioetan izan duen arduragatik. Gizartean ondo errotutako alderdia delako, konfiantza sortzen jakin izan duelako. Eta orain, gure lurraldean, Gipuzkoan, jauzi kualitatiboa eman nahi dugu Gobernu Onaren arloan. Herritarrengan sinesten dugulako, errespetatu egiten ditugulako, eta herritarrak bere administrazioaz harro sentitzea eta beren burua identifikatuta ikustea lortu nahi dugulako. Horretarako, hamar konpromiso onartu ditugu, gaur aurkeztuko ditugunak. Gainera, konpromiso horiek gauzatzeko egitasmo eta neurri zehatzak dituen dokumentu zabala lantzen ari gara, adituen eta herritarren ekarpenarekin.

Argi dugu herri bat denon artean eraiki behar dela, eta denoi eragiten diguten arazoei behar bezala aurre egiteko, elkarlana eta parte-hartzea behar beharrezkoak direla. Herri batek eta bere erakundeek eskutik joan behar dute. Gipuzkoarrok badakigu zer den bidea elkarrekin egitea. Gaur egun osasun eta hezkuntza sistema eredugarriak, edota industria ehun lehiakorra baldin badauzkagu, bi arrazoi nagusigatik da: izan ditugulako herritar eta eragile aktiboak, eta izan ditugulako potentzial sozial hori bideratzen, errazten eta bultzatzen jakin izan duten administrazio propioak.

Harro esan dezakegu parte-hartzearen kultura zeharo errotuta egon dela gure herrian, oinarritik hasita.

Gurea bezain gizarte parte-hartzaile eta langile batek, administrazio parte-hartzaile, ireki eta profesionalak exijitzen ditu. Politikatik, lortu behar dugu herritarrak protagonista izatea politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, eta mehatxu bihurtzen ari den indibidualismoari aurre egitea. Orain arte baino gehiago. Horregatik, Gipuzkoako EAJ-PNVk Gobernu Onaren aldeko apustua egin nahi du, inoiz baino beharrezkoagoa delako, ikusita legealdi honetan Gipuzkoan, Foru Aldundiak eta Udal gehienak egiten ari den bidea.

Herri bat ez da egiten borroka eta enfrentamendua bultzatuz, baizik eta zubiak eraikiz eta ahaleginak batuz. Dauzkagun arazoak konpontzeko, eta ilusioa pizteko, giltzarriak honakoak dira gure ustez, administrazioei dagokionez:

-        Gardentasuna: Gardentasuna ez da dohain bat, baizik eta inperatibo bat. Horretarako ezinbestekoa da komunikazioa modu egokian kudeatzea.

-        Kudeaketa zorrotza: Plangintza, helburu eta konpromiso zehatzekin, eta ebaluaziorako tresna eraginkorrekin gobernatzea, eta ez unean-unekoaren eta inprobisazioaren arabera.

-        Elkarlana: Erakunde desberdinen artean, erakunde barruan, sektore pribatuarekin, eta gizarte-eragileekin. Ardura partekatua bultzatu behar dugu.

-        Jarrera eraikitzailea: Gure eredua ez da besteen aurka egitea eta besteen proiektuak geldiaraztea. Gurea, denon artean egitea da. Esan ez, egin.

-        Benetako partaidetza bultzatu, herritarrak kudeaketa publikoan konprometituz eta ardura partekatua sustatuz. Aniztasuna aberastasuna da.

-        Administrazio arina: Desburokratizazioa sustatu. Ezin dugu ahaztu, jeikitzen garen unetik lo hartu arte, ia etengabeko harremanetan gaudela administrazioarekin.

-        Jokabide etikoa bermatu kudeaketa publikoan.

Asmo oneko deklarazio bat baino askoz haratago doa hau. Herritarrei konfiantza eskatu nahi badiegu, konfiantza, segurtasuna, seriotasuna eta sendotasuna eskaintzeko gai izan behar dugu. Herri baketsua, modernoa, demokratikoki aurreratua, aurrerakoia eta burujabea nahi baldin badugu, euskal administrazio guztiek aurrerapausoak eman beharko dituzte, Gobernu Onaren norabidean. Gipuzkoako EAJ-PNVtik ilusio handiz heltzen diogu erronka horri, gure ADNaren eta ibilbidearen barruan daramagulako. Hondar ale baliotsua izango delakoan aurkezten dugu, gaur aurkezten duguna. Gu PREST gaude.

 

 

 

Interesatu Zaitez