Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren Sala Handiak gaur bertan eman du bere epaia “Del Río Prada Espainiaren kontra” auzian, Auzitegiaren Hirugarren Sailak 2012ko uztailean eman zuen epaia berretsiz. Epaia irmoa eta apelaezina da, eta Espainiar justiziak 2006 urtetik aurrera onartu zuen “ Parot dotrina” legearen kontrakoa dela ezarri da, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko hainbat artikulu urratzen dituelakoan. Ondorioz, baliogabetu beharko dela esan du epaiak.
21Urriak Europako Auzitegi Altuak emaniko ebazpenaren ondorioak erabat argiak dira: “Parot dotrinak” ez du Europako Hitzarmenarekin bat egiten, eta ondorioz 1973ko Zigor Kodeko arauen interpretazioa zigorren betepenaren eta zigor hauen metatzearen inguruan erabat arbuiatua izan behar dela, eman den epaia betetzeko, zeinen izaera loteslea agerikoa baiden nazioarteko arauekin eta Espainiar Konstituzioarekin ados. Interpretazio bat, “Parot dotrina” izenekoa, Auzitegi Konstituzionalak berak konfirmatua, 2000 urtean eta ondorengoetan izan zen nagusi, eta era eragin handia izan zuen legeriak babesten ez duen dotrina partzial eta okerrean, EGEAk emaniko epaian ezarrita geratu den legez. EAJ-PNVk dotrina hura hasieratik salatu zuen eta behin eta berriz eskatu zuen baliogabetzea. Gaurko honetan, Parot dotrina indargabetuta geratu da.
Ezin dugu ahaztu,beste alde batetik, salbuespenezko dotrinaren ondorioak pairatu dituztenak beren egunean kondenatuak izan zirela giza eskubideen kontra eta bereziki bizitzeko eskubidearen kontrako krimen eta eraso arbuiagarriak egin zituztelako. Dena dela, EAJ-PNVk betidanik ulertu izan du giza eskubideen urraketak Zuzenbide Estatuaren lege barruko tresnen bidez baino ezin direla borrokatu, zigor eta espetxe legeak aplikatuz, salbuespen erantzun edo neurririk ezarri gabe edo berauen interpretazio behartuak egin gabe, gure ustetan, “Parot dotrinan" gauzatzen zirenak kasu.
Horregatik guztiagatik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emaniko epaia ospatu beharra dugu espainiar justiziaren desbideratze oker eta legez kanpokoa zuzentzen duen erabaki bidezko eta beharrezkoa delakoan. Ondorioz, Espainiar Gobernuari eta sistema judizialari eskatu nahi diegu, gobernuko arduradunen batek aipatu duen ingeniaritza juridikoaz baliatzeko tentaldian erori gabe, epaiarekiko errespetua adieraztea eta betetzea, arau konstituzionalak eta Giza Eskubideen Europar Hitzarmena betetzea helburu. Hartara, premia osoz, Estrasburgok hartu duen erabakia betetzeko behar den tresneria martxan jartzea exijitzen dugu, gaur giza eskubideen nazioarteko legeriaren kontrakoa dela esan den dotrina hori aplikatu zaien espetxeratuen kasuak berraztertzeko.
Aldi berean, EAJ-PNVk ETAko presoei eskatu nahi die- Parot Dotrina indargabetzeko ebazpena ukitzen dituen guztiek egin beharko duten bezala- eta eragindako mina aitortu ostean, ordenamendu juridikoan dauden aukera legalak balia ditzatela, ordenamendu juridikoan birgizarteratzeko aurreikusten diren espetxe eta lege arloko neurrietan sartzea helburu, inolako zalantzarik gabe, bakea eta hamarkadetako bortxakeriak eta izuak eragindako ondorio dramatikoak ixtea amesten dituen herrian.