Ezer baino lehenago, Nazioarteko Konferentzia honetako parte hartzaileei eskertu nahi diet, Euskadiko bakearekiko duten konpromisoa eta aspaldiko partez egin izan duten ahalegina. Ongi etorriak eta eskerrik asko.
Asko da sufritu duguna, aurrez aurre dugun moduko aukera galtzeko. Gure Herrian Bakea lortzeko abagunea dugu oraingoa.
Honaino iritsi bagara, neurri handian izan da euskal gizartearen irmotasun eta sendotasunari esker. Asko dugu irabazteko, ezin gara besoak gurutzatuta geratu; ezin gara hartu behar ditugun erabakiek ekarriko dizkiguten koste pertsonalei begiratzen geratu. Arriskuak hartzeko garaia dugu, aurrekoetan porrot egin duten prozesuetan hartu dugun eskarmentuan oinarritu behar dugu, gure seme-alabek gizatasun arrasto guztiak deuseztatzen dituen gatazka jasotzea nahi ez badugu.
Aurrean dugunari begiratzeko garaia dugu, biktimak eta eragindako sufrimendu eta mina gogoan izanik. Aurrera begiratu, bai; bakezko zerumuga horretan dago biktimei egin diezaiekegun omenaldirik onena, kaltetu gehiagorik egongo ez dela jakingo dutelako. Bortxakeriaren amaiera ezin da ahanzkor aritzeko, gauzak zatika gogoratzeko edo simetria faltsuko oroimenak mantentzeko unea izan. Biktimei zor zaien aitortza da gure derrigorra, gure zorra eta gure betebeharra.
ETAk ez zuen inoiz existitu behar izan. Euskal auziaren eta askatasunaren aldarriarekin sortu zen. Baina, krimena, krimena baino ez da, ustezko justizia idealez jantzita badoa ere. Gaizkiak ez du sekula ongirik ekarriko. Ez dago aberririk,erlijiorik edo idealik, erailketa justifikatuko duenik. Ez mehatxurik, estortsiorik edo jazarpenik ere.
Hala ulertu izan dugu beti. Bortxakeria politikoaren gaitzespenetik edo deslegitimazio sozial edo politikotik harago, EAJk bere ekimena jarri du gure herrian bake iraunkorrerako bideak bilatzen. Hainbatetan saiatu gara. Elkarrizketak, topaketak , desarme eta bizikidetzarako abiapuntuak ahalbidetu ditugu. Gu ez gara gure porrotez damutzen.
Gauzatutako ekimen guztien atzetik, asmo eta gogo bakarra izan da , bakearen helburu gorena lortzea. Bai, bakea da helburu gorena , pertsona guztientzako eskubideei zor zaien errespeturako oinarrizko lehen baldintza delako.
Bakea, bakearen truke. Inolako ordainketa politikorik gabe. Ez gara inozoak. Jakin badakigu bakeak prezio bat edo prezio batzuk izan ditzakeela. Kontrako interesak sortarazten ditu. Gure begirada ez dago orain bortxakeriaren amaierak ekarriko dituen emaitzetan edo koste partikularretan.
Gure interesa bakearen ongi gorena da. Prest gaude ongi goren honek eskatzen digun neurriko mailara egoteko eta eskuzabaltasun osoz jarduteko.
Une berezi honek handitasun politikoa eta etorkizunari begiratzea exijitzen digu. Indar politikoen artean aurrera egitea, diagnostikoak partekatzea eta leialtasun osoz adostu behar ditugun neurrien erritmoak hitzartzea. Euskadiren aldeko konpromiso zabala eutsiko duen oinarria indartu behar dugu, erakundeetan eta gizartean gaituko den akordioa izan dezagun.
Jakin badakigu, Euskadi Herri txikia da. Europar Batasuneko txoko txiki bat, non asmo politikoko bortxazko fenomenoak irauten duen . Eskain dezakezuen laguntasun osoa beharko dugu iragan beltz hau atzean uzteko. Desarmearen egiatasuna egiaztatuko duten begi eta belarriak. Distantziak hurbilduko dituzten esku eta oinak, konpromisoak finkatuko dituztenak, begirune, giza eskubide eta bizikidetzaz eraikitako geroa izenpetuko dutenak.
Jakin badakigu bakea ez dela beti elkartasunaren parekoa . Baina, elkartasunera iritsiko bagara, beharrezko dugu aldi berria irekiko duen bake iraunkorra . Belaunaldi berriek , urte luzeen buruan lehen aldiz, gorroto eta sufrimendutik urrun dagoen gizartea eraiki dezaten.
Bortxakeria prozesu baten amaierak ezin du berarekin aurrekoa ahaztea ekarri. Gogoratzeko unea da, eta era berean ere bada adiskidetzeko unea. Eta helburu horrekin, zuen laguntasuna beharko dugu. Europar erakundeen laguntasuna. PEACE Euskadi egitasmo batek emango liguken laguntasuna, gure Herrian baketzea eta adiskidetzea errotzerik izan dezagun.
Talde agurgarri eta gorena da hauxe, erakunde sustatzaileak halakoak direlako eta nazioarte mailako agintari handiek ere beren babesa adierazi dutelako. Zuon aurrean, hona hemen Euskadiko bakearekiko dugun konpromiso osoaren adierazpena.
Era berean, EAJk ETAri eskatu nahi dio albait arinen erabaki eta adierazi dezala bere behin betiko desagerpena.
Bakea orain eta betirako.
Lankiderik zintzoenak gara, sartuta gauden gatazka hau konpontzerik izan dezagun. Eskuzabaltasunez eskainiko ditugu bitartekoak eta gogoa. Hala egin izan dugu iraganean,eta hala egingo dugu etorkizunean. Ez duzue laguntzeko eskatu behar. Zuena da gure konpromisoa, zuena guztiona.
Eta amaitzeko, gogoratu nahi dut gure Alderdiak amesten duen Euskadi inondik inora ez dela bazterketa Herria. Bizikidetzarako topagunea da, guztiok askatasun osoz bizi gaitezen elkarrekin. Herri bat, non errealitate bihurtuko den, ideia guztiak askeak direla eta bake eta demokraziazko bideetatik gauzatu ahal direlako aldarria.
Gugan dituzue bihotza eta burua. Arima, borondatea eta ekimena, Euskadin bakearen goi helburua lortzerik izan dezagun. EAJk ez dizue huts egingo. Zuengan dugu gure konfiantza. Zuen konpromisoa agerian geratu da gaurkoan eta aurrekoetan, eta gure itxaropenaren zati bat ere bada.
EAJk itxaropen hau zainduko du inork zapuztu ez dezan.
Eskerrik asko.