Euskarari buruzko lan jardunaldia
26
Otsaila
2011
EBBren agiriak

Euskarari buruzko lan jardunaldia

Euskarari buruzko lan jardunaldia
26
Otsaila
2011
EBBren agiriak

Indarrean eta bizi-bizi nahi dugu euskara Euskadiko udaletan

Euzko Alderdi Jeltzaleren gizarte-proiektuaren muinean dago euskara. Ez da gure Herriaren hizkuntza bakarra, baina bera da hemengo hizkuntza propioa, eta ofiziala da, gaztelania bezala. Beraz, hizkuntza propioa eta ofiziala, bai, hala da; baina urrun dago oraindik gaztelaniarekiko berdintasun soziala eskuratzetik, urrun Udal gehienen eguneroko jardunean behar eta merezi besteko bizi-indarra izatetik. Hori horrela dela, Euskadiko Udaletan Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari izango diren gizon eta emakumeek ilusioz beterik eta indarberriturik eman nahi diogu jarraipena azken bizpahiru hamarkadetan udalez udal euskara biziberritzeko egin den lan eskergari.

Nondik gatozen

Badakigu nondik gatozen. Azken hogeita hamar urteotan euskarak egin duen bidea hazkunde baten kronika da, oro har. Erruz hazi da euskararen ezagutza denbora horretan: euskarak bere historian inoiz izan duen hiztun-kopuru handiena du gaur egun. Erabili ere lehen baino gehiago erabiltzen da: batez ere gazteen artean eta zerbitzu publikoetan hazi da euskararen erabilera, eta iraganean presentziarik ez zuen arlotan ere erabiltzen den hizkuntza izatera iritsi da (esaterako, hezkuntzan, unibertsitatean, hedabideetan eta administrazioan, udaletan barne).

Herritarren gogoak eta jarrerak ahalbidetu du euskararen hazkundea. Herritarren gogoa piztu eta asebetetzeko hizkuntza politika aktiboa bultzatu dute herri-aginteek, bai Jaurlaritzak, bai Foru Aldundiek, bai Udalek, azken bizpahiru hamarraldiotan. Hizkuntza politika sustatzailea burutzeko orduan, autogobernuaren eskutik sortu eta garatu den lege-markoaz baliatu dira herri-aginteak, eta baliabide ugari jarri dituzte garai batean etxeko sukaldera kondenaturiko hizkuntza eguneroko bizitzarako hizkuntza moderno eta baliagarri bihurtzeko bidean. Gakoetan gakoa, nolanahi ere, herritarren euskararen aldeko jarrera izan da, euskara indarberritzeko helburua euskal gizarte berdinkideago, libreago eta integratuagoa eraikitzeko prozesuaren arrakastarako behar beharrezko helburutzat onartu eta bere egin baitute herritarrek.

Badakigu, beraz, nondik gatozen, eta euskal herritarrei orain arte egin duten guztia aitortu eta eskertu nahi diegu, asko baita egin dutena euskara osasunbidean jartzeko. Ez dugu, ordea, atzera begira geratu nahi, etorkizunari begiratu nahi diogu. Izan ere, ikaragarria baldin bada ere azken bizpahiru hamarkadotan egindakoa, askoz handiagoa eta luzeagoa baita egiteke geratzen zaiguna euskararen erabilera sendotu eta areagotzeko.

Kontuan izanik Udalak direla herritarrengandik hurbilen dauden herri-erakundeak, badakigu etorkizunean ere garrantzitsua izango dela udaletik eta udalean egiten den hizkuntza politika.
Euskara indarberritzeko bidean aurrez aurre ditugun erronka zaharberrituei nahiz berriei sendotasunez eta ilusioz erantzuteko unea da. Konpromisoak hartzeko garaia da. 2011ko maiatzeko hauteskundeen ondoren eratuko diren udaletan alkate edo zinegotzi izango garen EAJko kideok arlo honetan ere konpromisoak hartu nahi ditugu, eta hartzera goaz, herritarren aurrean.

Helburuak

Gure konpromisoak helburu garbiak ditu: euskararen erabilera bermatu ez ezik, sendotu eta arian-arian areagotu egin nahi dugu, bai udal-bizitzan, bai gure herrietako gizarte-bizitzan. Euskara eta gaztelaniaren arteko gaur egungo desoreka murrizten eta bi hizkuntzen arteko berdintasun gero eta handiagoa ahalbidetzen lagundu nahi dugu udaletan eta udaletatik.

Jarraibideak

Helburu horien aldeko lana eraginkortasunez burutzeko jarraibideak ere baditugu:

• Gero eta elebidunagoak dira udalerriak. Herritarrak direnez Udalaren bezero eta jabe, udalei ere gero eta elebidunago izatea dagokie. Udalerrietako hizkuntza errealitate berrietara egokitu behar dira Udalak.

• Kalitatezko zerbitzua ematea dagokie Udalei. Gero eta elebidunago diren udalerrietan, kalitatezko zerbitzua emateko baldintza da zerbitzua euskaraz ere ematea.

• Herritarrei aitorturiko hizkuntza eskubideak errespetatu eta errespetarazi behar dituzte udalek beren eskumeneko zerbitzu publiko guztietan, eta, ildo berari jarraiki, herritarrek beren eskubideak baliatu behar dituzte.

• Indarrean dagoen lege-araudiaren arabera, Udaletako langileen euskara-gaitasuna bermatu eta hobetu behar dituzte Udalek. Lehentasun erabatekoa izan behar dute herritarrekin zuzeneko harremana duten lanpostu eta zerbitzuek. Euskara-gaitasuna nahitaezkoa edo merezimenduzkoa izan behar den, Udal bakoitzeko Planaren jarraibideen arabera erabaki beharko da.

• Oro har, jadanik Udaletako langileen erdia baino gehiago gai da bere lana euskaraz ere egiteko. Euskara-gaitasun horrek gaur egun duen baino isla handiagoa, erruz handiagoa, izan behar du udal jardunean.

• Udaletako ordezkari politikoen eta langileen elkarlana eta euskararekiko atxikimendua dira arrakastarako giltzarri nagusiak. Arduradun politikoek, bakoitza bere esparruan, Euskararen Erabilera Planaren sustatzaile aktiboak izan behar dute.

Konpromisoak

Helburu nagusiak eta jarraibideak aipatutakoak izanik, ondorengo konpromisoak hartzen ditugu:

- Konpromisoa hartzen dugu “Euskara 21 – Itun berritu baterantz” txostenean jasotako 14 lehentasunezko ildoak banan bana udaletan eta udaletatik gauzatzeko, tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak kontuan harturik. Horretarako baliatuko dugun marko orokorra Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarena izango da.

- Konpromisoa hartzen dugu euskara udaletan herritarrentzako zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza ere izan dadin. Mailaren bateko euskara-gaitasuna egiaztaturik duten langile guztiek erabiliko dute euskara lan-hizkuntza gisa neurriren batean. Lan-hizkuntzaren neurria edo norainokoa udalerri bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren eta udaleko langileen euskara gaitasunaren arabera erabakiko da. Hori izango da Udalen Euskararen Erabilera Planen ardatz nagusia, hori baita euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko distantzia murrizteko bideetariko bat.

-Konpromisoa hartzen dugu euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzeko bideak sustatzeko, eta ordezkari politikoen aldetik bide horiek inolako kasutan ez eragozteko.

-Konpromisoa hartzen dugu euskararen presentzia udal-bizitzan, gaur egun nagusiki itzulpenari zor zaiona, gero eta handiagoa izan dadin euskarazko jatorrizko sorkuntzari esker.

- Konpromisoa hartzen dugu sustapen lana egiteko herritar elebidunek zerbitzu publikoetan eta oro har udalarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera egin dezaten. Horretarako tokian tokiko errealitatera egokituriko estrategiak bultzatuko dira, besteak beste udalarekin harremana euskaraz izan nahi duten herritarren erroldak osatuko dira.

- Konpromisoa hartzen dugu udalen kontzesio administratiboetan eta kontratazioetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartuko ditugula.

- Konpromisoa hartzen dugu udalerrietako hizkuntza paisaian euskararen presentzia normalizatzeko ekimen planifikatuak burutzeko.

- Konpromisoa hartzen dugu euskararik ez dakiten helduak euskarara hurbiltzeko berariazko estrategiak diseinatu eta bultzatzeko, bereziki guraso gazteen artean, etorkinen artean eta merkataritzan dihardutenen artean.

- Konpromisoa hartzen dugu etorkinen beharrizan eta ezaugarrietara egokitutako berariazko ekimenak diseinatu eta sustatzeko, lehentasuna emanez eskola-urteetako seme-alabak dituztenei eta lana familia euskaldunetan egiten dutenei, eta, nolanahi ere, etorkinentzako harrera-egitarauetan euskararen gaineko informazioa ematearen kalterik gabe.

- Konpromisoa hartzen dugu, haurrak eta gazteak izanik lehentasunezko giza-taldea, bai eskolaz kanpoko aisialdian eta ohiko kirol eta kultur programaketan, bai askotariko prestakuntza-programetan, euskarazko eskaintza etengabe areagotzeko. Halaber, euskaraz neurri batean hitz egiteko gai izan arren erabiltzeko aukera gutxi dituztenei erabilera aukerak eskainiko dizkiegu, Mintzalaguna / Berbalaguna moduko egitasmoak bultzatuz.

- Konpromisoa hartzen dugu gazteen euskarazko jarduna sendotzera eta, zehatzago esanda, euskarazko adierazkortasuna lantzera eta areagotzera zuzendutako egitasmoak bultzatzeko.

- Konpromisoa hartzen dugu euskararen familia transmisioa bermatzea eta sendotzea helburu duten ekimenak bultzatzeko, bereziki guraso euskaldunberriei begira.

- Konpromisoa hartzen dugu enpresetan eta merkataritza-establezimenduetan euskararen erabilera pixkanaka areagotzea helburu duten berariazko ekimenak diseinatu eta bultzatzeko.

- Konpromisoa hartzen dugu euskararen erabileraren onuran informazioaren eta komunikazioaren teknologiez baliatzea helburu duten ekimen berariazkoak bultzatzeko.

- Konpromisoa hartzen dugu tokian tokiko hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko ekimenak bultzatzeko, eta, batez ere, tokian tokiko euskarazko hedabideen kontsumoa areagotzen laguntzeko.

- Konpromisoa hartzen dugu hizkuntza bizikidetza armoniatsua helburu izango duen hizkuntza politika bai udaletan, bai udalerrietan garatzerakoan agente aktiboak izateko, eta, ikuspegi horretatik, euskararen erabilera bermatu eta areagotzeko ekinean herritar guztien inplikazioaren aldeko pedagogia soziala egiteko.

Konpromiso hauek guztiak lau oinarri nagusiren gainean kokatzen ditugu, ondorengo lau zutabeon gainean:


- Aurreko urteetan euskararen erabilera indarberritzeko eman diren aurrerapausoak mantendu eta sendotu egingo ditugu.
- Herritarren hizkuntza-aukera beti eta egiazki errespetatuko dugu udaletik. Herritarrarena da aukera, eta udalarena da herritarraren aukera egiazki errespetatzeko eta praktikan ez eragozteko obligazioa. Elebitasun ahalik eta orekatuenaren eta benetako hizkuntza aukera berdintasunaren helburuek eskatzen duten baldintza da hori, gizarte-kohesioaren mesedean.
- Euskararen ezagutza areagotzen jarraitzea ezinbestekoa da, gizarte elebidunak herritar elebidunak behar baititu. Hortaz, euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratzen duten herritarrak gero eta gehiago izan daitezen ahaleginduko gara udaletatik udalerrietan. Elebitasun pasiboaren estrategiak ere bultzatuko ditugu. Baina lehentasunetan lehentasun izango dugu euskara lehen hizkuntza gisa erabiliko duten herritarrak gero eta gehiago izatea, eta euskal hiztunek euskararen erabilera betea egitea.
- Udalaren hizkuntza politika garatzerakoan udalerrian ahalik eta adostasun eta atxikimendu sozialik handiena hezurmamitzen ahaleginduko gara, udalerriko arlo ezberdinetako elkarte eta organismoekin elkarlanean. Halaber, udalean ere bertako zinegotzi-taldeen arteko ahalik eta adostasun politikorik zabalenean oinarrituriko hizkuntza politika garatzen ahaleginduko gara. Euskara guztiona izateak guztien ahalegina eskatzen baitu, eta guztien ahalegina biltzeko guztien aldeko borondatea ez ezik nahitaezkoa baita guztien ikusmoldeak aintzakotzat hartzea. Plaza publikoan nahi dugu euskara, udal bakoitzeko ikusmolde guztien babesleku. Aniztasun eta bateratze horretatik segur ditu euskarak indarra eta arrakasta.

Bilbo, 2011ko otsailak 26.

PARTEKATU