Esker anitz guztioi gurekin bildu zaretelako.
Labur hitz egingo dut, nik baino lehenago hitz egin dutenek argi eta garbi azaldu baitituzte gure hautagaiek kantonetarako hauteskundeetarako dituzten proposamenak.
Nik ideia bat azpimarratu nahiko nuke. Pertsona batzuek agian pentsatuko dute, euskal abertzaletasuna, Euzko Alderdi Jeltzaleak defendatzen dituen ideiak eta egitasmoak, politikaren eta historiaren ametsezko ikuspuntutik datozela; Euzko Alderdi Jeltzalea, utopia baten alderdia baino ez dela. Hau da, Euskadi independente baten utopiaren alderdia, XXI. Mendeko erronkekin zerikusirik ez duten printzipioetan oinarrituta.
Oker daude. Eta uste dut oso zaila izango dela eusko abertzaletasuna, EAJ alderdia iragana dela eta tradizioa baino ez dela pentsatzen duen askori eritziz aldaraztea.
Egia da gutxi batzuek duten eta ia guztiek izan nahiko luketen zerbait badugula. Guk historia dugu, harrotasunez erakutsi ahal dugun historia. Demokraziarekiko, giza eskubideekiko eta Euskadirekiko konpromisoa mantendu dugun 115 urteko historia.
Baina beste hainbat gauza ere badugu. Euskal Abertzaletasuna, Euzko Alderdi Jeltzaleak defendatzen duen egitasmoa ongizateari lotuta dago, garapenari lotuta. Kontzeptu bi hauek autogobernuarekin eta euskaldunok gure inguruko gaietan izan behar dugun erabakitzeko gaitasunarekin lotuta daude.
Eta, datu eta erreferentzia hauek, hemendik hurbil ditugu. Lopez sozialista kudeatze lan okerra egiten ari den arren, eta Espainiar Estatu osoan inoiz eman ez den krisialdi latzaren erdian, Hego Euskadik Europako herrialde garatuen mailan dauden ongizate, enplegu eta etorkizunerako aurreikuspenak mantentzen ditu.
Euskadiko langabezi tasak, Espainiar Estatukoen erdia dira. Eta azken 30 urteotan Euzko Alderdi Jeltzaleak industria, aniztasuna eta berrikuntzaren alde egin duen apustuari esker, Estatu osoa arriskutan jartzea suposatzen duen krisiari aurre egiteko balio izan dute. Erakutsi egin dugu gauzak bestela egin daitezkeela.
Burua eta Bihotza. Benetan sinesten dut bi hitz hauek, bi kontzeptu hauek direla Euzko Alderdi Jeltzalearen kudeatzea eta ibilbidea zehazten dituztenak. Alderdi instituzionala gara, gobernatzeko eta kudeatzeko borondatea eta bokazioa duen alderdia gara. Eta gure interes eta jardun osoa, Euskadin hasi eta Euskadin amaitzen da.
Euskadik, Iparraldeak eta Hegoaldeak elkarturik, egunen batean Europan ahotsa izatea nahiko genukeen alderdia gara, eta beste estatuen maila berean, gure eskubide eta aldarrikapen guztiak defenda ditzagun.
Alderdi moderno eta europarra gara, Europar Alderdi Demokratan integratua. Zalantzarik gabe, Europar Batasuna behin betiko eta atzera pausurik eman gabe sendotzeko beharra, irmotasun handienez defendatzen duen alderdia.
Europar demokratiko eta askea, Europar guztiok partekatzen ditugun gauzetan oinarritua. Sinesmen osoa dugu subiranotasun partekatuen Europan.
Berriro esan nahi dut, alderdi moderno eta europarra gara. Eta, alderdi abertzalea gara. Horiek hirurak batean bildu ahal dira eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arima,burua eta bihotza osatzen dute.
Eta, hau guztia, bakean. Bakea, gure helburu eta gurarietako bat delako. Nagusiena, Bakea letra handiz. Euzko Alderdi Jeltzaleak oso argi du, lehen esandako guzti hau giza eskubideekiko errespetutik egin behar dela.
Besteek pentsatzen eta defendatzen dutenarekiko errespetutik. Bizitzarekiko errespetutik baino ezin da herri eta aberri bat eraiki. Giza eskubideak eta demokrazia dira herrien eta Euskal herri honen garapena eta etorkizuna errotzeko zutabeak.
Gure mezua hagitz argia da. ETA soberan dago. Eta ETAri eskatzen diogun gauza bakarra da desagertzea eta Bakean uztea. Eta, Ezker Abertzaleari zera esan nahi diogu: benetako politika egin nahi baldin badute, behin betiko urratsa emateko prest baldin badaude - ETAk egiten duena alde batera utzita- Euzko Alderdi Jeltzalea prest izango dute. Bakean, abertzaleen artean mundu oso bat dugu eraikitzeko bakoitza bere egitasmoa defendatuz eta besteenarekin eztabaidatuz. Hala izango ahal da, datozen hilabeteotan eraikitzen hasiko ahal gara?.
Hauxe da Euzko Alderdi Jeltzalearen mezua. Mezu bera da Iparraldean eta Hegoaldean. Pribatuan eta publikoan adierazten dugun mezua. Gardentasun eta zintzotasun osoa gure printzipioetan.
Eta, Kantonetarako hauteskunde hauetarako zabalduko dugun mezuaren zati bat ere bada. Egitasmo bat badugu Iparralderako. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Ziberuak osatzen duten Iparraldea. Kostaldea eta barruko aldea. Euskaditik eta Euskadirako egiten den garapen egitasmoa. Uste dut heldua dela Iparralderen unea. Iparralderen onena. Iparraldek bere ahotsa altxatu eta entzuna izan dadin. Bere interesak eta eskubideak defendatuak izan daitezen. Horixe da Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa.
Eta berriz esango dut, gure mezuak ez du tolesdurarik ez makurkeriarik. Ber-bera da
Pirinioetako Auñamendietako alde bietako nafarrentzat, bizkaitar eta zuberotarrentzat, gipuzkoar, lapurtar eta arabarrentzat.
Eskerrik asko.