Jose Ramon Beloki, Euzko Abertzaleak taldean Zientzia eta Berrikuntza gaietarako bozeramaileak erregistratu duen Mozioaren bidez Espainiar Gobernuari eskatzen dio Zientzia eta Teknologia Lege Egitasmoa eta 2010-2025 epealdirako Egitasmo Estrategikoa egin ditzan.
Diputatu jeltzaleak azaldu duenez "Zientzia eta Teknologia Lege berria behar da eredu berria zehaztuko duena, berrikuntzan eta ezagutza jasangarri eta globalizatuan oinarritutako gizartearen eta ekonomiaren beharrizanetara egokituko dena, eta agian, Estatuko Zientzia eta Teknologia Sistema osoaren gobernagarritasuna zehaztuko duena".
José Ramón Belokiren hitzetan "gida argi eta egonkorra egin behar da I+G+B osorako", eta horretarako funtsezko ardatz gisa ezarri behar dira "sistemaren globalizazioa, unibertsitateko mundua eragile nagusi gisa ikerketa munduan sartzea, parte hartze publiko eta pribaturako tresneriak eta jakina, instituzio arteko lankidetza estua, bakoitzaren ardurapeko eskumenekiko begirunearen markoan".
Era berean, Euzko Abertzaleak taldearen Zientzia gaietarako bozeramaileak aurkeztutako proposamenean Gobernuari eskatu dio "sei hilabeteko epean 2010-2025 epealdirako Zientzia Egitasmo berria egin dezan, helburuak, esku hartzeko esparruak, epeak, finantzaketa eta metodologia ezarriko dituena "eta, era berean " Estatu osoko ikerketa instalazio berezien mapa" itxuratuko duena.