Basauriko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak Loly de Juan alkate andrearen eta bere gobernu taldearen jarrera salatu du. EAJ-PNVk aditzera eman duenez gobernu taldea metroa egiteko lanen eta gainerako azpiegituren inguruko manipulazio nabaria gauzatzen ari da.
Basauriko EAJ-PNVk gogoratu nahi du udalak berak iragarri zuela ezinezko gertatuko zela metroa 2010eko udaberrian iristea; dena dela, Loly de Juanek berak duela aste batzuk esan zuen metroa hasiera batean ezarritako datan iritsiko zela. "Basauriko alkatea duela bi urtetik hona dago Bizkaiko Garraio Partzuergo barruan eta ez dakigu kontseilu horretan izatea dietak jasotzeko ote den ala komunikabide batzuek zabaldutako gezur eta erdizkako egien bitartez bere akats eta gai-gabeziak estali nahi ote dituen".
Horrez gain, atzerapen horren zioa Arizen gauez egiten ari diren lanetako hirugarren txanda kentzetik erator daiteke. Argitu behar da Arizko auzokideek Arartekoari laguntasuna eskatu ziotela udalak entzungorrarena egiten zuelako auzokideen eskari eta kexen aurrean. Bizilagunen aldeko ebazpenaren ostean bertan behera utzi ziren gaueko lanak. Txanda hori berori martxan jarri berri dute auzokideei aurretiaz ezer esan gabe eta metroa 2011 urteko udaberria baino lehen inauguratzeko xedez, hau da, udal hauteskundeak baino lehen.
"Halaber, komunikabideen bidez iragarri zaigu Basaurin tamaina handiko beste azpiegitura egingo dela, hau da, Sarratu aldean geltoki intermodala eraikiko dela".
"Basauriko EAJ-PNVk PP-PSOEren udal taldeari eskatzen diogu albait arinen azal dezala herriarentzat proposatzen dutena; behar besteko informazioa eman dezala eta informazioaren manipulazio interesatua egiteari utzi diezaioa". Halaber, EAJ-PNVk exijitzen du metroa egiteko lanek kaltetutako auzokideei entzutea eta beren eskari eta kezkei arreta ematea.