Iritzia
11Abendua
2009
11 |
Iritzia

Inorentzat medikua…

Iritzia
Abendua 11 | 2009 |
Iritzia

... eta nor bere buruarentzat bizargin ere ez. Horixe hartu nuen gogoan lehengo baten entzun nionean Espainiako presidenteordeetako bati autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen... Sahararentzat. Ene, ene!

Hori ez ezik, egunokin independentzia aldarrikatzen diharduen herri europar bat ere etorri zitzaidan gogora: Eskozia. Izan ere, Eskoziako baserritar baten pasadizoa erara dator haren aldarrikapenaren gogoarekin:

Eskoziako ekonomialari batek baziharduen galdekizun bat egiten hango nekazarien artean, abeltzaintzako baliabideak baserritarrek eurek zelan banatuko lituzketen jakiteko. Horrela, bada, hurreratu zen Eskoziako Goi Lurretako baserri batera, eta elkarrizketa hau jazo ei zen:

-Zuk zer egingo zenuke 150 ardi izango bazenitu? -galdetu zuen ekonomialariak.

-Nik 75 emango nizkioke auzoko baserritarrari, berak ere ganadua hazi ahal izateko -erantzun zuen baserritarrak-.

-Eta zer egingo zenuke 200 txerri izango bazenitu? -itaundu ekonomialariak.

-100 emango nizkioke baserria taxuz ipintzeko beharko lituzkeenari -atzera nekazariak-.

...

-Eta zer egingo zenuke 200 behi izango bazenitu? -berriro ekonomialariak-.

-Kontuz! Behiak eduki badauzkat-eta -amaitu zuen baserritarrak.

Pasadizo honek argi erakusten du, izenburuan esan legez, hainbatek egiten duela abadeak pulpitutik zioena: "Egin nik diodana, ez dagidana".

Betiere, Espainian badira inoren etxean sartzen direnak aholkuak ematen, euren etxeko bazterrak hautsez beteta dituztelarik. 1976. urtean autodeterminazio eskubidea Euskadirentzat aldarrikatu zutenek eurek urte gutxi batzuk geroago esaten zuten eskubide hori Hirugarren Munduko herrialdeentzat soilik aplika zitekeela. Tira, ba! Onezkoak egin ditzagun! Baina euskaldunok ez gara fidatzen kanpoko txerpolariekin.

Esaunda zaharrak zioenez: "Aholkurik ez du inork beretzat eta bai besteentzat". Guk harenak nahi ez ditugunetik, bejondeiola!

PARTEKATU