Diru-laguntza politika desegokia euskarazko hedabideen arazo iturri jo izan da askotxotan, eta joan zen irailaren 24an berriro gertatu da BERRIA egunkarian, aurreko Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideak indartzeko eta euskararen presentzia hedabideetan sustatzeko 2009. urtean emandako diru-laguntzei buruzko albistea, lehenengo, eta, EKTko zuzendari nagusi Joanmari Larrartek gai horren gainean idatzitako iritzi artikulua, ondoren, argitara eman direnean. Bai batean eta bai bestean egia ez diren gauzak esan ziren, nire iritzian; eta azken urteotako hizkuntza-politikaren jarraipena gertutik egiteko aukera izan dudanez gero, argitaratutakoari buruz zenbait argibide eta iruzkin bat edo beste egin nahi diet BERRIAren irakurleei.
2009. urtean Hedabideak deialdian 2008. urtean baino 186.000 euro (%3,36) gehiago banatu dira 122 egitasmoren artean. Hazkunderik azpimarragarrienak, on line argitalpenetan, informazio orokorreko eta espezializatuko aldizkarietan eta irratietan gertatu dira, hurrenez hurren %36, %7,13 eta %4,37ko hazkundea izan baitute. Aurreko urtearekin alderatuta, aldiz, jaitsiera bakarra multzo batean gertatu da, erdarazko hedabideek argitaratzen dituzten gehigarrien multzoan hain zuzen, iaz baino %6,24 gutxiago banatu baita aurten. Beraz, albisteak zioen: «Igoera handiena, erdarazkoentzat», ez da egia, multzo horretan jaitsiera gertatu baita.
Era berean, EKT enpresari BERRIA egunkaria argitaratzeko laguntzak %14,6 gehitu zaizkio 2005-2009 legealdian; hau da, 204.313 euro gehiago jaso ditu; eta urtez urte aurkeztu dituen -eta notiziak aipatzen ez dituen- bestelako egitasmoetarako hainbat laguntza ere jaso ditu herri-aginteetatik, besteak beste, notizia-gai den deialdi horretatik bertatik.
Hala eta guztiz ere, euskarazko hedabideak sektore estrategikotzat hartu eta sendotzeko abagunea dela dio Larrartek bere artikuluan. Arrazoia dauka, bete-betean asmatu du. Eta halaxe ikusi dute aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren erantzukizuna izan dutenek ere, 2005-09 epealdian laguntza zuzenak %51 gehituta. Eta laguntza zuzenen gainera, ehunka mila euro gehiago (2008. urtean 540.000 euro) bideratu dira urtero euskarazko hedabideen sustapenerako: UKAN berrikuntza sarirako -euskarazko hedabideen berrikuntza proiektuak bultzatzeko-, UKAN publizitate sarirako -enpresa irabazleari sariaren zati esanguratsu bat euskarazko hedabideetan inbertitu beharra ezarriz-, eta euskarazko hedabideen kontsumoaren aldeko publizitate kanpainetarako. Beraz, eragin beharreko puntutzat artikuluan aipatutakoak ez dira berriak Eusko Jaurlaritzarentzat, aurreko legealdi osoan zehar horretan jardun baitu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Besterik da, zilegitasun osoz, interes propioak dituen eta zaindu behar dituen komunikazio-talde jakin bateko zuzendaria bat ez etortzea egin denarekin. Baina, jakina, egindakoarekin bat ez etortzeak ez du esan nahi egindakoa egin ez denik.
Larrarteren aburuz onartezina da diru-laguntzen ebazpena irailera arte ezagutu ez izana. Hori ere urteotako politika desegokiaren isla da, antza. Euskalgintzako hainbatek aitortu dutenez, ordea, diru-laguntzak kudeatzeko epeak nabarmen murriztu ziren aurreko legealdian. Nahikoa da gogora ekartzea, urte bakoitzeko laguntza-deialdia aurreko urte amaierarako onartu eta argitaratu dela azken urteotan eta ebazpena onuradunei ekain bukaerarako jakinarazi zaiela. 2009. urteko Hedabideak deialdiko laguntzak aztertzeko eta ebazteko balorazio-batzordeak Aste Santu aurretik finkatu zituen diru-laguntza proposamen guztiak, sektoreak ongi dakien bezala.
Euskarazko hedabideen estrategikotasuna aipatzean, beraz, bikain azaleratzen du Larrartek arazoaren muina. Ados horretan. Estrategikotasunaren ondorioz egin beharreko etxeko lanak, ordea, beti inori leporatzea ez da konponbidea; herri-administrazioari leporatzen bazaio ere ez; ez horixe. Okerreko bidea hartu du EKTko zuzendariak nire iritziz. Estrategikotasunak jarrera berritzaile eta autokritikoa edukitzea eskatzen die protagonistei: bide berriak bilatzeko eta hazteko, lankide berriak irabazteko eta egiten den produktua irekiagoa eta euskaldun guztion gustukoa izan dadin. Hau guztiau diot, hain zuzen ere, estrategikotasunaren ikuspegitik, diru-laguntzak gorabehera, garrantzitsuena aipatzea falta zaiolako nire ustez: irakurleak eta ikus-entzuleak. Izan ere, euskarazko hedabideek herri-aginteen babesa behar dute, iraun eta garatzeko; alabaina, euskarririk sendoena irakurleak eta ikus-entzuleak izango dituzte, duda barik. Hedabidearen nondik norakoak finkatu, edukiak osatu eta kaleratzen duenari dagokio irakurleak eta ikus-entzuleak mantendu eta, ahal bada, gehitzea. Txarra ez, hortaz, nork bere buruari galdetzea, besteak beste, euskaraz ondo moldatu eta euskarazko produktuak kontsumitzeko gauza den lagun kopurua urterik urte gorantz doan moduan joanda, ea maila berean ote doazen gorantz euskarazko hedabideen eta BERRIA egunkariaren irakurleak.
Estrategikotasunaren izenean, «alda dezagun diru-laguntzen politika» dio aurrerago. «Urteetako politika desegokia»-ri esker, bada, BERRIAk eta Hitzak, besteak beste, paperezko bertsioetarako, 1.969.404 euroko diru-laguntza jaso dute 2009an (on line bertsioetarako laguntza gehitu behar zaio horri). Zeozertxo bada; zeozertxo baino apur bat gehiago ere. Diru-kopuru hori gutxietsi eta arazoaren muina diru-laguntza murritzetan dagoela sinestarazten saiatzeak bide laburra dauka. Zorionez, ordea, badakigu euskarazko hedabideen sektorean hainbat direla euren buruekiko jarrera zorrotza eta perspektiba autokritikoa duten eragileak: perspektiba estrategikoan ari direnak, alegia.
Horra, nire uste zintzoan eta hausnarketa estrategikoa benetakoa izan dadin, BERRIA argitaratzen duen taldeak ere egin beharko lukeen gogoeta, baldin eta dituen irakurleak mantendu eta berriak irabaziko baditu. Izan ere, hausnarketa estrategiko benetako batek zera eskatzen du lehenik eta behin: zer egin dezakeen galdetzea nork bere buruari. Nork bere buruari galdetu beharrean, kanpoko faktoreei bakarrik begiratuz gero, arazoak bere horretan jarraituko du. Euzko Abertzaleak taldeak, orain arte legez, euskarazko hedabideak indartzeko lanean jarraituko du, kanpoko faktore horiek hutsik egin ez dezaten.