Euskadi, gure aberri bakarra
2009ko Aberri Egunaren ospakizuna dela eta, Euskadi nazio bat dela aldarrikatu nahi dugu. Nazio gisa zor zaizkion eskubideak dituen nazioa. Ondare historiko, sozial eta kulturala duen eta Europako Herrien baitan kokaturik dagoen berezko nortasuna duen Herria gara. Pirinioen alde bietan bi Estatuen artean zazpi lurraldeez osaturik dagoen Herria.
Gure helburu politikoa Euskal Herria, subjektu politiko gisa, eta marko politiko eta juridikoaren baitan, bere etorkizun politikoa erabaki ahal izateko eskubidea bermatzean datza: autodeterminazio eskubidearen onarpena eta euskal gizartearen erabakien errespetua bermatzen duten prozedurak.
Euskadi da EAJren bizi nahia eta mende bateko historian zehar gizarte eta nazio eraikuntza izan dira alderdi honen motor eta gidari.
Martxoaren 1ean autonomi hauteskundeak burutu genituen hiru euskal lurraldeetan. Emaitzak zalantzan jarri ezinak izan dira. EAJk eta bere hautagai Juan Jose Ibarretxek argitasun osoz irabazi dituzte hauteskundeak: 400.000 boto eta 30 legebiltzarkide. Bigarren geratu den alderdi politikoak baino 8.000 boto gehiago lortu ditugu, hau da, bost legebiltzarkide gehiagok ordezkatuko gaituzte Legebiltzarrean.
2001 urtean hasi zen hauteskunde norgehiagoka hau estrategikoa izan da. Alderdi konstituzionalistek, legezkotasunaren nagusitasunetik, hauetan urte guztietan, "hobekuntzak" barneratu dituzte beraien egitasmo politiko bateratuan. Joko demokratikoaren arauak aldatu dituzte eta euskal gizartea bere osotasunean Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izatea eragotzi dute.
Espainia egitasmoa berdintzeko helburua partekatzen dute. Duela 70 urte ere bazegoen euskaldunon arazoa euskal abertzaletasuna zela pentsatzen zuenik, eta hau arrazoitzeko honako hau idazten zuten: "Espainiaren helburua euskal herria babestea da buruzagirik gaiztoenek eraman nahi duten patutik askatzea, euskal herriak propaganda abertzalearen menpean eman duelako bere burua; baina euskal herriko buru argienek, balio unibertsaldun euskaldun guztiek, espainiarrak dira bihotzez eta maitasunez sentitzen dute Espainiaren etorkizun batu eta unibertsala". Hauek ziren José Antonio Primo de Riveraren hitzak.
Bere errealitatea ez den besterik onartzen ez duen nazio espainiarraren aurrean esan nahi dugu aberrikide sena ez dagoela inposatzerik. Sentipen guztiekin gertatzen den bezala, errespetatu egiten dira, elkarrekiko begirunezko eta berdinen arteko garapenezko bermeak arautuz, edo bietako bat inposatzera eramaten da eta gatazka iraunkor eta amaigabeei hasiera ematen zaio.
Ukatu egiten dituzte Euskal Instituzioetako gehiengoek babestu dituzten proposamen eta egitasmoak; aldi berean zuzendu nahi dute Lur planeta honetako zibilizazioen arteko hitzarmena. Ia gai guztietan iritzi kontrajarriak dituzten alderdi politiko biek Hego Euskal Herriko jarduera egitasmorako ardatz bakarra eta partekatua dute: "Espainia berdindua" izenarekin deituko genukeen bat egiteko egitasmo politikoa. Akabatu nahi dituzte aberri aniztasuna eta oinarri demokratikoari zor zaion errespetua, hauek direlarik nazio arteko bizikidetzarako sistema demokratikorako jarduera lerro nagusiak.
.- Koherentzia falta sozialisten presa dela eta.
PSE eta PPren arteko akordio politikoaren jatorria hauteskundeetako emaitzen irakurketa zuzena egin ez izanaren ondorioa besterik ez da, eta hori ordaintzen da; euskal gizarteak ordainaraziko die. PSEk plan bat diseinatu zuen askoz emaitza hobeekin, baina euren itxaropenak ez zirela bete ikusi zutenean, plana aldatu eta benetako eszenatoki politikoa onartu beharrean, prozesua azkartu zuten, atzerabiderik izan ez zezan. Herri ikuspegiari "epe laburra" gailendu zaio eta horrek kontraesan mordoa eragiten du.
Gobernuaz jabetzeko presak ez die utzi euren koherentzia faltaz kezkatzen. Zein formula erabiliko dute euskal gizartearen benetako desafioei aurre egiteko eta krisialditik irteteko? Alderdi Sozialistak proposatzen dituenak eta emaitzarik eman ez dutenak edo Partidu Popularrak nahi dituenak eta guztiz desberdinak direnak? PSOEk autonomia guztietan egin duen bezala, estatutuaren erreformari helduko dio? Edo, PPk beti adierazi eta jadanik akordioaren testuan susmatzen den bezala, horrek Espainia apurtzen duela ulertuko dute?
Non kokatuko dute Gobernuari gutxieneko koherentzia emateko ardatz ideologikoa, baldin eta eskuin muturreko eremua utzi ez duen partidu batek eusten badio Gobernu horri? Zer egingo dute euskararekin? Patxi Lópezek Miramar jauregian emandako hitzaldi lasaigarri horretan adierazi zuena edo Basagoitik adierazi berri duena eta adostasun zabal-zabala hausten duena?
Nola hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ordezkaritzak? Gure autogobernuaren lanabestzat eta, ekonomia bultzatu nahian, euskal enpresen presentzia atzerrian bultzatzeko bidetzat? Edo burutazio subiranistatzat?
Laburbilduz: ez dira ados jarri programaren gai bakar batean ere, modu orokorrean bakarrik; hala ere, zergatik izan zaie hain erraza elkarrekin bat etortzea boterea lortzeko?
.- Ez gara Madrilgo joko taktikoaren menpean egongo.
Gainera, orain kontua da geratzen ari denari buruz guk geure iritzia ez ematea nahi dutela eta isilik egotea. Baina jakinarazi behar dizuegu Partidu Sozialistak eta Partidu Popularrak eratutako gobernu batekin gizarte desberdinari eusteko bermea mehatxupean dagoela.
Nahi dute Madrilgo joko taktikoaren menpean egon gaitezela, Zapatero eta Rajoyren interesen menpean, bai eta politikoki batere arazorik sorraraziko ez duen erabaki marko baten menpean ere.
Alabaina, hori ez da gure objezio nagusia; azken batean, helburuekin bat etorri ez arren, eskubidea dute eta ona da euskal gizarteak jakitea zeintzuk diren euren benetako helburuak. Etsigarriena, hala ere, zera da: gezurra hainbesteko lotsagabekeriaz esan izana eta segituan ahaztu zaizkien balio zehatz batzuk erabili izana.
Orain zuzentzen gatzaizkie desengainua hartu dutenei, Patxi Lópezi bota eman ziotenei, aldaketa, frontearen kontrako politika... agindu zizkielako... Orain zuzentzen gatzaizkie gobernu integratzailea agindu zuen Partidu Sozialistari sinetsi ziotenei. Horiek guztiek ondo dakite sozialistek gizarteari ziria sartu diotela, kanpainan zeharkakotasuna behin eta berriz aldarrikatu dutela eta fronteari oratu diotela hautsontziak itxi eta "Patxi Lehendakari" oihuak entzuten hasi orduko. Harrezkero, euren ustetan, desberdinen arteko akordioa jadanik ez omen da beharrezkoa euskal gizartearentzat...
Egiazko errealitatea erakutsi behar dugu, eta hori beharrezkoa den guztietan egingo dugu. Baina balio zehatz batzuk erabili izana geroago guztiz kontrakoa egiteko, ez ditu inola ere ezeztatzen orain mesprezatzen dituzten balio horiek. Hori bai, eurak orain ez dira nor, balioon buru agertzeko eta horien alde egiteko.
Gure agirietan egiazta daitekeenez, guk taktikoa ez zen eskaintza bat jarri genuen mahai gainean, ez botereari eusteko, baizik eta sinismen sakon bati erantzuteko, urrutik datorren eta gizarte honekin daukagun elkarrizketari esker helduz joan den uste sendo bati, hain zuzen ere. Ondo gogoratuko duzue EBBko buruaren agintaldiaren printzipio programatiko bezala ezarri zela orain dela urte eta erdiko barne aukeraketan.
Martxoaren 5ean, EBBko negoziazio batzordeak -EBBko buruak, herrialde ordezkaritzetako buruok eta Ibarretxe lehendakariak osatutakoa- zintzo planteatuko zien sozialistei fronterik gabe gobernatzeko akordio bat eta ez dizuegu gogorarazi behar zein izan zen euren erantzuna. Kontuak kontu, oraindik ere sinesten dugu balio horietan eta ez diegu utziko hauteskundeetako amu modura erabil ditzaten.
Aurrerantzean ez dugu uste integrazio gaitasunez hitz egiten ausartuko direnik aurpegia lotsagatik gorritu gabe. Eta berriro ere gogorarazi behar diegu Euskadin desberdinen artean izandako gobernu esperientzia guztiak Euzko Alderdi Jeltzaleak gidatu dituela eta horrela egiten jarraituko duela, euskal gizarteak, hauteskundeetako deialdien bidez, kontrakoa eskatzen ez badigu.
Batzuek diote Alderdi honek ez duela jakingo zer egin oposizioan edo apurtuko dela, baina, Euzkadi Buru Batzarrak bi gauza, bi konpromiso ziurtatzen dizkizue abertzaleentzat hain garrantzitsua den egun honetan: gure batasuna ez da ahulduko eta ez dugu zentraltasuna galduko, ezta erreferentzia instituzionala ere.
.- Oposizioan izango gara gobernuan izan garena.
Partidu instituzionala gara, inor ez baita hainbeste borrokatu euskal erakundeen alde, erakundeak berreskuratzeko, eguneroko lanarekin egonkortzeko eta Espainiako estatuak bultzatutako desnaturalizazioaren aurka defendatzeko, betiere ETAk deslegitimatzeko egindako ahaleginen aurrean. ETA sobran dago eta herri honi traba besterik ez dio egiten. Eta gauza bat diotsuet: pentsatu baino lehenago, bere burua ezker abertzale ofizialtzat daukanaren sirena kantak entzungo ditugu berriro ere.
Eta alderdi abertzalea gara, Sabino Aranak gure proiektua definitzeko erabili zuen esaldi apal baina sentimenduz, ilusioz eta handitasunaz betea defendatzen eta duintzen duena: "Euzkotarren aberria, Euzkadi da". Gure aberri bakarra Euskadi da.
Oposizioan gobernuan izan ginena izaten jarraituko dugu. Euskal gizarteak beste behin ere egiaztatuko du gure erantzukizun zentzua, herri honekin dugun konpromisoa, bai eta gure sendotasuna eta indarra ere, eta gutxi barru berretsiko digu herri hau gidatzen segitzeko duen konfiantza. Baina gauza bat ziurtatzen dizuegu: beti-beti egingo dugu egia erabiliz.
Izan ere, PSEk bere agintaldia eraikiko du gezurraren, ahultasunaren eta mendekotasunaren gainean: Madrilen mendekotasunaren gainean eta Partidu Popularraren mendekotasunaren gainean. Iruzur egin dio agindu zuenari, eta euskal gizarteak ez dio inola ere barkatuko.
Hemendik aurrera, etorkizuna gure esku besterik ez dago, eta egon behar dugun lekuan egongo gara. Gure afiliatuei, jarraitzaileei eta aldekoei lan egiteko esan nahi dizuegu, gobernuan egon ginean baino gehiago lan egiteko, eskuratu dugun emaitza onarekin ez konformatzeko... Horrekin eta beste erakundeetan eta hurrengo hauteskundeetan egingo dugun lanarekin berretsiko dugu gizarte honen ardatz nagusia garela.
"Azkenean" oposizioan "omen gaudela" ospatzen ari direnei gogorarazi nahi diegu gure historian zehar urte askoan oposizioan baino leku txarragoetan egon garela. Inork ezin digu irakasgairik eman, ehun urte baino gehiago dituen Alderdi honen bizitza erdia inposatu diguten ilegalitatean eta erbestean igaro delako.
EAJ-PNVn ondo baino hobeto ikasi dugu sufrimendua amorru edo erresumin bihurtu ez zuen belaunaldiaren irakasgaia; belaunaldi horrek erabaki zuzenak hartzen, lan egiten eta bere momentuaren zain egoten jakin zuen. Oposizioan egotea (eta batez ere hauteskundeak alde handiz irabazi ostean), ez da Agirrek, Leizaolak, Irujok, Ajuriagerrak eta horien belaunaldi osoak jasan behar izan zuten egoera bezain larria; gainera, egoera hori guztion artean kudeatzen jakingo dugu adimenarekin eta ikuspegi baikorrarekin.
Azken egun hauetan EAJk herri hau gidatzen jarraituko duela esaten genuenean, ez genion men egiten oposizio arduragabe bati, Eusko Jaurlaritzaren kontrako boteretzat har litekeen oposizio bati. Guztiz gauza nabarmena azpimarratu nahi genuen: alderdirik bozkatuena eta gizarte honen benetako erdiko bidea garela, alegia. Hartara, ordu zailak ailegatzen direnean edo fronteko gobernu hau agortzen denean, euskal gizarteak gu egotea nahi izan duen tokian egongo gara eta erantzukizuna geure gain hartzen jakingo dugu, finkatu dugun proiektua oinarri.
Badakizue zergatik eman diguten hainbeste herritarrek botoa?
Badakitelako guri herri hau baino ez zaigula interesatzen, arreta bertan jarrita daukagula, ez dugula nahi bestelako helburuak lortzeko, guretzat Euskadi Aberria dela. Euskadi maite dugu eta arduratsuak izango gara beti Euskadirekin.
.- Europa, gure helburu nazionalen eszenatokia.
Hurrengo ekainean berriro ere izango ditugu hauteskundeak, Europako Parlamenturako hauteskundeak, hain zuzen ere. Guretzat hauteskunde deialdi garrantzitsua da. Argi eta garbi utzi behar dugu aurreko hauteskundeetako arrakasta handia euskal gizarteak behin eta berriz ematen digun, EAJ-PNVri ematen dion konfiantza sakonean dagoela. Baina gu, Euskadiko abertzaleak garen aldetik, eta guretzat Europak irudikatu duena eta irudikatzen jarraitzen duena kontuan hartuta, ezin ditugu hauteskunde hauek manipulatu, bestelako gauza bat, etxekoago bat, jokatuko balitz bezala.
Azken urteotan Europa eraikitzeko prozesuak izan dituen gorabeherak eta ekarri dituen desilusioak alde batera utzita, guretzat Europak gure helburu nazionalen benetako eszenatokia irudikatzen du, bertan subiranotasun absolutuak kolokan jartzen direlako eta lankidetzarako ikasbidea abian jartzen delako.
Hori dela eta, EAJ-PNVk beti egin du Europaren alde, nahiz eta jakin gaur egungo eredua ez dela egokiena eta ez duela ahalbidetzen estaturik gabeko nazioen uztardura aski onik. Sinetsita gaude Europa euskaldunon horizontea izango dela XXI. mendean. Estaturik gabeko nazioen auziari erantzunik eman ez dion arren, lan marko bat finkatu du eta bertan erabakitasun askeari buruzko gaiak negozia daitezke. Lehenengo lerroan egon behar dugu Europako integrazioan aurrera egin behar denean, eta Europako aniztasun politiko eta kulturala egituratzen lagundu behar dugu.
Badakigu zer daukagun jokoan. Erabakitzeko daukagun gaitasuna gaur egun sendotzeak esan nahi du -gero eta garrantzi handiagoarekin- gure autogobernuari eragiten dioten erabakietan modu aktiboan esku hartu behar dugula Europako prozeduretan. Europako Batasuneko erabakietan parte ez hartzeak, zalantzarik gabe, dakar estatukide konposatuen botereen banaketan oreka aldatzea.
Auzi hori konpontzen ez den bitartean, Espainiako estatuak kanpoan jokatuko du bere egitura instituzionalari ez dagokion moduan. Euskadirentzat funtsezkoa da integrazioan aurrera egitea eta, era berean, gure ahots propioa eta politikan jarduteko gaitasuna izateko prozedurak aurkitzea, estatuen menpe egon barik.
.- Europako interdependentzien eszenatokian izango gara Euskadi modura.
Estatu-nazioaren oinarri tradizionaletan finkatzen den Europako Batasun batek ezin ditu gure itxaropenak asebete. Guretzat esperimentu itxaropentsua da Europa estatuen, nazioen eta gizarteen arteko harremanak egituratzeko bide berria jorratzen dabilen laborategia bihurtu izana; gurea eta erkidea, batasuna eta aniztasuna, birdefinitzeko eremu berria da, interdependentziaren eszenatokia, alegia.
Horregatik, Europako Batasuneko arauzko ordena korapilatsuak pentsamendu konstituzional berria behar du, nazio, lurralde eta subiranotasunari buruzko triada zaharra sakratutzat jotzen ez duen pentsamendu konstituzional berria. Europar proiektuaren berezitasunak erabaki eremuak birformulatzea ekarriko du, errealitate eta eragile berriekin.
Izan ere, Europan egon nahi dugu herri honen gehiengo soziologikoaren ikuspegiarekin; eta, ildo horretatik, garrantzi handikoa da gogoratzea non dagoen Euskadirekiko benetako zentraltasun eta erantzukizuna.
Euskadik hortxe jarraituko du printzipio horiek aldatzen direnean.
Gora Euskadi Askatatuta - Gora ta gora beti
Euzkadi Buru Batzar - Aberri Eguna - 2009ko apirilaren 12an