Hitzaldia
20
Urtarrila
2009
Hitzaldia

ETORKIZUNARI BEGIRA

Hitzaldia
20
Urtarrila
2009
Hitzaldia

Deusto Forumeko hitzaldia

SARRERA

Euskal gizartearen ardura nagusia, une honetan, ekonomiaren egoera da, krisia bera eta krisi horrek eguneroko bizitzan izan dezakeen eragina. Denok galdetzen diogu geure buruari ea krisiak eragingo ote digun, eta, bereziki, nola ari zaion dagoeneko enpleguari eragiten, enplegua baita gure lehentasunezko konpromisoa.
Hori da gure kezka nagusia, eta, horrekin batera, euskal gizarteak bakea eskatzen jarraitzen duela. Herri honetan, gehiengo erabatekoak gaitzetsi egiten du irmoki bortxakeria, eta elkartasuna eta hurbiltasuna agertzen die terrorismoaren biktimei. Eta frustrazioa eta nekea sentitzen ditu konponbiderik ez duela irudi duen arazo baten aurrean.
Hala eta ere, ez dugu etsitzen. Arazoei ezikusia egin ordez, inteligentziaz eta ausardiaz egin behar diegu aurre. Arazoei aurre egin, ezikusia egin ordez. Konponbideak bilatu, nahiz eta zailak izan. Ez geldirik geratu, euskal gizartearen arazoen konponbidea aurkitu arte. Hori izan da gure jarrera, eta hori izango da aurrerantzean ere.
Krisitik atera eta susperraldia datorrenerako prestatu geure burua. Bakearen alde lan egin. Euskal herritarren borondatea errespetatuko duen hitzarmen politiko bat bilatu. Baloreen gizartearen alde egin. Euskadi munduan kokatu. Politika gizatiarragoa bihurtu, pertsonengandik hurbilago egon dadin lortu. Horiek dira gure helburuak. Eraiki, suntsitu ordez. Gure konpromisoa aurrera egitea da, ez geratzea. Herritarrak aintzat hartzea, herritarrengandik urrundu ordez.
Helburu horiek lortzeko bi tresna ditugu: Euskal erakundeak, eta, batez ere, pertsonak. Pertsona zintzoak, gai direnak, solidarioak, herri honekin konpromisoa dutenak.


GURE HELBURUAK ETA KONPROMISOAK

1.- Krisitik ateratzea eta geure burua susperraldia datorrenerako prestatzea.

Egin diezaiogun aurre krisiari!
Herri honek lortu du nazioartean arrakasta-eredu gisa begiratu diezaioten, iraganean krisi ekonomiko bat gainditzeko gauza izan ginelako, geure ahalegin hutsez. Orain, antzeko erronka bati egin behar diogu aurre. Badugu eskarmentua, denboran zehar egiaztatua, eta badakigu zer egin behar den indarberriturik ateratzeko. Baina ez dago soluzio magikorik. Ahalegina da gakoa, erabakiak geuk hartzea.
Gure erakundeak garbiak dira, eta gure enpresak prestaturik daude. Gure ekonomia produktiboak gure inguruko ekonomiek baino pisu erlatibo handiagoa du. Oso oinarri sendoak ditu. Ez gara, beraz, kikilduko. Irmotasunez egin behar diogu aurre egoera honi, krisia gainditzeko eta gure eredu sozio-ekonomikoa hobetzeko. Eta lehenago antzeko egoera batzuetan egin genuen bezala egin beharko diogu aurre: konfiantzarekin, konpromisoarekin eta lanarekin.
Euskal gizarteak, historian zehar, ondo egindako lanaren kulturaren aldeko apustua egin izan du, eta, kultura horrek zorroztasuna, erantzukizuna, zintzotasuna eta herri honetako gizon eta emakumeen konpromisoa izan ditu oinarri. Hauxe da krisitik irteteko bermerik onena: denok onarturiko baloreak, gizarte honetako jendearen gaitasuna eta eguneroko konpromisoa.
Krisitik ateratzeko beharrezkoa da herri honen errealitate ekonomikoa eta enpresa-errealitatea sakon ezagutzea, enpresak banan-banan ezagutzea. Errealitate horrekin batera bizitzea; herri honentzat eta herri honen alde lan egiten duten pertsonen kezkak ezagutu eta ulertzea. Guk ondo ezagutzen dugu herri hau.

Gure erakundeek badute eskarmentua herri honen gidari izateko krisia gainditzeko eta konfiantza eragiteko bidean. Gizarteak konfiantza du euskal erakundeetan. Erakundeek eta gizarteak elkarrekin egindako ahaleginari esker, euskal ekonomia sasoian ibili da azken hamar urteetan. Euskadi hazi egin da, eta ongizate- eta garapen-maila handiak lortu ditu.
Euskal erakundeek etorkizuna aurreikusten jakin dute, aurre hartzeko gaitasuna izan dute, eta etor zitezkeen arazoetarako neurriak jartzen. Ekonomia errealaren eta produktiboaren aldeko apustua egin dugu, adreiluaren eta irabazi errazaren kulturaren aurrean. Euskal erakundeek industria-ehunaren, kalitatearen eta berrikuntzaren alde egindako apustuak argi erakusten du nola prestatzen duen herri osoak bere burua etorkizun horretarako, nola begiratzen dion etorkizun horri. Madrilen hartutako erabakien mende egongo bagina, nazioarteko krisiaren ondorioek gogorrago eragingo ligukete, lehenbizi ukatu eta orain aurre egin ezinean ari diren krisi horrexek. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Euskadiren Ekonomia Azkartzeko Plana abiarazi dugu, Euskadiren garapenerako. Plan honen bitartez, gure herriko azpiegitura estrategikoetarako aurreikusitako inbertsioak aurreratzen ari gara.
Gainera, mahai gainean jarri dugu jarduera produktiboak finantzatzeko neurri-sorta bat, inbertsioei eta nazioartekotzeari laguntzeko, eta gure enpresa-ehunaren likidotasuna indartzeko, eta, hori, elkarri bermea emateko sozietateen bitartez eta hazkunde produktiboari laguntzeko funtsen bitartez egingo dugu.
Gure konpromisoa irmoa da: euskal enpresa lehiakor eta bideragarri bakar batek ere ez du likidotasun-arazoengatik “ito” behar.

Baina are eta gehiago egin behar dugu. Presazkoena, gure kezka nagusia, une honetan, enplegua da. Eta aurre egin behar diogu, berrikuntzekin, erronka horri. Enpresen bideragarritasunaren alde egiteaz gain, lanik gabe dauden pertsonei aukera eman behar diegu ordaindutako prestakuntza-prozesu batean parte hartzeko, lan-merkatura itzultzeko eginkizunari bermerik handienarekin aurre egin diezaioten. Autoenpleguaren aldeko apustu estrategiko bat ere egin behar dugu: enpresa berriak sortzeko diru-laguntza garrantzitsuak eskainiko ditugu.
Ezin ditugu ahaztu, ezta une batez ere, gorriak ikusten ari direnak. Ez da inor bazterrean geratuko. Gobernu honek estatu espainiarrean denik eta gizarte-babeseko sistemarik aurrerazaleena onartu du, eta ez dugu atzera pausurik egingo, zailtasunak zailtasun. Gizarteratzeko diru-sarrera minimoa, oinarrizko errenta edo gutxieneko soldata berdindu arteko pentsio osagarriak, ez dira pribilegioak, bidegabekeria historikoak ezabatzeko bitartekoak dira. Etorkizunik izango bada, gizarte-babeseko sistema zabaldu eta hobetu egin behar da, ez murriztu.
Krisi ekonomikoa gainditzea, enplegua sortzea, gizarte-babesa bermatzea, euskal erakundeek badute ahalmena horiek guztiak gainditzeko, gure autogobernuarekin. Autogobernu zabalagoa eta geure erabakiak hartzeko ahal handiagoa, horiek dira euskal gizartean ongizate handiagoa eraikitzeko bermea.
Horrexegatik ez dituzte ulertzen gure herri honetako herritarrek autogobernuaren garapen osoa ukatzen dituzten politikak, Estatu espainiarrak Gernikako Estatutua ez betetzea justifikatzen dutenak, esaterako.
Herritarrek ez dituzte ulertzen ekonomia-ituna blindatzearen aurkako alderdikeriak, aurrezki-kutxen bateratzearen kontrakoak edo enplegu-politikak eta gizarte-segurantza kudeatzeko eskumenen kontrakoak. Jarrera politiko batzuek erakunde-sistema ahuldu egiten dute eta ez digute gure ekonomiarekin, gure enpleguarekin, azken batean gure ongizatearekin zerikusia duten hainbat gauza lantzen eta erabakitzen uzten. Ez dago jarrera politiko horiek ulertuko dituenik.
Prestatu egin behar dugu geure burua, susperraldia datorrenerako!
Aterako gara krisitik. Une hau hobeto aprobetxatu behar dugu, geure burua hobeto prestatu eta gure etorkizuna bermatzeko. Horretan ari gara. Badakigu nolako etorkizuna nahi dugun. Ziurtatu nahi dugu gaurko gazteek, gure seme-alabek, lan egiteko eta mundu globalizatuan lehiatzeko prest dagoen gizarte batean bizitzeko aukera izatea. Hori dela eta, hiru konpromiso hartuko ditugu etorkizunerako: berrikuntza, berdintasuna eta hezkuntza.

Kulturarekiko konpromisoa:
Ilusioa eragiteko moduko erronka dugu herri honentzat. Azken urte hauetan, Euskadi Europan berrikuntzaren eredua izateko oinarriak ezarri ditugu.
Norabide horretan jarraitu behar dugu, eta inbertsio publikoa eta pribatua dinamizatuko ditugu, berrikuntza izan dadin gure herri honen hazkunde ekonomikoaren motorra, gaur eta bihar.

Berdintasunarekiko eta gizarte-orekarekiko konpromisoa
Gizarte orekatu bat, gizarte osasuntsu, kohesionatu eta erronka kolektiboei aurre egiteko gaitasun handiagoko bat da.
XXI. mendean, gizarte-politika garatzeak, oreka eta justizia sozialeko faktore izateaz gainera, aukera berrietarako bidea ere ematen du. Gure osasun publikoa etengabe hobetzea –Europako hoberenetakoa da-, adinduentzako zerbitzuak eta gizarte-prestazio berriak dira datozen urteetarako enplegu-gune berriak.

Hezkuntzarekiko konpromisoa:
Hezkuntza da gizarte-integrazioa, enplegugarritasuna eta mundu globalean nortasun propioa garatzeko oinarririk sendoena.
Euskadik, gaur egun, eskola-porrotaren tasarik txikienetakoa du Europan. Ikasleko inbertsio- eta gastu-ratioak, herri honetan, Estatuko handienetakoak dira.
Hauxe da bidea:
Hori dela-eta, indartu egingo dugu hezkuntzan eta irakasleak hezten egin beharreko inbertsioa, Euskadi eredu izan dadin mundu guztian hezkuntza-politiketako bikaintasunagatik.


2.- Bakea lantzea

Oso momentu garrantzitsuan gaude, eta gure ahalegin guztiak krisi ekonomikoa gainditzera bideratu beharko genituzke, baina indarkeriak gure herriaren eguneroko bizitza kutsatzen jarraitzen du, eta nabarmen mugatzen du herritar guztientzat ongizatea sortzeko daukagun gaitasuna.
ETA ez da bateragarria oinarri-oinarriko balore demokratikoekin, eta gure gizartean baliorik handiena duen horren kontra egiten du, hau da, pertsonen kontra.Ez dago ezer, ezerk ez du merezi, pertsona bat hiltzen baduzu. ETAren terrorismoa argi eta garbi gaitzetsiz gero, eta biolentzia horren kontra sistema demokratikoak dauzkan baliabide guztiak aktibatuz gero, ETAren jardueraren deslegitimazioa sendotuz joango da gizartean, eta joera horrek ez du atzerabueltarik izango.
Bakea lantzeko, lau konpromiso etikoren inguruan egin behar dugu lan:
Lehenengo eta behin, ETAren biktimek ondoan gauzkatela sentitzea lortu behar dugu. Lan handia egin dugu biktimekin eta biktimen alde. Baina oraindik bide luzea daukagu egiteko. ETAren atentatu bakoitzak biktimen errealitate tragiko eta bazter ezinaren aurrean jartzen gaitu. Gizarte osoak ez du modu berean sufritzen. Batzuek gehiago sufritzen dute eta arreta berezia merezi dute. Biktimengandik are eta hurbilago egon behar dugu. Bakea lortzea eta gatazka politikoen konponbidea bereizi egin behar dira, eta denok konpartitu behar dugu irizpide hori.

Bigarrenik, gorago jarri behar dugu jarduera politiko eta instituzionalaren langa edo muga etikoa. Gure herriko edozein erakundetan onartu beharreko baloreak izan behar dira, batetik, bizitza errespetatzea eta, bestetik, pertsona guztien giza eskubide guztiak defenditzea. Printzipio horiek behar bezala aplikatzeko, akordio etiko bat lortu behar da alderdi politikoen artean, eta albo batera utzi behar dira itxuraz etikoak izan arren abantaila politikoa lortzeko asmoz egiten diren ekintzak. Indarkeria ezin da erabili arazo politikoei irtenbidea bilatu beharra justifikatzeko, ezta irtenbide hori eragozteko ere.
Hirugarrenik, guztion artean, bakearen aldeko gizarte-olatu bat eragin behar dugu: Giza Eskubideen kultura hedatzeko sare sozial bat, edozein eratako biolentziaren babesa desaktibatu ahal izateko.
Laugarren erronka gure jokabide politikoen gaineko gogoeta egitea da; hau da, alderdi politikoen arteko elkarrizketa eragozten ari den kultura demokratiko honen gaineko gogoeta egin behar dugu. Elkarrizketa politikoaren kontrako epaiketa bat izan dugu, eta badirudi ez dela ezer gertatu. Praktika politiko honek ez digu uzten normaltasunez hitz egiteko esertzen, herritarrei gehien eragiten dieten arazoak zuzenean eztabaidatu ahal izateko. Eta horri buruz, egin beharko dugu autokritikaren bat. Ezin da pertsonen oinarrizko eskubideak argi eta garbi murrizten dituen lege bat babestu, hau da, Alderdien Legea babestu, eta gero, lege horren emaitza zitalak azaltzen direnean beste leku baterantz begiratu.


3.- Baloreen gizartearen alde egitea

Euskal gizartea aldatzen ari da; baita jarrera eta baloreei dagokienean ere. Garapen ekonomiko iraunkorrak, bakearen bila aritzeak eta herritarrekin harremanak izateko modu berriek XXI. menderako herri-eredua osatuko dute.


Gaur, gizarte moderno eta konplexuek gizarte-kohesioaren erronkari egin behar diote aurre; aniztasuna eta dibertsitatea integratu beharra dute.
Gure apustua balore hauek bultzatzea da: elkarbizitza, askatasuna eta giza eskubideen errespetua, norbanakoaren erantzukizuna eta erantzukizun kolektiboa, ahalegina eta berrikuntza, elkartasuna eta kooperazioa, aniztasunak dakarren aberastasuna onartzea. Horiek dira, hain zuzen ere, gizarte-jardueran nagusi izan behar duten eta gure etorkizuneko ezaugarri izan behar duten baloreak.

4. Euskadi munduan kokatzea

Gaur, gure etorkizuneko proiektua, mundu globalizatu honetan nortasuna izango duen Euskadi eraikitzea da. Euskadi munduan kokatu nahi dugu; hori da gure erronka. Eta etorkizun hori akordioan oinarrituta eraiki nahi dugu.
Euskadiren etorkizuna eraikitzeko, euskal gizartearen borondatea onartzea eta errespetatzea funtsezko printzipioak dira gure herrian. Akordio politiko bat lortu behar dugu eskubide horretan oinarrituta. Akordioa lortzeari uko egitea arazoaren konponbide demokratikoari uko egitea izango litzateke, bai eta gure Herriak normalizazioan oinarritutako etorkizuna izateari uko egitea ere.
Euskal erakundeek izan behar dute akordio horren gidari. Eta, era berean, euskal erakundeek hartu behar dute Estatuarekin akordio bat lantzeko ekimena, euskal herritarren borondatea errespetatuko dela bermatzeko.
Inguru global honetan euskal nortasun irekia egituratzeko lan egin behar dugu, Euskadi zimendu sendoen gainean eraikitzeko, barrura begira zein nazioartera begira.

Mundura begira jarri behar ditugu euskal erakundeak eta gizartea. Aniztasun handiagoa izango duen gizartea, gizarte modernoago eta berritzaileagoa eraikitzea da gure helburua. Euskadik gure Herrian sinesten duten pertsona guztien buruzagitza elkarbanatua behar du.
Erakunde publiko eta pribatuen arteko etengabeko lankidetza eta gizarte osoaren talde-lana bultzatu behar dira. Euskadik, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, bere ekintza-esparrua zabaldu beharra dauka; munduko herrialde, eskualde eta gunerik aurreratuenekin harremanak izateko bide berriak ireki behar ditu, eta jakintza sortzeko eremurik aurreratuenetan egin behar du hori. Gure herria nazioartera irekitzea eta munduan gure interesak defendatzea: hori da gure konpromisoa.
Horretarako, guk geure erakunde-sistema indartzen jarraitu behar dugu, geure politikak garatzeari ekin behar diogu, ekonomia, gizarte eta politikaren esparruan ongizate maila handiagoa lortzeko, eta, era berean, erabakitzeko eskubidean oinarritutako akordio politiko zabala lortzeko lan egin behar dugu.
Oinarri horiek izango dituen akordio politikoa lortu behar dugu. Akordioa lortzeari uko egitea arazoaren konponbide politikoari uko egitea izango litzateke, bai eta gure Herriaren etorkizunari uko egitea ere.
Akordio faltak ezin du Herri hau blokeatu. Horrek ezin du gure etorkizuna gelditu. Akordio faltak ezin du gure erakundeen garapena geldiarazi. Gure erakunde sistemaren ahalmena garatzen eta hedatzen jarraitu behar dugu.
Ez euskal gizarteak, ezta euskal erakundeek ere, ezin dugu onartu akordioa lortzeari modu sistematikoan ezetz esatea. Ezin dugu onartu posizio politiko jakin batzuek gure erakunde-sistemaren hazkunde eta garapena modu sistematikoan eragoztea.

Ba al daki inork, azalduko al dio baten batek herri honi, zergatik ez den betetzen estatutu-ituna? Zeren kontua ez baita, soilik, estatutu-ituna bete gabe uztea edo Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren erabakiei muzin egitea; kontua da batzuek ekin eta ekin dihardutela, behin eta berriz, euskal erakunde-sistemaren garapen-bide normala errespetatu ezinean: ekonomia-ituna behingoz ondo babesturik utzi ez, euskal herritarrei iritzia eskatzeko legea errespetatu ez, Batasunarekin hitz egin zuela-eta Lehendakaria auzipetu, enplegurako eta gizarte-segurantzarako transferentziak baimendu ez, eta abar. Euskal erakundeek normal-normal garatu eta hazi beharra daukate.
Ezin dugu etsi eta elkarrizketari uko egitea onartu. Elkarrizketa, alderdi eta erakunde arteko elkarrizketa, ezinbestekoa da.
Alderdi arteko eta erakunde arteko elkarrizketa bultzatu egin behar da. Elkarrizketaren bidez, akordio politiko batera iritsi behar dugu, eta akordio horren bidez, blokeo-aldi alfer honi amaiera eman eta beste garai baterako ateak zabaldu behin betiko, eta beste garai berri horretan denok ikusi behar dugu gure asmo eta jomugek badutela lekua.
Euskal gizartea akordio bat eta autogobernu-sistema bat eskatzen ari da, eta badaki haren bidez zer-nolako herri-egitasmoa garatu nahi duen: ekonomia berriztatu zalea, gizarte-zerbitzuak zabaldu eta modernizatu zalea, esparru estrategikoak garatu zalea, ongizatea eta bizi-kalitatea areagotu zalea. Horretarako, gure autogobernu-gaitasuna bete-betean garatu beharra daukagu.
Euskal erakundeak eta Eusko Jaurlaritza erreferentzia-esparru dira euskaldunentzat. Eusko Jaurlaritzak bere enplegu-politika egin dezakeela ukatzen duena edo euskal kutxen bategitea oztopatzen duena gure erakunde-sistema ahultzen eta zatikatzen ari da.

Gure erakundeak oinarri hartuta, euskal gizarteak aurrera egin behar du, eta norabidea ere badakigu: zer nahi duen aukeratzeko eta erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa eta ongizate handiagoa. Gure erakundeen etorkizuna dela-eta ezinbestekoa da denontzako moduko ikusmolde bat sendotzea. Herrigintzak ezinbestekoa du ikusmolde hori.
Gure buruzagitzak, gure herri-egitasmoak behar duen buruzagitzak alegia, Euskadiren interesak tinko defendatzen jakin behar du.
Eta ekonomiaren, gizartearen eta politikaren arloan guk geuk geure erabakiak hartzeko gaitasuna apaldu eta ezabatu nahi duenak ezin du euskal buruzagi-lana aurrera eraman. Askotarikoen akordioak ez du zerikusirik beto-eskubidearekin. Zein zeharbide dago ba hor? Hauteskunde-kanpainetako esaldi erretorikoak alde batera utzita, behar dugun askotariko akordio horretan onartu beharko da gizarte honek baduela bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea, inork ezertara behartu gabe.
Sentsibilitate politiko guztiak biltzeko moduko akordioa behar dugu.
Gaur, inoiz baino gehiago, elkarrizketa behar dugu, akordioetara iritsi behar dugu, gizartea eskatzen ari zaiguna errespetatu, eta erakunde-sistema aurreratua lortu, gure Herriak dituen erronkei aurre egin ahal izateko.

5.- Giza legezko politika. Kultura politiko berria.

Euskadi bera eta Euskadiren etorkizuna denon erronka da, eta buruzagitza elkarbanatua beharko du.
Euskadi lurralde askotarikoa da. Baina, askotariko errealitate horrek ezin badu inoiz ados jarri, banaketa da horrek dakarrena; ordea, askotariko errealitate horrek gauzak elkarrekin bizitzeko gaitasuna baldin badu, horrek aberastasuna esan nahi du.
Euskadik hainbat erronka estrategiko handi dauka aurrez aurre. Baina erronkarik handiena da taldean lan egiten ikastea.
Taldean lan egiten badugu, denok gara irabazle, ez dago galtzailerik.

Euskadik kultura politiko berri batean oinarrituriko buruzagitza elkarbanatua behar du. Izan ere, gaur egun, taldean lan egin ezean, ezinezkoa da aurrera egitea, ezinezkoa da ezer konpontzea. Elkarrekin lan egin beharra daukagu, eta erabakiak azkar-azkar hartzen jakin.
Buruzagitza elkarbanatu horren adibiderik onena legealdi honetan Eusko Legebiltzarrean 48 lege berri onartu izana da, inoiz ez bezain besteko kopurua. Itxuraz behintzat, egoera konplexua genuen, gure herria bera bezalaxe, baina elkarrekin hitz egiteko gai izan gara eta legebiltzarreko indar guztiekin akordioetara iristeko gai izan gara. Garbi-garbi erakutsi dugu egin daitekeela, eta ona dela gure herrirako.
Gaur egun, ezinezkoa da gizartearen beharrei arlo publikotik soilik erantzutea. Derrigorra da erakunde publikoek eta gizartea ordezkatzen duten erakundeek lankidetzan jardutea.
Euskadik lankidetza-sare baten modukoa izan behar du, irekia eta malgua. Gu geure kasa ez gara inora iritsiko. Sarean lan egin behar, hartara, diagnosietara elkarrekin iristeko eta arazoak elkarrekin konpontzeko.
Denon artean harreman sendoagoak eta hobeak behar ditugu. Gizartearen eta harremanen haize freskoa behar du gure egitasmoak. Izan ere, gizartea konplexua bada, buruzagitzak elkarbanatua behar du izan, inolako zalantzarik gabe.
Gure herria eraikitzeko bidean, badira erronka nagusi batzuk, nahitaez akordioen bidez zuzendu beharrekoak, eta alderdi politikoen arteko ezberdintasun zilegizkoek eta eztabaida politikoak ezin dute, behin eta berriz, akordio horietara iristeko oztopo izan.
Eztabaidetan eta herritarren partaidetza-prozesuetan, herritarrak egon behar du denen aitzinean. Derrigorra da haren partaidetza, bai politika publikoak taxutzeko, bai gure herriaren erronka estrategikoei aurre egiteko.
Herritarraren partaidetza bultzatzeko ardura dugu, ahaleginak batzeko; hartara, nola hobetu jakiteko, zilegitasun handiagoa lortzeko, eraginkorragoak izateko.

Garai zirraragarriak bizi ditugu, eta ezinbestekoa da politika eraginkorra egitea eta herritarrekiko harremanetarako bide berriak urratzea. Gaur egun ondotxo dakigu denok herritarraren partaidetza beharrezkoa dela erronka global berriei aurre egiteko. Orduan, bada garaia hitzak egia bihurtzeko. Mahai gainean ditugun erronka handiei konponbide zehatzak eman, eta iraultza demokratiko honek gure eguneroko lanean zer esan nahi duen zehaztu; hori da guk egingo duguna.
Krisi ekonomikoa gainditzeko, guk geuk geure erabakiak hartzeko premia dugu, eta zuzenean gurekin zerikusia duten gainerako gai guztietan ere halaxe egin nahi dugu.
Gure herri-bizitzan, euskal gizartea hortxe egon da, zuzen-zuzenean parte hartuz. Gure gizarteak ez du erantzukizun zibiko eta politiko guztia politikariengan eta erakundeetako arduradunengan soilik utzi. Ez gara horrelakoak izan.
Errealitate hori oinarri demokratiko funtsezkoa da gure herriaren etorkizunari aurre egiteko.
Partaidetza diogu, bai, arlokako arazoei aurre egiteko, baina baita gure herriaren etorkizunerako funtsezkoak diren arazoei aurre egiteko ere, esate baterako bakea eta normalizazio politikoa. Euskal gizarteak badu eskubidea bere etorkizuna erabakitzeko eta herria eraikitzen zuzenean parte hartzeko.
Gure gizarteak iruten duen ehuna eta gure erakundeek iruten duten ehuna zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta indar handiagoa izango dugu nahi dugun etorkizuna eraikitzeko. Gure egitasmoan, ezinbestekoa da herritarra ere hortxe egotea, hau da, herritarrek parte hartzeko prozesu estrategikoak bultzatu behar ditugu.
Badakigu politikatik kale gorrira zer-nolako tartea dagoen; erakundeetatik gure herrietako gizon-emakumeen eguneroko bizitzara zer-nolako tartea dagoen. Tarte hori laburtzeko eta politika giza legeen neurrira eramateko ahalegina egin behar dugu. Eta bereziki gazteak gogoan hartuta egin behar dugu ahalegin hori, bestela, beren bidetik joango zaizkigulako, eta gero alferrik izango da zer gertatu den galdetzea. Funtsezkoa dugu horretan saiatzea, eta berehala egin behar dugu gainera.


Azken gogoeta

Herri hau langilea eta ekina da, zintzoa, badaki hitza ematen eta betetzen, eta asmatuko dugu krisi ekonomikoa gainditzen. Lehenago ere bizi izan dugu antzeko egoerarik, eta jakin dugu aurrera egiten. Badakigu halakoetan zerk balio duen eta zerk ez, eta testuinguru konplexu honetan, etorkizunera begira, balio duen bide horretan egin behar dugu aurrera. Lanari bi eskuekin heltzen badiogu, krisi honek mundu globalizatu honetan gure lekua indartzeko aukera emango digu.
Datozen hauteskundeetan, euskal gizarteak etorkizunerako zein herri-eredu nahi duen aukeratzeko modua izango du. Euskal erakundeek denon aurrean argi erakutsi dutenez, guk geuk geure erabakiak hartzea da euskal gizartearen ongizatea eta garapena bermatzeko modurik onena. Guk geuk geure erabakiak hartuz, geure herri-nortasunari bizirik eutsiko diogu eta mundu globalizatu honetan gogor lehiatzeko gai izango gara.
Euskal gizarteak garbi hitz egiteko eskatzen digu denoi. Ezinezkoa da marketin-kanpainen bidez zurikeriak eta gezurrak estaltzea. Gauzak garbi esan behar dira, eta batez ere, emandako hitza bete egin behar da. Akats asko egin dugu, ez dago zalantzarik; eta umil-umil hala onartu besterik ez dugu, baina zintzo jokatu dugu beti, leial eta garbi.
Begira diezaiogun etorkizunari. Gogoa pizteko moduko etorkizuna dugu, oinarrizko bi zutabe dituena: nork bere kasa eta taldean lan egiteko gaitasuna, eta guk geuk geure erabakiak hartzeko gaitasuna.
Eskerrik asko.
PARTEKATU