Iritzia
07Iraila
2008
07 |
Iritzia

Zabal bidea konponketari

Iritzia
Iraila 07 | 2008 |
Iritzia

Euskal gizartea sinetsita dago euskal gatazka politikoa bakea eta normalizazio politikoa binomioaren bitartez konponduko dela. Azken finean, bi konpromisoren arteko lan bateratuaren emaitza izango da: BAI bakean elkarbizitzeari eta BAI euskal gizarteak libre eta demokratikoki erabakitzeari». «Horrela, EAJ-PNVren ustez, alderdi politikoek eta erakundeek, akordioa lortzeko borondatean oinarrituta eta beto mota guztiak gaitzetsiz, euskal gizarteari konponbideak eskaintzen ahalegindu beharko dute. Blokeo egoerak aurreikusita, komenigarria litzateke euskal gizarteak berak, herri kontsulta bezalako tresna demokratikoaren bitartez, existitzen diren oztopoak gainditzen lagunduko digun eta guztiok herriaren borondatea errespetatzera derrigortuko gaituen prozesua onetsiko balu». Hauek EAJren Txosten Politikoko bi pasarte dira, 2007ko abenduan Batzar Nagusian onarturik, alderdikide guztiak lotzen dituena. EAJren aurreko urteotako pentsaera ageri da horietan eta, halaber, datorren aldiko ekinbidea. Hala, Euskal Herriaren baketzea eta normaltze politikoa iristearen alde lan egiten duen alderdi honek, konponbide duina nahi du herriarentzat, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik abiatuz.
Une politiko honetan eta, aurreko uztailean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko Presidenteak eta PSOEko idazkari nagusiak eta Mariano Raxoi PPko presidenteak izandako bileraren arrastoan, bi buruzagien ikuspegi bakar bat dugu aurrez aurre eta horrek bazterrean utzi ditu bakea eta normalizazio politikoa adierak. Ikusten ari gara izaera politikoa duen arazo historikoa epaitegien eta poliziaren esku uzteko erabakia azaldu dutela, bat eginda, Rodriguez Zapaterok eta Raxoik. Bi alderdietako buruzagiek badakite jakin hori ez dela konponbidea. Hala ere, arazoaren izaera desitxuratzen saiatzen dira erantzukizunik gabe jokatuz. Berena egiteko, gezurra erreparorik gabe erabiltzen dute kultura politiko berdintzailea lege bihurtzen, euskal berezitasunaren arrastorik gera ez dadin. Izan ere, ezin dute eraman abertzaletasunezko euskaltasuna eta ahaleginak eta bost egiten dituzte gure gizarteak memoria galdu eta bere buruaz jabetzeari utz diezaion, halaber, gure arazo politikoaren irtenbidearekiko asper-etsi dezan eta axolagabetu dadin.

Egoera hau ez da gaur goizekoa. Ezta Euskal Herria ere. Guk konponbide berri bat nahi dugu Herri zahar honentzat. EAJ, bere gizon-emakumeak, gure Herriaren izateko eta irauteko eskubidea hots egin eta gauzatzeko gaude, euskal egitateari egokitutako bake eta normalkuntza formula jator eta propioak sortuz. Une honetan, Lehendakariak eragindako Herri Kontsulta jarri digu eskura Eusko Legebiltzarrak, Jaurlaritzako hiru alderdien, Aralarren eta EHAKren legebiltzarkide baten aldeko bozek lege bihurtuta. Kontsultan ditugu artikulu honen hasieran aipatutako binomioaz itaun egiten duten eta, aldi berean, erantzun ematen duten bi galderak. Konponketarako bide bat da Herri Kontsulta. Gaur-gaurkoz, gizalditako arazoaren konponketa eraikitzen hasteko oinarria: batetik, konponketa elkarrizketatua eta zuzena ETAren indarkeriazko adierazpen bidegabeari, hau sufrimendu iturria baita pertsonarentzat eta gizartearentzat; eta bestetik, konponketa elkarrizketatu eta negoziatua alderdi politiko guztien artean inor kanpoan utzi gabe, Euskal Herriaren barne- nahiz kanpo-antolaketa politikoa adosteko, horren atzerapenak etengabeko sufrimendua ekartzen baitio pertsonari eta giza taldeari. Ez litzateke demokratikoa ez zuzena izango herriari Kontsulta egitea galaraztea Epaitegi Konstituzionalean babestuta. Hori beto politiko hutsa genuke, Zapaterok bere eskuz ezarria, PPk lagundurik. Gizartea Kontsultara deitzeko eskumena gora-behera, hau ez da epaileek garbitzeko auzia, politikoek konpontzekoa baizik. Auzia politikoa delako. Beraz ba, garaia da bakoitzak bere neurri politikoa erakusteko eta demokraziaren benetako izaera eta esanahia azaltzeko. Garaia da Herri honen alde honetan gizarteari hitza eta bakea emateko.

Gogoeta hau amaitzeko, beste erronka bat dugu gogoan: hasierako bake eta normalizazio politikoaren bikoteari, adiskidetzearen ibilbide luzeak segi beharko dio. Bazterrera utzi beharko dira mendeku eta umilazio joerak, gizabanakoa eta giza taldea zapaldu besterik ez dute egiten eta; halaber, piztu egin beharko da gatazkaren ondorioak pairatu dituzten guztien onespena eta sendotu barkatzeko indarra eta besteari ona opa izateko kemena, norbanakoarentzat nahiz gizartearentzat eragile askatzaileak baitira. Desafio hirukoitza, beraz, lehen urratsa eginez urratu beharrekoa: Erkidego honetako euskal gizarteari entzunez eta bere esana eginez. Horra, bada, Euskadin bake zuzen eta iraunkorra egiaz lantzeko konpromisoa duen indar sozial eta politiko ororen eginkizuna.

PARTEKATU