Euskara erabiltzen den lurraldean esparru juridiko desberdinak daudenez, euskararen aitortzari dagokionez alde handiak daude. Horrela Iparraldean, frantziar estatuan, euskarak ez du ofizialtasun izaerarik. Hegoaldean, espainiar estatuan, bi esparru daude: EAE non euskara gaztelaniarekin batera ofiziala den eta Nafarroako Foru erkidegoa non euskara soilik lurraldearen zati batean den ofiziala betiere gaztelaniarekin batera. Eremu administratibo desberdin horietan guztietan euskara hizkuntza ofizialtzat ez irizteak lege aldetik oso zailtzen du bere babes, sustapen eta iraupena. Fran-tziar estatuan esaterako, ia 65 milioi biztanle mintzatzen da frantsesez eta horietatik 10 milioi inguru dira gainera euskaraz, katalanez, bretoieraz edo besterenbatez hitzegiten dakitenak. Aldiz konstituzioaren 2. artikuluak frantsesa jotzen du hizkuntza ofizial bakar bezala eta euskara eta gainontzeko guztiei ez zaie inolako hizkuntza-eskubiderik aitortzen. Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetu arren, Frantziak ez dauka berretsita, beraz, praktikan ez du eraginik. Hortaz, euskarak lapurdi, behenafarroa eta Zuberoan nolabaiteko izaera juridikoa izan dezan 2. artikulua aldatu beharko litzateke. Frantziako Senatuak uko egin berri dio, Legebiltzarrak onartu bezala, Konstituzioa aldatu eta bertan besteekin batera euskara ondare bezala jasotzeari. Sozialistek bultzatua omen da ezezkoa. Datozen egunotan senatuak hizkuntza gutxituak Frantziako ondare izandatzea onartuko ote duen esperoan dabiltza iparraldean, nahiz eta konstituzioaren moldaketa 75. artikuluan egin nahi den, hots, kolonia garaian baliatzen zen artikuluan, zeinean menpean hartutako herrien aipamena egiten den. Eta hori gutxi balitz, aldaketa hori eskatzen dutenen aldarrikapenei erantzunez frantsez hizkuntzaren akademiak esan berri du konstituzioaren aldaketarako egitasmorik aurrera ateratzea 'identitate nazionalaren' kontrako erasoa izango litzatekela. Gehiengo frantsesek soilik dute aukera beraien izaera eta identitatea babesteko eskubidea, beraientzako bakarriak pentsatuak dira 'liberté, egalité eta fraternité' .
Espainiar estatuan formalki bada ere egoera hobea daukagu. Espainiako Konstituzioak estatuko hizkun-tzen oinarrizko arauketa ezartzen duen 3. artikuluan dio "Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz" eta "Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du". Nafarroan, euskaraen foru legeak zehazten ditu hizkuntza ofizialei dagozkien eremu eta xedapenak. Bere hitzaurrean dio 'hizkuntza gizartearen funtsezko euskarria dela, talde-identifikazioarako elementu, elkarbizitza eta ulermenerako faktore' eta 'komunitatearen berezko historiaren ezaugarri eta lekuko'. Ez du argitzen zein hizkuntzaz ari den. Aldiz errealitateari erreparatuz, nafarroan 606.000 biztanle inguru daudela eta %11k soilik euskara dakiela ikusita, agerikoa da ez dela ari Lingua Navarrensisez, gazteleraz ari dela. Antza, hiztun kopuruak ematen dio aipatu maila, ohore eta aitorpena hizkuntzari, napar euskaldunen identitate eta hizkuntza eskubideak, aipatu ere ez, bada ezpada.
EAEn euskara koofiziala denez arazoak aspaldi behar luke konponduta, aldiz errealitatea oso bestelakoa da. Hizkuntza ofizialei dagokionez Autonomia Estatutuan, hots, Gernikako Estatutuaren 6. artikuluan, Euskal Herriko berezko hizkuntza den euskarari hizkuntza ofizialaren izaera aitortzen zaio gaztelaniarekin batera, herritarrek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutelarik.
Hain zuzen ere helburu horrekin Eusko Jaurlaritzak urteak darama-tza legeak ematen dion berme eta babesarekin euskarari dagokion ezagupena erdiesteko helburuarekin. Hala ere ildo horretatik ematen dituen arauek kritika zorrotzak jaso ohi ditu PSOE eta PPren baitako gizarte esparruetatik. Eusko Jaurlaritzako sail desberdinetatik herritarron hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko neurri, lege eta dekretuek ez dituzte begi onez ikusten. Azken kasua izan da herritar kon-tsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Industria Sailetik aurkeztu den dekretuari egin zaizkion lekuz kanpoko protestak. Eusko Jaurlaritzak egiten duen hizkuntza politika eta euskararen aldeko lan handian dabiltzanen etengabeko susmo eta desprestigioa ari du.
EAEko biztanleok ofizialak diren bi hizkuntzetatik aukeratutakoa zeinahi dela ere, gure eguneroko bizi-tzan naturaltasun osoz moldatzeko aukera izatea bermatzen diguten arauak ez omen dira zenbaitzuren gustukoak. Konstituzioak erkidego bakoitzari aitortzen dion hizkuntza aniztasuna aintzat hartu gabe gaztelera babesteko plataformak sortzen dira, ez espainiaren sinbolo eta identitatearen izenean, ez, demokrazia eta modernitatearen izenean. Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua etengabe goraipatu baina ez ezagutu ez errespetatu ez betearazten ez duten Espainiar estatuko alderdi politiko nagusien eta sortu berri zaien alderdi espainiarzale sutsu ustez aurrerakoiaren baitako EAEko biztanle interesatu eta insolidarioak soilik ari dira etengabe gure esparru politikoan ofiziala den hizkuntza behin eta berriz jomugan jartzen, zikintzen, iraintzen, lintxatzen. Inongo lotsarik gabe. Inongo eskubiderik gabe. Inongo argudio demokratikorik gabe. Euskara legez ofiziala den eremu administratibo honetan, euskaldunok, euskara ama hizkuntza dugunok, euskara maite dugunok, euskara ikasteko eskubidea eta aukera izan nahi dugunok, euskara erabiltzeko eskubidea nahi eta exigitzen dugunok, euskaraz bizi nahi dugunok, guk ez omen dugu zer esanik, gu ez gara inor, gu egundoko eragozpena besterik ez gara, espainiar nazioaren hizkuntzaren (hots, identitatearen) hedapenean.
Azkeneko inkesta soziolinguistikoaren arabera EAEn hirutik bat da elebiduna eta 16 urtetik beherakoen artean %66a. Duela 15 urte 16 eta 24 urteen arteko gazte elebidunen por-tzentaia %15ekoa bazen orain %55ekoa da. Datuen zurrunbiloan sartu gabe argi dago euskararen ezagutzaren hazkundea Eusko Jaurlaritzak bideratutako hizkuntza eta hezkuntza politikaren ondorio dela. Beti asmatu ez bada ere, egiteko asko badago ere, besteak beste EAJ eta EAk zuzendutako gure instituzioak izan dira euskararen egoera habetu eta koofizialtasun errealerantz neurriak hartu dituztenak, ekinean, poliki, bai, baina geldialdirik egin gabe. Alderdi politiko espainiarzaleetatik oztopoa da nagusi. Modu interesatuan interpretatzen dituzte datuok, era guztiz konszientean, ongi bait dakite beraien hauteslegoak ez duela begi onez ikusten euskaren alde egin behar duten ahalegina. Elebakar gehienek ez dute euskara beharrezkoa zaiela sentitzen baina era berean beharrezko egingo duen neurriak hartzen direnean kritika gogorrak egiten dizkiete euskal administrazioari. Kopuruak ematen dieten indarrean babestuta daude.
EAEko instituzioetan ardura daukagunok nola edo hala ulertarazi behar diegu elebakarrei hemen bizi diren heinean euskarak aberastu egingo dituela, euskal izatea, euskal identitatea ezagutzeko bidea emango diela, ez diotela ezeri uko egin beharko, elkarbizitzaren izenean, euskaldunok jaiotzetik egiten gabiltzan ahalegin berbera egin beharko dutela, ez gehiago ez gutxiago. Instituzioetatik, euskara etorkizunean osasuntsu ikusi nahi bada, neurri irudimentsuak hartu beharko ditugu, betiere, borondatea, atxikimendua eta legea dosi egokietan aplikatuz.