Elkarrizketak
03Abuztua
2008
03 |
Elkarrizketak

Berria

Elkarrizketak
Abuztua 03 | 2008 |
Elkarrizketak

«Sinetsita nago galdeketak konponbidea ekarriko duela»
Edurne Begiristain Gasteiz

Arabako Diputazioan estreinatu berri duen bulegoan hartu du BERRIA Xabier Agirre ahaldun nagusiak (Gasteiz, 1951). Gorbeia mendiaren argazki erraldoi batek kolore zertzelada ematen dio bulegoari. Politikaren zurrunbilotik ihes egiteko denbora luzez argazkiari begira geratzen dela aitortu du Agirrek. Lasaitasuna ematen dio. Hurrengo urterako elkarrizketan euskaraz erantzuten saiatuko dela dio, oraingoz ez baitu bere burua horretarako gai ikusten, astero euskara klaseak jasotzen dituen arren: «Lotsa handia ematen dit».

Urtebete joan da ahaldun nagusiaren kargua hartu zenuenetik. Zer diozu orain arte egindakoaz?

Urtea emankorra eta baikorra izan da, eta uste dut gobernu osoaren izenean baiezta dezakedala hori. Lehen urte honetan, bereziki, foru ibilgailua berraztertu eta atzera martxan jartzera bideratu ditugu indarrak. Izan ere, aurreko foru gobernuak kudeaketan utzitako etenari buelta eman behar izan diogu. PPko gobernutik hamaika arazo hartu dugu oinordetzan: besteak beste, foru gobernuaren 256 milioiko zorra, AP1 autopistaren 50 milioiko gain-kostua, Ariznabarrako zahar etxearen auzia, gazte etorkinentzako zentro baten gabezia, Alava erietxearen auzia, Arkeologia museoaren atzerapena eta horren gain-kostua... Arazo horien kudeaketa egin eta Araba prestatzeari denbora asko eman diogu, berriz ere garatzen has dadin. Edonola ere, ez dut gustuko iraganera begiratzea eta nahiago dut botila erdi beteta ikusi. Uste dut gobernu eta arduradun politiko baten sinesgarritasuna hitzemandakoa betetzen denenean lortzen dela, eta, alde horretatik, argi esan behar dut inbestidura saioan hitzemandako 56 konpromisoetatik%60 beteta edo betetzear daudela.

Zuri dagokizunez, politikan bezain baikorra ari da izaten Arabako ahaldun nagusiaren lana?

Estresa, nekea eta ardura handia dakar kargu honetan egoteak, baina, dudarik gabe, esan behar dut arabar batentzat bere herrialdeko diputatu nagusi izatea baino ohore handiagorik ez dagoela. Oso pozik nago, benetan.

Diputazioaren egonkortasuna bermatu nahi izateak ez al du EAJ PSEren esku uzten?

EAJ beti egongo da prest beste alderdiekin hitz egiteko eta akordioak lortzen saiatzeko. Baina kontuan hartu behar da alderdi sozialistak babesak behar dituela Gasteizko Udalean eta jeltzaleek Diputazioan. Eta, hain justu ere, EAJk PSErekin lortu du adostasun handiena Aldundian, eta adostasun horrek asko pozten nau. EAJrentzat alderdi sozialista da lehentasunezko solaskidea, baina ez bakarra. Ni prest nago edozein alderdi politikoarekin hitz egiteko eta akordioak lortzeko.

Haatik, EAE-ANVk eta Ezker Batuak leporatu dizuete ez duzuela beraiekin akordiorik saiatu nahi izan eta sozialisten menpe aritu zaretela.

Politikan gaudenontzat ezinbesteko araua da oinak lurrean izatea. Ulergarria da oposizioak gisa horretako gauzak esatea, baina errealitatea oso bestelakoa da, EBko batzarkide baten edo EAE-ANVren lau batzarkideen babesa ez delako nahikoa aurrekontuak aurrera ateratzeko. Gehiengo zabalen beharra dago zenbait gauza onartzeko, eta ez Ezker Batuak ez EAE-ANVk ez didate gehiengo hori bermatzen.

Aurrekontuak onartzetik haratago, zertan egiten du bat EAJk PSErekin?

Aurrekontuetan akordioa lortu izanak agerian uzten du gai askotan oso antzeko ikuspuntuak ditugula. Gizarte politikei bultzada ematea, esaterako, lehentasunezkoa da bai EAJrentzat bai PSErentzat. Gisa horretako adostasunak izateak ekarri du, besteak beste, aurrekontuetan akordioa lortzea.

Arabako Biltzar Nagusietako Mahaiak EAE-ANVren taldea desegitea erabaki zuen, aho batez. EAJk ere erabaki hura babestu zuen, baina ondoren adierazi zenuen ez zenuela bat egiten Garzonen autoarekin. Ez da kontraesana?

Lehenik eta behin, azpimarratu behar dut Mahaiak ez dituela alderdiak eta taldeak legez kanpo uzten edo desegiten. Auzitegi Nazionaleko agindua heldu zenean Mahaiak hura betetzea beste irtenbiderik ez zuen. Ez da zilegi esatea Biltzar Nagusietako Mahaiak desegin duela EAE-ANVren taldea. Hori esanda, argi daukat alderdiak legez kanpo uzteak, komunikabideak ixteak eta abarrek ez dutela herri honetako gatazka konponduko.

Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketaren legea baliogabetu du. EAJk nola erantzun beharko lioke erabaki horri?

Politikan horrenbeste urte aritzeak ematen duen eskarmentuak erakusten dizu ez dela egokia orga idien aitzinean jartzea. Nik nahiago dut Konstituzionalaren erantzuna itxoitea horren ostean zer pauso eman erabakitzeko. Nolanahi ere, Konstituzionalak legearen baliogabetzeari eusten baldin badio, ez naiz ni izango EAJren erantzuna zein izango den aurreratuko duena. Ehun urte baino gehiagoko alderdia gara, eta abagune zail asko gainditu ditugu. Beraz, ziur naiz galdeketa orain ez bada egiten hurrengo batean egingo duela aurrera edo hurrengoan...

Nola jaso dituzu EAJren barruan kontsulta albo batera uzteko eskatu duten ahotsak?

Desleial jokatu dutela uste dut, baina ez soilik lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Eusko Legebiltzarraren gehiengoarekin, baita Iñigo Urkullu EBBren presidentearekin ere. Berak alderdiaren batasunaren alde egin duelako eta geure iritziak etxe barruan esateko eskatu duelako. Gainera, urte hasieran onartutako txosten politikoa argia da oso, baina badirudi batzuek ez dutela txosten hori irakurri. Hala ere, irakurrita ere gustuko ez duenik baldin badago, jakin behar du inor ez dagoela behartuta alderdi barruan egotera.

Auzitegi Konstituzionalak irailaren 15a baino lehen galdeketa legeari buruz erabakirik hartu ezean kontsulta egitea ezinezkoa izango dela esan du Jaurlaritzak. Herritarren erabaki eskubidearen muga Konstituzioak ezartzen duela esan nahi du horrek?

Argudio horren kontra nago erabat, hori onartuko banu galdeketa Konstituzioaren aurkakoa dela onartuko nukeelako. Galdeketaren aurka daudenei galdetuko nieke ea zein arazo ikusten dizkieten kontsultara eraman nahi diren bi galderei. Hau da, herritarrak ETAren indarkeriaren amaiera elkarrizketatuarekin ados dauden eta alderdi guztien artean erabaki eskubidearen inguruko akordio bat lortzearekin ados dauden galdetzea ongi ikusten duten ala ez. Ez dut ulertzen nola esan dezaketen hori galdetzea independentista dela eta haustura eta liskarra sortzen duela. Ez da planteamendu abertzalea, planteamendu demokratikoa baizik. Gai honekin polemika pizteko interes asko dago. Galdeketa hori egitea arrazoizkoa eta demokratikoa dela uste dut.

Urriaren 25ean kontsulta egin egingo dela uste duzu?

Ez dakit. Botila erdi beteta ikusten dudan horietakoa naiz. Beraz, urriaren 25ean ez bada, beste egun batean egiteko aukera bilatu beharko da. Galdeketa egitea indarkeria eta normalizazio politikoaren arazoa konpontzeko urrats garrantzitsua da. Herri honetako gatazka konpontzeko irtenbide bat da galdeketa egitea. Elkarrizketa da irtenbidea, eta galdeketaren bitartez hori lortu nahi da, hau da, herri honen erabaki eskubidea gauzatzeko oinarriak adostu nahi dira.

Hortaz, uste duzu Eusko Jaurlaritzaren proposamenak egungo abagune politikoan balio dezakeela bakea eta normalizazio politikoa lortzeko?

Ziur nago horretaz. Izan ere, batetik, argi daukat kontsulta ez dela ETAren gustukoa. Herri honen gehiengo handi batek ez du babesten ETAren indarkeria, eta erabat argigarria litzateke jendeak botopaper batean ETAri esatea bakean uzteko, ez dutela behar inolako talde armatuaren babesik erabakiak hartzeko. Eta, bestetik, mahai baten inguruan alderdi guztiak eseri eta luzera begira normalizazio politikoaren inguruko akordioa lortzeak ere berebiziko garrantzia dauka. Erabat sinetsita nago galdeketa horrek konponbidea ekarriko duela.

Galdeketa antolatzeko eragile sozial eta politiko guztien artean indarrak batu ez izana kritikatu dute ELAk eta EAB taldeak, besteak beste.

Hogei urte baino gehiago daramatzat ELA sindikatuan afiliatuta, eta gustatuko litzaidake noizbait Elorrieta jaunari sindikalismoari buruz hitz egiten entzutea, etsitako lehendakari bat dela dirudi eta. Lehendakaria aspalditik ari da hitz egiten alderdi politiko guztiekin. Horren erakusle da ezker abertzalearekin hitz egiteagatik auzipetuta dagoela.

PSE-EE herri galdeketaren aurka dagoela kontuan hartuta, Arabako Diputazioaren eta Gasteizko Udalaren egonkortasuna kolokan egon daitekeela uste duzu?

Gai honetan desadostasunak egon daitezke PSEren eta EAJren artean, baina horren gainetik, erakundeen egonkortasuna bermatzeko egin dugun ahaleginak egon behar du. Nik bide horretatik jarraitzea nahiko nuke, baina alderdi sozialistari galdetu beharko zaio zer egin nahi duen hemendik aurrera. PPk eta PSEk eskubide osoa dute bat egiteko eta zentsura mozio batekin ni kargutik kentzeko. Hori bai, kontuan hartu beharko dute horrek ere ondorio politikoak izango lituzkeela ez soilik Araban eta Euskal Herrian, baita Espainian ere.

Galdeketaren aurkako mozioa onartu dute Arabako Biltzar Nagusiek. Zer iruditzen zaizu?

Arabako Biltzar Nagusien erabakiak badu bere garrantzia, Arabako herrialdearen ordezkaritza duen erakundea den heinean. Akaso, galdeketaren funtsa ez da behar bezala azaldu, eta, gainera, hedabide askok informazio faltsua eman dute, kontsulta erreferendum independentista batekin nahastuz. Horrek ere nahastu du jendea. Biltzar Nagusien erabakitik haratago, arabarrak konponbidearen parte izatea nahiko nuke.


############


«Egonkortasuna bermatzeko ahalegin zintzoa egin dugu EAJk eta PSEk»

E. Begiristain Gasteiz

Arabako Biltzar Nagusietako 51 biltzarkideetatik foru gobernua osatzen dutenek (EAJk, EAk eta Aralarrek) hamazazpi eserleku dituzte. Gutxiengoan egoteak gainerako alderdiekin akordioak lortzen saiatzera behartzen du Agirreren gobernuak. Orain arte alderdi sozialistarekin bilatu ditu adostasun nagusiak, eta aurrekontuak onartu ditu.

Ekinaldi berriari begira, zeintzuk izango dira zure gobernuaren lan ildo nagusiak?

Gobernuan sartu ginenetik legealdi osoan garatu beharreko sei lan ildo nagusi zehaztu genituen. Batetik, politika egiteko modua aldatzea da gure nahia. Eztabaidatzearen alde nago, baina betiere hartarako bideratuta dauden foroak erabilita, hau da, Biltzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, Kongresua... Doako polemika eta liskarra saihesten ahaleginduko naiz hemendik aurrera ere. Bestetik, Araba denon artean egin behar dugula uste dut, eta horretarako erakunde arteko elkarlana ezinbestekoa da. Printzipio horiei eutsita, lau izango dira gure jardunbideak: gizarte politikak, berrikuntza, ikerkuntza eta azpiegiturak, eta herrialde orekatua lortzeko ahalegina.

EA eta Aralarrekin osatu duzue hiruko gobernua. Gutxiengoan egoteak zertan baldintzatu du zuen jarduera?

Argi esan behar dut gehiengo osoa izatea gustatuko litzaidakeela, baina herrialde honen errealitatea bestelakoa da, eta Biltzar Nagusietako ordezkaritzan islatuta dago hori. 51 batzarkideetatik hamazazpi baino ez ditugula kontuan hartuta, gainerako alderdiekin hitz egitera eta ados jartzen saiatzera behartuta gaude. Eta horren adibide argiena dira aurrekontuak aurrera ateratzeko bai Diputazioan bai Udalean EAJren eta PSEren artean lortutako akordioak. Garrantzi handiko akordioak dira horiek, bi alderdion arteko ideologia ezberdinen gainetik erakundeen egonkortasuna bermatzeko ahalegin zintzoa egin dugulako.

Hauteskundeak gertu egoteak hoztu al ditzake Udalean eta Aldundian PSErekin dituzuen harremanak?

Hauteskundeak noiz izango diren ez dakit, baina ziur naiz legealdi osoa agortu egingo dela eta hauteskundeak dagokien momentuan izango direla. Dena dela, hauteskunde kanpainetan, tamalez, ez da akordioetarako giro egokiena sortzen. Niretzat balio duen hauteskunde inkesta bakarra bozketaren ondorengo eguna da. Eta nik egun hori heldu arte itxoingo dut, eta ez dut ezer aurreratu nahi.

PARTEKATU