GBBren mendeurrena
20
Apirila
2008
Hainbat agiri

GBBren mendeurrena

GBBren mendeurrena
20
Apirila
2008
Hainbat agiri

GBBren MENDEURRENA
ABERRIAREN ALDEKO AGIRIA 2008

1995eko uztailaren 31ean, Eusko Alderdi Jeltzaleak bere mendeurrena ospatu zuen. Erakunde bezala sortu zenetik, ia 13 urte pasa ondoren, eratu zen Gipuzkoako Alderdiaren Erakundea, eta gaurko egunez aukeratu zen lehen Gipuzko Buru Batzarra.

Gaurko honetan, mendeurreneko adierazpena geurea egiten dugu eta gure hitz-ematea eta zina berretsi nahi dugu.Gure aurrekoek, garai zail eta larrietan jorratutako ibilbideak, gure herriaren etorkizunari begira, konpromisoan oinarrituriko lekukotasuna eskainiaz.

Aberriaren aldeko agiria 2008, apirilak 20

Euskal Herriko seme-alabok: Gizakiaren lehen aztarnak agertzen diren baino lehenagotik Europako bide-gurutze honetan bizi eta lan egiten duen herri honetako seme-alaba garenok, gaur XXI. mendearen hasera honetan, hauxe adierazten dugu, askatasunez eta irmotasunez.:

1. Euzkadi da gure Aberria.
2. Zazpi lurraldeetako euskaldunok herri bakarra osatzen dugu, jatorriz eta borondatez. Bere buruaren jabe den herria da gurea eta ez dugu beste soberaniarik ez aitortzen, ez onartzen.
3. Euskara da gure herriaren hizkuntza. Euskara berreskuratzea eta hedatzea baino aurreragoko lanik ez da gutako inorentzat.
4. Askatasuna eta justizia dira gure elkarbizitzaren oinarri. Ez dugu inoiz inoren larderiarik edo morroi izaterik onartuko, gure aurrekoek inoiz onartu ez zuten bezala.
5. Inor ez da inor baino gehiago eta begirunea zor diogu elkarri bakoitzaren ideia, erabaki eta ekintzetan. Onartzen dugun diskriminazio bakarra jaiotzaz edo eta eratorriz balio gutxituen aldekoa da. Gure gizartearen giza neurria gure arteko ahulenek edo gaitasun gutxien dutenek jasotzen duten begiruneak erakusten du, batez ere.
6. Herri bat ez da beste bat baino gehiago .Arrazakeriaren aurka gaude. Herri bat beste batek zapaltzearen aurka. Gure herriak edo edozein herrik du bere borondate, izaera eta balioen arabera izan eta bizitzeko eskubidea.
7. Ezerk ez du guretzat indarkeriaren erabilera zuritzen. Armen indarrez gure herria erasotzen duenarengandik defenditzeko beharrak bakarrik.
8. Gure ingurune, gure herri, gure mendi, gure soro, belardi, ibai, baso edo kaleak berreskuratu eta zaintzea ere lehentasunezkoa da guretzat.
9. Senidetzat hartzen dugu gure herriaren etorkizuna gurekin batera egin eta bizi nahi duen guztia, nonahitik etorria delarik ere.


ZIN EGITEN DUGU, zintzo eta leial eutsiko diogula Euskal Herriaren bizi-nahiari, Aberriaren interesen gainetik norberarenak inoiz jarri gabe. Batu ere, arriskuan sentitzen den Aberri bereko kide izateak batu izan baikaitu eta batzen gaitu orain ere gu guztiok; ikasiak edo ez ikasiak; profesionalak edo industriako, nekazaritzako eta itsasoko langileak; dendariak, funtzionarioak edo ertzainak; gizonak eta emakumeak; zaharrak eta gazteak.

Heziketan, erlijioan, ideologian, bizimodu mailan, gizarteko graduetan gure artean egon daitezkeen aldeak alde, ba da zerbait guztiok batzen gaituena, euskaldun garenez; gure herria eta gure hizkuntza gordetzeko eta indartzeko dugun grina eta gogoa; halako aldaketa historikoak ematen ari diren momentu honetan herri hau arnas berritu nahia.

Hau da gure zina. Ongi ohartuak gaude hori betetzea zenbat odol isurtze, atzerriratze eta espetxe kosta zitzaien gure aurrekoei. Hitza ematen dugu guk ere berdin beteko dugula, gutako bakoitzaren miseriak eta denboraren gorabeherak gaindituz.

GORA EUSKADI ASKATUTA !
PARTEKATU