Josu Erkoreka
01
Martxoa
2008
Elkarrizketak

Berria

Josu Erkoreka
01
Martxoa
2008
Elkarrizketak

Erkoreka: "Loiolako oinarrien gaineko akordioa eskainiko dugu inbestidura babesteko"

AITZIBER LASKIBAR

PSOE eta PPren «bipolarizazioak» kezkatuta daukala aitortu digu Josu Erkorekak (Bermeo, 1960), Sabin Etxean hartu gaituenean. Neke aurpegia du, eta, kanpaina amaitzeko egunak zenbatzen ari den arren, indartsu dagoela dio.

Ni Euskal Herrian bizi naiz. Zu, non bizi zara?

Ni, Euskadin. Ez dakit diferenteak ala berdinak diren, baina niretzat gauza bera da. Euskadin bizi naiz.

Zortzi urte daramazu Madrilen diputatu. Zein iruditu zitzaizun Kongresura lehen aldiz joan zinenean?

Aznarren 2000. urteko inbestidura saioa izan nuen lehen ekitaldi ofiziala. PSOE hauts eginda zegoen eta Aznarrek gure aurka planteatu zuen eztabaida guztia. Izugarrizko gogorkeriaren inpresioa jaso nuen. Debate zibilizatu bat baino, oihana zirudien horrek.

Aldatu zaizu irudi hori?

Legealdi hau diferentea izan da. Lasaiagoa. Posible izan da aurreko legealdian planteatu ezin zirenak proposatzea eta nolabaiteko protagonismoa hartzea, lorpen batzuk ere lortu ditugulako.

Zeintzuk dira datorren legegintzaldirako ezarri dituzun helburuak?

Gure lehenbiziko helburua da posible egitea hauteskundeetatik aterako den Espainiako Gobernuaren eta Ibarretxe lehendakariaren gobernuaren arteko akordio bat lortzea Euskadiren normalizaziorako. Bigarren helburua litzateke bermeen kultura berriro ezartzea Espainiako legerian. Azken zortzi urteetan hainbat lege onartu dira funtsezko eskubideak kolokan jarri edo urratzen dituztenak. Legeri horretan aldaketaren bat egin beharra dago. Hirugarrenean jarriko nuke ongizatea bermatzeko garapen ekonomikoa sustatzea. Eta, laugarrenez, ingurumena. Belaunaldi honetakoek oso erronka garrantzitsua dugu hurrengo belaunaldiarekin: gure gurasoengandik jaso dugun mundu hau gure seme-alabei gutxienez guk jaso dugun moduan uztea.

Lehen eginbehartzat ezarri duzu Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa egitea. Zein oinarri beharko lituzke akordio horrek?

Oinarriak Loiolan izandako elkarrizketetan daude. Alderdi sozialistak horiek sinatuta ditu. Beraz, inork ezin diezaguke esan errealitatetik kanpo gaudenik. Planteamendua oso pragmatikoa da, oso posibilista da, dagoeneko alderdi sozialistak sinatu duen dokumentu bat oinarri izango dugulako.

Beraz, hemendik aurrera, konponbiderako edozein saiok Loiolako elkarrizketetako akordioa izan behar du abiapuntu?

Gobernua eratuko duenari planteatuko diogunari buruz ari naiz. Alderdi sozialistak hori sinatu zuen eta, bozak irabazten baditu, hori eskainiko diogu gure botoa eskatzen badu. Ardatz horien inguruan akordiorik ez badago, nekez emango diogu babesa. Loiolako oinarrien gaineko akordioa eskainiko dugu inbestidura babesteko.

Zapaterok bide elkarrizketatuari berriz ekiteko aukerari orain arte ateak itxi badizkio ere, mezua aldatu du Barakaldora etorritakoan eta bakea lortzeko eskatu du euskal herritarren botoa.

Kanpainako ekitaldi batean hori esateak duen helburua da bakearen ideiak duen indar erakargarria eskuratzea. Ez nioke, gaur gaurkoz, bestelako garrantzirik emango. Gainera, kanpainan bete-betean murgildurik gaudenean, ez dut uste Zapaterok bere espektatibak arriskuan jarriko dituen konpromisorik hartuko duenik. Hauteskundeen ondoren zer egingo duen ez dakit, baina nik argi dut etorkizunean bakeari ekingo dion edozein gobernuk, PPkoa edo PSOEkoa izan, 2005eko maiatzean Kongresuan onartutako erabakiaren ildoei eutsi beharko diela.

Konponbide elkarrizketatua bilatu behar dela, alegia?

Bakeari ateak zabalduko dizkiona puntu elkarrizketatu bat izango da zeren elkarrizketatua ez bada, ez dugu bake segururik izango, eta beti ibiliko gara indarkeria berriro agertuko den jakin ezinik. Era berean, Kongresuko erabaki horretan esaten da amaiera elkarrizketatu hori gauzatu ahal izateko aldez aurretik ETAk terrorismoa uzteko borondate argia eta zalantzarik gabeko jarrera erakutsi behar dituela. Oinarri horien gainean gauzatuko da bakea nahi eta ez, aitortu edo ez. Zeren, PPk ez du hori formalki onartzen, baina jakin badaki ETAren bukaera iritsi eta bakeari ateak zabaldu ahal izateko bide hori jarraitu behar dela.

Espero daiteke beste saiorik hauteskundeen ondoren?

Horretarako baldintzarik badagoen ikusi beharko da eta, momentu honetan argi dago ez direla ematen, ETAk fronte guztiak zabalik dituelako. Legealdian zehar baldintzak ematen badira, bidea hor dago. Eta, uste dut Zapaterok ez duela nik egin dudan irakurketarekiko oso diferentea egiten. PP behin baino gehiagotan saiatu da 2005eko erabaki hori atzera botatzen, eta Kongresuak beti esan dio ezetz.

Une hauetan Kongresuan eta Senatuan EAJ indartsua behar dela esan duzue. Zertarako behar da EAJ indartsua?

Euskadiren eta euskal herritarren interesen alde azken lau urteotan aurkeztu diren ekimenen %95 geuk aurkeztu ditugu. Ekimen eraikitzaileak geuk aurkeztu ditugu, enpresa munduan, zentro teknologikoetan, azpiegituretan eta interes sozialeko gaietan.<\d>

Zein litzateke emaitza ona EAJrentzat?

Zazpi diputatu aterako bagenitu emaitza ona litzateke, kontutan izanik Bizkaiak jarleku bat galtzen duela. Orain arteko zazpiekin jarraitzea ona litzateke.

EAk iruzurra egitea egotzi dio EAJri. Gasteizen gauza bat aldarrikatzea eta, Madrilen, hango esanei men egitea.

Ez dakit zertan oinarrituta esan dezakeen hori. EAk ordezkari bat izan du Madrilen 12 urteotan. Nik ordezkari horren jarduna ezagutzen dut eta, urtean behin, tribunara igo eta bera independentista dela esaten du. Baina nik Zapaterorekin behin baino gehiagotan eztabaidatu izan dut autodeterminazioari buruz. Ulertzen dut kanpainan bere perfil propioa markatu nahi izatea baina guk politika alor guztietan egin dugu Euskadiren eta euskal herritarren alde.

Iruzurra egin nahia leporatzen dio EAJri ezker abertzaleak ere. PSOErekin ituna egin, eta estatutuari azaleko aldaketak eginda sakoneko aldaketa saihestu nahi duela boterea mantentzearren.

Hori ustezko intentzioen balorazioa egitea da.

Bide hori dagoeneko PSOErekin adostua ere baduela esana du.

Akordioa ez dagoela eginda era borobilean baieztatu dezaket. Hori gezurra dela. Gure planteamendua zein den esan dizut. Gainera, Loiolan beraiek ere egon ziren,eta, ETAren errekadua etorri zen arte, konforme zeuden. Orduan, ez dakit norena den iruzurra.

Ibarretxeren proposamena isilik dago aspaldian. Urriaren 25a ez dago horren urrun. Galdeketarekin aurrera doa EAJ?

Gure proiektuaren lehendabiziko puntua horixe da. Baina Txinako esaera batek dio eskailera luze bati ekingo diozunean ez dela komeni eskaileraren oinean zaudenean azken eskailerari begira urratsak ematen hastea, erortzeko arrisku handiak daudelako. Ordurako akordioa egongo den jakin aurretik, ezin ezer esan. Momentu honetan akordioa bilatu nahi dugu.

BaLITz eTa BaLeGo

Zure alderdia legez kanporatuko balute...

«Klandestinitatean jarraituko genuke»

Espainiako Gobernuko presidente bazina...

Lehendakariarekin jesarriko nintzateke oraintxe bertan.

Eta Euskal Herrikoa bazina...

Euskal Herriko gizarte arazoei ekiteko benetako konpromisoa hartuko nuke, esan nahiko lukeelako beste arazo batzuk bideratuta daudela.

Zure alderdia legez kanpo utziko balute...

Klandestinitatean jarraituko genuke lanean. Baina etsi, inoiz ez.

Alderdien Legerik ez balitz...

Egoera demokratikoa izango litzateke, eta oinarrizko eskubideekiko errespetu handiagoa lukeena.

Zure alderdiari beste izen bat jarri beharko bazenio...

Euskal Nazioaren Alderdia.

Politikari profesionala ez bazina...

Profesionala, ez naiz.

Bada, politikaria ez bazina...

Unibertsitatera joango nintzateke irakasle gisa eskolak ematera.

Kosovoarra bazina...

Pozik egongo nintzateke eta kontu handiz ibiliko nintzateke minoria serbiarrarekin hanka ez sartzeko eta herrigintzan mafiaren indarra handiegia ez izateko.

Emakume bazina...

Heterosexuala nintzateke.
PARTEKATU