Hitzaldia
14
Otsaila
2008
Hitzaldia

Stanford-en hitzaldia

Hitzaldia
14
Otsaila
2008
Hitzaldia

Lehenengo eta behin, utzidazue Stanfordeko Unibertsitate ospetsu honi eskerrak ematen aukera eman didalako Euskal Herriaren gaur egungo egoerari buruzko gogoeta zuekin konpartitzeko.

Euskal Herriak milaka urte ditu eta Europako herririk zaharrena izango da ziur asko.
Sustraiak historiaren sakonean dituen haritz zaharra gara baina, aldi berean, hazten, egokitzen eta gure frutuak munduaren luze zabalean zabaltzen jakin izan dugu.

Gure Herria saiatua da, kezkak dauzka, bizirik irauten, zailtasunak gainditzen jakin izan du eta gaur egun aitzindaria da giza garapenaren adierazlean, Europan eta munduan.

Gure Herriak itxaropenez egiten dio aurre etorkizunari eta Giza Garapen Iraunkorrean aurrera egitea du helburu.

Horrezaz gain, oinarrizko erronka bikoitza dugu aurretik:
Alde batetik, bakea lortzea, gure Herriak ETAren indarkeria sufritzen denbora luzea darama eta.
Bestetik, normalizazio politikoa lortzea, espainiar Estatuarekiko Itun baten bitartez gatazka politiko historiko bati amaiera emateko.
Izan ere, gatazka politiko horrek XIX. mendean du abiaburua eta bide politikoak eta demokratikoak erabiliz konpondu behar da, herrien autodeterminazio eskubidearen formula modernoak aplikatuz, Nazio Batuek aholkatzen duten bezala. Formula eta prozedura horiek erabili izan dira eta arrakasta izan dute antzeko beste toki eta egoera batzuetan; esaterako, Quebecen eta Kanadan, edota Europaren erdi-erdian. Horren adierazgarri dira Alemaniaren bateratzea, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Kosovo, Lituania, Estonia, Irlanda, Eskozia, etab... baita nazio izaera duten gatazkak konpontzearen beste hainbat eta hainbat adibide ere.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Labur esanda, hauxe da nire hitzaldiaren bizkarrezurra. Alde batetik, milaka urte dituen eta Giza Garapen Iraunkorrean aitzindari den herri baten egoera azalduko dizuet.
Jarraian, bigarren zatian, Bakea eta Normalizazio Politikoa bilatzen dituen Herri batez hitz egingo dizuet. Horregatik, euskal gatazkaren konponbideari ekiteko 2007ko irailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dudan bide orria azalduko dizuet.

I. ZATIA:

Gure Herriak milaka urte ditu eta Europako aitzindaria da
Zein da Euskal Herria? Non gaude? Zein da gure egoera ekonomikoa, politikoa eta kulturala? Zeintzuk dira gure erronkak etorkizunerako?
Horri ekiteko, galdera luze samarra egingo dut: Badakizue zerk batzen dituen honako hauek?
 Juan Sebastian Elkano, munduari bira eman zion lehenengo gizakia,
 Loiolako San Inazio, Jesusen Lagundia —jesuitak—sortu zuena,
 Simón Bolivar, Latinoamerikaren askatzailea,
 Francisco de Vitoria, nazioarteko zuzenbidearen aita.
 René Cassin, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala idatzi eta 1968an Bakearen Nobel saria jaso zuena.
 Roberto Goizueta, 1980tik 1997ko urrian hil arte Coca-Colaren presidente exekutiboa.
 Robert Erburu, Times Mirror taldearen presidente exekutibo ohia 80ko eta 90eko hamarkadetan, 1994an 65 urterekin erretiratu arte.
 Paul Laxalt, Nevadako Estatuko senataria.
 John Echemendi, Stanfordeko Unibertsitate ospetsu honen errektorea, eta gure anfitrioia ekitaldi honetan,
 John Garamendi, Kaliforniako Estatuaren gobernadoreordea.
 Eta beste hainbat eta hainbat, guztiak zerrendatzeak luze joko luke eta.

Bada, guztiak batzen ditu zerbaitek: guztiak dira euskaldunak edo euskal jatorrikoak...
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Gure Herriak berezko nortasuna du
• Euskal Herria Europako partaide da hasieratik. Ikertzaileek, antropologoek eta hizkuntzalariek berretsi dute Euskal Herria Europako herririk zaharrena dela ziur asko.
• Luigi Cavalli-Sforza Stanfordeko Unibertsitateko ikerlari entzutetsuaren arabera, euskal herritarren mapa genetikoak erakusten du oso herri zaharra dela, historiaurrean duela 35.000 edo 40.000 urte euskal lurraldean bizi izan ziren gizakien ondorengo zuzena.

Euskara, euskaldunen hizkuntza, Europako hizkuntzari zaharrena da ziur aski.
• Euskara da gure hizkuntza. Hizkuntza indoeuroparrak baino lehenagoko hizkuntza da, gure historiaren herentzia eta Europaren sustraien zatia. Euskara gizakien hizkuntza ondasuna da eta gure herriaren biziri iruteko borondatearen lekuko bizia.
• Horregatik, Merrit Ruhlen hizkuntzalari entzutetsuak —Stanfordeko Unibertsitatean ondo ezagutzen dute— hauxe esan du: “Zenbait adituren arabera, orain munduan erabiltzen diren 5.000 hizkuntzetatik %90 ez dira erabiliko 100 urte barru; beraz, XXI. mendearen bukaeran oraingo 5.000etatik 500 baino ez dira geratuko, eta horien artean euskara izango da”.
• Orain, euskara ez ezik, beste bi hizkuntza ofizial daude euskal lurraldeetan: frantsesa eta espainiera. Hizkuntza aberastasun handia osatzen dute guztiek, baina euskaldunok munduari eman diezaiokegun altxorrik handiena da euskara.
Gure Herria munduari irekita dago
• 6 miloi baino gehiago dira mundu osoan zehar sakabanatuta dauden euskal jatorriko pertsonak; horiek guztiek eratzen dute euskal diaspora eta horiek guztiek dira gure enbaxadore onenak.
• Itsasoa izan da beti euskaldunek mundua deskubritzeko erabili izan duten atea. XIV. mendean ere, euskal arrantzaleak izan ziren Quebec, Ternua eta Labradorreko itsasertzetan arrantzan aritzen lehenak, balea bila.
• Euskaldunek Estatu Batuen historian ere parte hartu dute eraginkor duela 100 urte baino gehiagotik. XIX. mendearen bukaera aldera ere nabari da euskaldunen parte hartzea Mendebaldeko estatuen kolonizazioan.
Miguel Leonis, “euskalduna” deitzen ziotena, Kaliforniaren sortzaile ospetsuetako bat izan zen.
Frogak daude 1885ean argitaratu zirela euskarazko lehenengo argitalpenak San Frantzisko eta Los Angeles inguruan.
• Euskal amerikarrek gaur egun 60.000 pertsonako gizataldea osatzen dute estatu guztietan barrena, baina batez ere Kalifornian, Idahon, Nevadan. Euskal amerikarrek ia 40 etxe eta elkarte ofizial dituzte North American Basque Organization-en bilduta.

Gure Herria kultura unibertsalari irekita dago
• Gure Herriak gure antzinako kultura maite du, baina ideiei eta arte unibertsalari irekita dago.
Nazioartean ospea duten euskal artisten ondoan —Txillida, Oteiza, Bazterretxea, esaterako— mundu osoan entzutetsuak diren arkitektoak ere bildu ditugu gure proiektuetan. Bilboko Guggenheim Museoarena bezalako proiektuak —euskal herriaren XXI mendeko irudia islatzen dutenak—eta Frank Gehry, Norman Foster, Calatrava, Saha Hadid, Arata Isozaki, eta abar bezalako arkitektoak ageri dira Euskal Herriko hirigintza eta kulturaren berpizkundean.

Eta gure Herria abegitsua ere bada,
Izan ere, atsegin hartzen dugu gure ateak irekitzen urtero bisita egiten diguten turistei, bi miloi turista baino gehiagori, hain zuzen Gure herria nazioartean ezaguna da sukaldaritza bikaina dugulako —guk dauzkagu Km2ko Michelin izar gehien mundu osoan—, baita Errioxako ardo bikainak dauzkagulako ere; hainbat sari eman dizkiete ardo horiei oraintsu New Yorken, nazioarteko ardo onenen artekotzat hartuta.

_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _


Gure Herriak askatasuna maite du
• Euskal Herriaren sen historikoa giza duintasuna errespetatzean oinarritzen da eta duela bost mende jaso zen gure foru edo eskubide historikoetan.
Hain zuzen 1452an, habeas corpus ingelesa baino bi mende lehenago, “atxilotutako pertsonak torturatzea eta gaizki tratatzea” debekatu zuten gure foruek.
• Beharbada euskaldunak eta euskaldunen gobernatzeko era ondoen ezagutzen zutenetako bat John Adams izan zen, Estatu Batuetako bigarren presidentea. Euskaldunak demokraziaren eredu zirela esan zuen Estatu Batuen Konstituzioa defendatzeko egin zuen hitzaldian. Honela deskribatu zituen euskaldunak 1786an:
“This extraordinary people have preserved their ancient language, genius, laws, government and manners longer than any other nation of Europe…”.
• Euskal Herriak demokrazia eta askatasuna defendatzeko duen konpromisoaren erreferentzia gisa, gogora ekarri behar dugu lehen Eusko Jaurlaritzari eta haren lehendakariari, José Antonio Aguirreri, atzetik ibili zitzaizkiela Frankoren diktadura faxista eta Hitlerren nazismoa eta Herri amerikarrak hartu eta eman ziela aterpea 1941ean.
Garai hartan, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza New Yorken kokatu zen eta Aguirre lehendakaria Columbiako Unibertsitateko katedraduna izan zen 1946ra arte. Urte horretan bertan, 1946ko maiatzaren 21ean, Aguirre lehendakariak salatu egin zuen Nazio Batuen lehengo idazkari nagusiaren aurrean, Trygve Halvdan Lie norvegiarraren aurrean, diktadura frankistak Euskal Herrian ezarritako zigorra eta ofizialki eman zion eskura “Memorandum from the Autonomous Basque Government to the Sub-Committee of the Security Council” delakoa.
• Euskaldunok gogotsu aritu ginen elkarlanean Herri amerikarrarekin II Mundu Gerran. Bitxikeria bat esango dizuet: euskara erabili zuen euskal amerikar jeneral batek, Frank D. Carranzak, japoniarren kontraespioiei iruzur egiteko, eta euskarazko esaldi bat erabili zen Guadalcanen lehorreratzeko agindua emateko ezkutuan.
1939an Espainiako gerra zibila amaitu ondoren ere elkarlanean aritu ginen espainiar Estatuan askatasuna defendatu eta demokrazia berreskuratzen laguntzeko, indarrean zegoen diktadura frankistaren kontra. Geroago, zoritxarrez, 50eko hamarkadan gerra hotzak aliantzak aldatzea ekarri zuen eta Ameriketako Estatu Batuek Espainia Nazio Batuen Erakundeko kide izatearen alde egitea erabaki zuten, Espainia Franko diktadoreak gobernatzen bazuen ere.

Herri plurala gara eta geure autogobernua maite dugu
• Euskal Herria, britainiar entziklopedian adierazten den bezala, zazpi lurraldetan kokatzen da; zazpi lurralde horiek hiru errealitate politiko administratibotan egituratzen dira eta Pirinioetako mugak frantziar Estatuan eta espainiar Estatuan banatzen ditu.
Frantziako aldean hiru euskal lurralde kokatzen dira berariazko autonomiarik gabe. Espainiako aldean beste lau lurralde kokatzen dira, politikoki bereizitako bi autonomia eskualdetan elkartuta: Nafarroako Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
• Euskal Autonomia Erkidegoan —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak hartzen ditu— euskaldunen hiru laurdenak bizi gara eta ni naiz erkidego horretako lehendakaria.
• Diktadura amaitu eta Espainian demokrazia berreskuratuta, 1978an Konstituzio berri bat onartu zen, Euskadin aldeko gutxi —%30,8— izan zituena. Geroago, 1979an Euskadiren bigarren Autonomia Estatutua onartzeak Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra sortzeko aukera eman zuen.
Autonomia Estatutuak aukera eman digu geure eskumenak kudeatu eta euskaldunen ongizatea hobetzeko; baina ia 30 urte igaro ondoren, euskal gizartearen gehiengo zabalak Euskadi eta Espainiaren arteko harreman esparru berri bat negoziatzeko eskatzen du.

• Horri dagokionez, 2004ko abenduaren 31n, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen espainiar Estatuarekiko harreman esparru berria eratzeko proposamen bat, askatasunez elkartzean eta elkar errespetatzean oinarritutako harreman esparrua eratzeko. Proposamena atzera bota zuten espainiar Gorteek, baina mahai gainean dagoen tresna horretan jasotzen dira euskal gatazka soilik bide politiko eta demokratikoak erabilita konpontzeko oinarriak.

Euskal Autonomia Erkidegoa, Giza Garapen Iraunkorrean aitzindaria.
• Euskal Autonomia Erkidegoan 2.200.000 pertsona bizi dira eta Euskal Autonomia Erkidegoa Europako lehenengo tokietan dago ongizate, bizi itxaropen eta hezkuntza mailan, Alemania, Frantzia, Bretainia Handia eta Espainiaren aurretik.
• Europako zenbait estatistika instituturen azken datuek —2006. urteari dagozkion datuek, hain zuzen— erakusten dute Euskadiren per capita errenta Europako batezbestekoa baino %36 handiagoa dela. Datu horien arabera, gure per capita errenta 30.500 eurokoa da, gutxi gorabehera 44.000 dolar erosteko ahalmenaren parekotasunean oraingo diru-trukearen arabera.
• Gure bizi-itxaropena 80,9 urtekoa da batez beste, eta horrek hirugarren tokia dakarkigu mundu osoan, Japonia eta Islandiaren atzetik.
• Halaber, hezkuntza eta prestakuntza maila altuak ditugu. 20 eta 24 urte bitarteko euskal gazteen %80k Goi mailako Batxilergoa edo Unibertsitate Hezkuntza dute.
• Errenta, hezkuntza eta bizi-itxaropenaren maila altu horiei esker, Euskal Autonomia Erkidegoa mundu osoko Giza Garapenaren Indizearen lehen tokietan dago, Islandia eta Norvegiaren atzetik, Nazio Batuen Garapen Programak Giza Garapenari buruz egindako azken txostenaren arabera.

• Horrezaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoak “jasangarritasunarekiko” konpromisoa ere badu. Abian jarri ditugu klima aldaketaren kontrako egitasmo berezi bat eta 2012an Kyotoko helburuak betetzeko jarduera egitasmo berezi bat; eta Barne Produktu Gordinaren araberako energia kontsumoaren tasa Europako txikienen arteraino jaitsi dugu.
• Baina, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoak “pertsonekiko” konpromisoa du. Hazteaz gain, gizarte zuzenagoa eraikitzea ere bada gure helburua. Euskal Herriaren ezaugarrietako bat elkartasun espiritua da. Horrela, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoa izan zen estatua izan gabe Milurtekoari buruzko Nazio Batuen Adierazpena izenpetu zuen lehen nazioa. Beste aldetik, gure urteroko aurrekontuaren %70 gizarte gasturako erabiltzen dugu, batez ere, osasungintzarako, hezkuntzarako eta gizarte babeserako. Gizarte politika horiei esker, Euskadin pobrezia arriskuaren tasa —hau da, batezbestekoaren %60 baino diru sarrera txikiagoak dituzten pertsonen ehunekoa— %9,5ekoa da, bigarrena Europako txikienen artean, Suediaren ondotik.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Azken finean, eta lehenengo zati hau laburtzeko, Euskal Autonomia Erkidegoa Euskadi herri lehiakorra eta orekatua da. Milaka urteko herria, Giza Garapen Iraunkorrean aitzindaria.
Gure Herria ohitua dago erronka berriei, helburu berriei aurre egiten. Gure hurrengo erronka da gure ongizateari eutsi eta hori hobetzea bi zutabe handi oinarri hartuta: Nortasuna eta Berrikuntza. Sustraiak eta hegoak. Nortasuna, Herri gisa bizirik iraun dezagun; eta berrikuntza, etorkizunerantz proiekta gaitezen.


II. zatia
Gure Herriak Bakea eta Normalizazio Politikoa bilatzen du.

Gure Herria modernoa da, sortzailea, solidarioa, Giza Garapen Iraunkorrean aitzindaria... baina Bakea falta zaigu.
Zoritxarrez, ETAren indarkeriari buruzko berriek zenbaitetan estali egiten dute gure herri baketsu eta langilearen egoera ekonomiko eta soziala.
ETAren indarkeriak sufrimendua eragiten die inolako errurik ez dutenei eta Euskal Herriaren izen ona zikintzen du.
Baina horrezaz gain, indarkeriaren ondorio maltzurrek ezkutatu egiten dute gatazka politiko bat dagoela eta gatazka hori elkarrizketa eta negoziazio politikoaren bitartez konpondu behar dela. Hau da, bakar bakarrik bide baketsu eta demokratikoak erabilita.
Horretarako, hiru gogoeta azalduko ditut aurrez:
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Lehendabiziko gogoeta:
Ez dira nahasi behar ETAren indarkeriaren arazoa eta Euskadiren eta espainiar Estatuaren arteko harremanei buruzko gatazka politikoa.
• Euskal gatazka ulertzeak berekin dakar bi arazo daudela eta arazo horiek mintzakide eta konponbide prozesu ezberdinak behar dituztela onartzea.
• Iraganean negoziazio ahalegin bat baino gehiago izan dira espainiar Estatuaren eta ETAren artean indarkeriaren arazoari amaiera emateko. Horien artetik, honakoak aipatuko ditugu: 1989an Aljerren izan zen negoziazioa, Felipe Gonzalez sozialista presidente zela; hurrengoa 1998an izan zen Suitzan, Aznar jauna zela espainiar Gobernuaren buru; eta huts egin duen azken ahalegina 2006ko martxoaren eta 2007ko ekainaren artean izan da, espainiar Gobernuaren buru Rodriguez Zapatero sozialista dela.
Nire iritzian, besteak beste bi arazo nahastu zirelako huts egin dute ahalegin horiek guztiek: ETAren indarkeriaren arazoa eta euskal gatazka politikoaren konponbidea.
Beraz, arrakasta izateko giltzetako bat da ez nahastea ETAren indarkeria eta gatazka politikoaren konponbidea.
ETAk ez du Euskal Herria ordezkatzen eta, beraz, ez du inolako protagonismorik dagoen gatazka politikoa konpontzeko.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Bigarren gogoeta:
ETAren indarkeriak berehala desagertu behar du
• ETAren indarkeriak desagertu egin behar du berehala. Alde batera utzita alderdi politikook gatazka politikoa konpontzeko akordioak erdiesten ditugun ala ez.
• Inork ez ditu nahasi behar ETA eta euskal gizartea. Soziologia inkestek aspaldi esaten dute 100 euskaldunetik 98k gaitzesten dutela indarkeria.
• Beraz, euskal gizarteak eskatzen dio ETAri hiltzea eta estortsioa alde batera utz ditzala. Argi eta garbi adieraz dezala borroka armatuari amaiera eman nahi diola behin betiko.
Indarkeriari elkarrizketaren bitartez amaiera ematekotan, ETAk aurrez adierazi beharko du hori, 2005eko maiatzean espainiar Kongresuan onartutako erabakiaren arabera. Indarkeriaren amaiera lortzeko ETArekin hitz egiteko baimena ematen du erabaki horrek.
• Bakea bilatzeko, dena dela, terrorismoaren biktimei laguntzen jarraitu behar dugu erakundeok eta euskal gizarteak berak.



Asko aurreratu dugu biktimei zor zaien giza errespetua erakusten eta gehitzen ari gara biktimei eragindako kalte pertsonal eta materialak ordaintzeko laguntza ekonomikoak. Laguntza horiek ez dute inoiz ordainduko eragindako samina, baina gure eginbeharra da biktimei helaraztea gure maitasuna eta gure elkartasuna.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Hirugarren gogoeta:
Pertsona guzti-guztien giza eskubideak defendatzea oinarrizko printzipioa da
• Ziur nago ETAren indarkeriari aurre egiteko hobe dela demokrazia zabaltzea demokrazia murriztea baino.
Demokrazian ezin dira eskubide zibil eta politikoak nahierara murriztu, indarkeria aitzakiatzat hartuta.
• Espainiar Estatuak komunikabideak itxi eta salbuespenezko legeak erabili ditu euskal gizartearen zati bat erakundeetatik kanpo uzteko; euskal gizartearen gehiengoaren iritzian, horrek guztiak ez gaitu hurbiltzen konponbidera, baizik eta urrundu egiten gaitu konponbidetik.
• Era berean, ez da onargarria XXI mendean bertan, inkomunikazioa eta tratu txarrak baimentzen dituzten espetxe politikak erabiltzea; behin eta berriz salatu dute hori nazioarteko zenbait erakundek —Amnesty Internationalek, esaterako—. Giza eskubideak eskubide zatiezinak dira, eta pertsona guztientzat dira, atxilotutako pertsonentzat ere bai.
• Horregatik guztiarengatik, indarkeriaren aurkako borrokan ez dago lasterbiderik. Oinarrizko arau bati eutsi behar diogu, eredutzat izan dezagun: giza eskubide guztiak pertsona guzti-guztientzat defendatzea.



Laugarren gogoeta:
Erabakitzeko eskubidea, euskal gatazka politikoa konpontzeko giltza.
• Euskal gatazka politikoak XIX. mendean du sorburua, espainiar Estatuak indarrez eta berak bakarrik euskal lurraldeekiko harremana haustea erabaki zuenean; Euskal Herriaren eskubide historikoak errespetatzean eta askatasunez elkartzean oinarritutako harremana haustea erabaki zuenean, alegia.
• XXI. mende honetan Euskadi eta espainiar Estatuaren arteko harremanei buruzko gatazka politiko hori konpontzeko, elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua erabili behar ditugu eta Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko gaitasuna duela onartu behar dugu.
• Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartzea eta ituna eta negoziazioaren bitartez eskubide hori gauzatzeko konpromisoa hartzea dira konponbidearen giltzarriak.
Noizean behin espainiar Gobernuak esaten du erabakitzeko eskubideak banandu egiten duela euskal gizartea. Ez; etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzeak banantzen du zinez euskal gizartea.
Ildo horretan, 1990ko otsailean honako hau onartu zuen Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz:
“Euskal Herriak autodeterminatzeko eskubidea dauka. Bere status politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala era libre eta demokratikoan erabakitzeko bere hiritarrek duten ahalmenean datza eskubide hori; bai marko politiko propioaren bidez, bai bere subiranotasuna, osorik edo zati batean, beste Herri batzuekin partekatuz”.
Horrela ulertu du, baita ere, Idaho Estatuko Kapitolioak eta 2002ko martxoaren 11an “Senate Memorial number 114” onartu zuen, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko.
• Herrien Autodeterminaziorako Eskubidea Estatu Batuen Independentzia Adierazpena bultzatu zuten printzipiotako bat da eta Woodrow Wilson Estatu Batuetako presidenteak beste mundu gerrarik izan ez zedin 1918ko urtarrilaren 9an egindako Adierazpeneko 14 puntuetako bat ere bada.

• Autodeterminazio Eskubidea berariaz onartuta dago Giza Eskubideei buruzko 1966ko Nazioarteko Itunetan; eta Espainiako Erresumak berretsitakoak dira itun horiek. Baina, horrezaz gain, eskubide hori gatazkei aurre hartzeko ezinbesteko tresna ere bada orain, Nazio Batuen erakundeak defendatzen duen bezalaxe. Horrela, identitateari eta partaide izateari buruzko gatazkak era baketsu eta demokratikoan bideratzeko erabiltzen ari dira printzipio hori zenbait gizarte moderno eta aurreratuetan. Quebec-ez, Irlandaz, Eskoziaz, eta abarrez ari naiz.
• Herrien nahiz nazioen arteko elkarbizitza gatazkak konpontzeko, elkarrekiko errespetua, elkarrizketa eta berdinen arteko elkarbizitza erabili behar dira, herriek etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela onartuta.
Beraz, Autodeterminazio eskubidea, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea, da, munduko gainontzeko nazioek lagunduta, euskal gatazka politikoa behin betiko konpontzeko aukera eman digun giltza.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Lau gogoeta horiek egin ondoren, 2007ko irailean Eusko Legebiltzarrean berariaz aurkeztu nuen bide orria aurkeztuko dut jarraian.
Euskal gatazkaren konponbideari heltzeko bide orria.
Ikusten duzuen bezala, nik aurkeztutako bide orrian bost urrats oso zehatz jaso ditut euskal gatazkaren konponbideari heltzeko 2010 urtea bukatu baino lehen.
Jarraian, bost urrats horiek azalduko ditut banan-banan.
Lehenengo urratsa:
Itun Politikoa eskaintzea:
Lehendakaria naizenez, Itun Politikoa lortzeko aukera eskaini diot Espainiako Gobernuko presidenteari, bi oinarri dituena: indarkeriari uko egiteko printzipio etikoa eta euskal gizartearen nahia errespetatzeko printzipio demokratikoa. Itun Politikoa lortzeko eskaintza hori 2008ko ekaina arte luzatuko da, Espainian egingo diren hurrengo hauteskundeak izan aurretik eta horiek izan ondoren ere.
Bigarren urratsa:
Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkura.
2008ko ekainean Eusko Legebiltzarrak aukera izango du Espainiako Gobernuko presidentearekin egindako Itun Politikoa berresteko eta, gainera, kontsulta bat egiteko baimena emateko, euskal gizarteak berronets dezan itun hori.
Itun Politikoa erdiesterik izan ez bada, lehendakaria naizen aldetik, baimena eskatuko diot Eusko Legebiltzarrari gizarteari kontsulta egiteko —kontsulta hori ez litzateke juridikoki loteslea izango—, kontsultaren bitartez egoera politikoa desblokeatu eta negoziazio prozesu bat irekitzeko.
Hirugarren urratsa:
Herri kontsulta
2008ko urriaren 25ean galdera egingo zaio euskal gizarteari. Kontsultaren bitartez berronetsiko da Estatuarekin erdietsitako Itun Politikoa, itun politikoa erdietsi bada. Ituna erdiesterik ez bada, kontsultaren bitartez euskal gizarteak agindu bikoitza emango du:
• Lehenik, ETAri aginduko dio adieraz dezala prest dagoela indarkeriari amaiera emateko eta, horrela, negoziazio prozesu bati ekin eta indarkeriaren behin betiko amaierari heltzeko.
• Bigarrenek, euskal gizarteak alderdi guztiei aginduko die negoziazio prozesuari ekin diezaiotela, Normalizazio Politikorako Itun bat erdiesteko epe jakin baten.
Laugarren urratsa:
Negoziazio prozesuak
Euskal gizarteak kontsultatutako proposamena onartzen badu, bi esparru ezberdinetan bereizitako negoziazio prozesu bikoitzari ekingo zaio.
• Alde batetik, elkarrizketaren bitartez ETAren indarkeriaren amaierari ekiteko.
• Bestetik, euskal alderdi politiko guztiek, inor baztertu gabe, Itun Politiko bat negozia dezaten, barnean eta kanpoan izan nahi ditugun harremanen esparru berriari buruz.
Bosgarren urratsa:
Erreferendum erabakitzailea
Azkenik, erdietsitako itun politikoaz erabakiko du gizarteak 2010. urtearen bigarren zatian erreferendum bidez.
Horixe da euskal gatazka konpontzeko Euskal Legebiltzarrean zinez aurkeztu dudan bide orria. Gatazka hori elkarrizketa, errespetu demokratikoa eta erabakitzeko askatasunaren bitartez konpondu beharko baita.

“The wind of freedom blows”
Stanforden goiburuak askatasunez pentsatzera eta pertsonen eta herrien duintasuna errespetatzera bultzatzen du.
Herriak ez dira handiak edo txikiak. Nazioak ez dira eskubidedunak edo eskubiderik gabekoak.
Gure Herriak bakean bizi eta bere etorkizunaren jabe izan nahi du.
Herri guztiak berdinak dira duintasunean eta herri guztiek dute eskubidea askatasunaren haizea alde izateko.
Herri eta nazio guztiek dute eskubidea etorkizuna Bakean eta Askatasunean erabakitzeko. Euskal Herriak ere bai.

Eskerrik asko.
PARTEKATU