«Nola guc ez degun icasi eusquera gueren gaste demboran,... bear bada gure ondorenguc gure lana bitarte, euskaldun ederragoac ateraco dira». A.P.Iturriaga.
Agustin Pascual Iturriaga Hernanin jaio zen, 1778ko urtarrilaren 31n, eta bertan hil zen, 1851ko martxoaren 30ean. Iturriaga mutikoak Andoainen zen apaizgaientzako ikastetxean ekin zion bere buru hornitzeari, ondoren Hernani, Oñati eta agian Iruñean hogeita sei urtez apaiztu zen.
1817ko urriaren 17an instantzia bat idatzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundira non Hernanin ikastetxe berri bat eraikitzeko baimena eskatzen den barne arautegia azalduz. Aipaturiko ikastetxea hurrengo urtean irekiko da. Ikastetxe berri honek ospe eta fama nabarmena lortu zuen eta Gipuzkoako herri, herrixka eta bailara guztietatik, baita lurralde desberdinetatik ere, Nafarroatik bereziki, mutil gazte ugari abiatu ziren bertara. Ikastetxeak lanean jardun zuen gutxienez 1823 urtera arte. Data horretatik aurrera ezin daiteke aztarnarik aurkitu. Agian itxi egin zuten eskola «errejimen konstituzionalaren alde azaldu zuelako bere burua»... beraz, arrazoi politikorik ote eskola ixteko orduan? Jakina dena da A.P. Iturriaga jakitun ziren ideologia ezberdinetako pertsonekin biltzen zela bai Donostian, bai Hernanin: Luis Arotzena, Claudio Anton Luzuriaga, Mateo Azkarate, haren anaia Kaietano eta Fermin Lasala berarekin beste askoren artean.
Nahiz eta irakas-lanetan jardutea debekatu, nahiz eta (agian) ordurako jadanik erbestean bizi beharra zer den ezagutu, ostera ere, 1830ean publikoki irakaskuntza esparruan murgildurik, ekiten dio euskararen arazo larriari, «gure hizkuntza nola irten daiteke bizi eta indartsu gaztelaniaren kupidagabeko mehatxuetatik?» eta «zer egin behar dugu bizitzaren alor denotan kementsuki erabilgaria izan dadin?»-
Arrasaten, 1830. urteko ekainean ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan onarturiko akordio baten ondorioz, bere Memoria famatua prestatu zuen A.P.Iturriagak «que adelantemos con que el vascuence sea la lengua más perfecta, como nos dicen los apologistas, lengua del paraíso, lengua filosófica.. si por medio de la escuela estamos haciendo todo lo posible para destruirla?....nos vamos a quedar como el cuervo de la fábula, hinchados de orgullo y sin queso».
A.P. Iturriagak baditu jadanik 52 urte. Zertan aritu zen geroko 21 urtetan heriotz unera arte? 1834. urtean ihes egin zuen Iparraldera non zazpi urte igaro zituen 1841. urtera arte Lapurdiko Arrangoitzen. Idazlanean gogor saiatzen da eta Muñagorrirekin alderdi politiko berri bat sortzen saiatzen da: Pakea eta Foruak. Karlistaldiak puri-purian zebiltzan.
Kantuak, bertsoak, manifestuak asmatzen ditu indar politiko horren zerbitzurako lanabes gisa. A.P. Iturriaga partaide gartsua bilakatzen da zabalkunde zereginetan.
Hiru idazlan garrantzitsu utzi zituen A.P.Iturriagak:
- 1841. Hernani: Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de las primeras letras de Guipúzcoa.
- 1.842. Hernani: Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa.
- 1.842. Donostia: Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos.
Iturriagak natura maite zuen, horrela adierazten du bere Virgilioren itzulpenetan: bere Ipuiak eta Jolaseta. Iztuetaren laguna zen eta hainbat eskutitz adiskidetasun horren lekuko dira. A.P. Iturriagaren nortasuna ezagutzeko derrigorrean eta ezinbestez Esparteroren morroi batek tiroz hil zuen Muñagorri aipatu beharra dago. Haren heriotzarekin, Iturriaga samintasunez beterik geldituko zela erraz sinets daiteke. Negar malkoak isuriaz adiskide minarengatik, apaiz otoitz eta meza ugari eskainiko zizkion bere lagun maite eta zintzoaren onerako. Lagunak ziren, Pakea eta Foruak aldarrikatu zituzten lehen karlistaldian ez ziren liberalekin guztiz bat, ezta karlistekin adostasun osoan ere. Ez ziren, ez ( inoiz inon izan ez diren bezala), gauzak eta egoerak erabat zuriak batetik, zeharo beltzak bestetik... ez ziren batzuk onak eta besteak gaiztoak, haiek euskaldunak eta euskal foruen apurtzaileak, ez ziren ez batzuk euskaldun finak eta ez besteak traidore hutsak... Muñagorrik eta Iturriagak euskara, herria eta politika ulertzeko modu berezia zuten benetan!
Muñagorriren propaganda koplen bidez egiten zen, badirudi kopla ezagun horien egilea, edo egileetako bat, Agustin Pascual Iturriaga zela. Oso kideko ziren bai politika asmoz eta bai euskaltasunez. Apaiza hamasei urtez zaharragoa zen, eta haren aholkua itzal handikoa izango zen Berastegikoarentzat. Gainera, Muñagorriren emazte Joakina Labaien Hernanikoa zen, eta hark ere zerbait egingo zuen haien arteko adiskidetasuna gehitu eta indartzeko.
Biok Lapurdi aldean zeudelarik ez ziren alferkeriatan ibili. Apaizak elizlanak gainera txolartean Ipui eta Jolasak idatzi zituen, eta buruzagi bihurtutako Berastegiko eskribauak Saratik Lastaolako mutilak zaindu eta kanpamentua hornitzen zer-nolako estutasunetan aurkituko ote zuen bere burua.
Egun urduritsu eta kezkati haietan elkarrekin hitz-aspertu luzeak egingo zituzten, Iturriagaren iritziak Muñagorrirentzat onuragarri izango zitzaizkion.
Aipatu beharrekoa bere adiskide ugarien artean -garai hartan Gipuzkoan eta bereziki Donostian ezagunak ziren Luzuriaga, Brunet, Ferrer, Alzate, Arotzena, Zuaznabar, Azkarate, Mariategi, Larralde, Iztueta- bazegoela bat bereziki, Permin Lasala, Mandaseko Dukea, hain zuzen aipatu beharrekoa, zeren berak lagundu zion Iturriagari dirua jarriz liburuak argitaratzen.
Amaitzen dut Iturriagaren beste gogoeta interesgarri batekin: «Es muy de extrañar que siendo el romance la lengua de nuestro gobierno y estando los señores maestros de primeras letras encargados de enseñárselo a sus discípulos por sernos a los vascongados necesario e indispensable a unos, útil a otros, y conveniente a todos, no se hayan proporcionado medidas auxiliares que faciliten su enseñanza.
Sin embargo son éstos tanto más necesarios cuanto que el genio del romance es diametralmente opuesta al del vascuence. Con la idea pues de ocurrir a esta necesidad se han compuestos dos libros...».
Ez ziren batzuk onak eta besteak gaiztoak, haiek euskaldunak eta euskal foruen apurtzaileak,
ez ziren ez batzuk euskaldun finak eta ez besteak traidore hutsak... Muñagorrik eta Iturriagak euskara, herria eta politika ulertzeko modu berezia zuten benetan!