Urtarrilaren 26ko manifestazioa

Urtarrilaren 26ko manifestazioa
26
Urtarrila
2008
Hainbat agiri

«Gure erakundeen alde» komunikatua
Eskerrik asko!

Gaur hemen, Bilbon, egin dugun manifestazioaren helburua ez da epaileak presionatzea edota beren inpartzialtasunari kalte egitea. Ez dugu mesede judizialik nahi, ezta gure erakundeak eta ordezkariak legearen gainetik jartzea ere.

Baina nola geldituko gara isilik, Estatuko botere baten ordezkariek euskal gizartearen borondate demokratikoaren kontra demokrazia ezarri zenez geroztik hartu duten erabakirik larrienaren aurrean?

Joan den astelehenean ezagutu genuen Auzitegi Gorenaren epaia. Desobedientzia delitua leporatzen die Juan Maria Atutxari, Gorka Knörri eta Kontxi Bilbaori. Eta hori larria da. Larria da, berekin dakarren umilazio pertsonalarengatik, larria da epaiari darion mendeku-kutsuarengatik, larria da erabaki guztiz korporatibista delako, arbitrariotasunez eta neurri desberdinak aplikatuta epaitzen duelako, aste batzuk lehenago bankari bat erantzukizunik gabe aske utzi baitzuten, larria da eskuin muturreko sindikatu baten akusazioa duelako oinarri... Baina, batez ere, euskal instituzioetan esku hartzen duelako, kalte egiten eta deslegitimatzen. Bereziki Eusko Legebiltzarrari egiten diolako eraso, Euskal Autonomia Erkidegoko organo legegileari, bere independentzia, autoantolakuntza eta legitimitatea saboteatzen. Esku-hartze horrek, botere banaketa ez ezik, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aski ongi desberdindutako muinari berari egiten dio kalte.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiko ordezkarien kontrako epaiak zuzenean egiten dio eraso Legebiltzarraren autonomiari, bere burua antolatzeko duen ahalmenari, Autonomia Estatutuari. Elkarbizitzako itun politikoaren espirituaren kontrakoa da.


Eta are larriagoa dena: Auzitegi Gorenaren epai hau ez da ez kasualitatezkoa. Ez da gertakari bakan bat. Jakin badakigu ekimen arbitrario baten lehen pausoa dela. Epaileak pixkanaka-pixkanaka ari zaizkio forma ematen. Atzo bertan, manifestazioaren bezperan, ezagutarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko areto batek erabakia: ezetsi egin zuen Batasunarekin hitz egin izanagatik abiarazitako kausa penala artxibatzeko lehendakariak aurkeztutako suplikazio-idazkia.

Ez da kasualitatea Justizia Auzitegi Nagusiak lehendakariaren kontrako erabaki hori manifestazio honen bezperan ezagutarazi izana. Ondo dakigu helburua zein den. Baina oker dabiltza. Izan ere, herri honek, baretasuna oinarri hartuta, printzipio erabat demokratikoak aldarrikatuta, erantzuna emango dio. Herri honek jakin badaki zentzugabekeria honi erantzuna ematen, justiziaren politizazio eta erabilera onartezin honi aurre egiten.
PARTEKATU