Amatiño
Iritzia
Euskadi Irratia
Xabier Azanza, Nafarroako Ikastolen lehendakaria, Euskararen Nafar Institutuaren hurrengo zuzendaria izango da. Inork ez du zalantzan jartzen Azanza jaunaren euskaltzaletasuna eta, dirudienez, nafar guztiek dakite ez dela UPNkoa. Orduan, zer egin dezake Azanza euskaltzaleak euskararen kontrako horren nabarmena den UPNren agintepean?
Betikoa. Zenbaitek esango du Nafarroako baldintzetan ez dagoela euskararen alde ezer egiterik, bertako Euskararen Legea aldatzen ez den artean alferrik dela ezertan hastea. UPNri jokoa egitea besterik ez dela, eta euskal hiztegi sasi-iraultzailea erabiliez gero: kolaborazionismo hutsa.
Beste zenbaitek esango du, ostera, edozein euskaltzale Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari jartzea berez dela, besterik gabe, aurrerabidea, normalizazio punttua. UPNek erabaki hori hartu behar izana Nafarroako euskaltzale guztien garaipena dela. Eta, txarrenean ere, nor euskaltzalea baino egokiagorik Legerik ziztrinenari jariorik naroena ateratzeko?
Botila erdi betea ala erdi hutsa. Filosofia biak sustraituak daude gurean. Sustraituak eta kontrajarriak. Zenbait beti gertu, aukerarik murritzenaz baliatzeko. Beste hainbat beti prest, ezer ez dela aldatu aldarrikatzeko
Manuel Irujo nafarrari galdetu genion behin kazetariok ia zer arraio egiten zuten abertzaleek nazioarteko batzarretan, Ipar Ameriketako Estatu Batuek frankismoa bedeinkatzen zuten garai ilunetan. Eta Lizarrako semeak erantzun: “Egin egin, nahi genuen baino gutxiago, baina egon egin behar genuen”.