Iritzia
15Urria
2007
15 |
Iritzia

Lactarius deliciosus

Iritzia
Urria 15 | 2007 |
Iritzia

perretxiko sasoia dugu. Hainbat otordu egiteko mordoxkadak hartzen ditut nik, etxetik ordubetera oinez. Lantzean behin pinu-onddo edo urretxaren bat, galanpernak gehiago eta robelloiak (Lactarius deliciosus: nizkaloa, piñutela...), berriz, biharamunean txiza gorria egiteko lain.
Zenbait perretxikozalek gutxietsi egiten du pinuditako robelloia. Ez omen da hemengo perretxikoa, oraintsu arte gurean jaten ez zena, katalanen gustukoa baino ez. Auskalo zergatik ez zuten gure zaharrek pinu-perretxikorik jaten... Erdipurdikotzat baztertzen zituztelako ala XX. menderarte pinudirik ez zelako?

Robelloia 1920 inguruan hasi ei zen gure artean jaten, lanera etorritako katalanen eraginez. Ordutik honako janari berriak baztertu beharko bagenitu ezin izango genuke tomate gordinik ere jan. Ez nuen nik gaztetan piña naturalik ezagutu, ezta endibiarik edo Tuterako kukulurik ere. Eta zer esanik ez kiwiak edo Ibarrako piperminak, bart gauekoak baitira, Gernikako piperra Donostialdean berria den bezala.

Ez dakit nik gure pinudietan sor-tzen den robelloia zenbateraino den kanpokoa, pinua bera baino kanpokoagoa… esangura dut. Robelloitan ikusten ditudan perretxikozaleak ez dira behintzat kanpotarrak, inguruko baserritarrak baino.

Txapelak ahuspez jarri, kirtenak zatitu, berakatza eta perrexila xehetu, gatz ikutuaz oliotan prejitu eta… katalanek ez omen dakite jaten. Ez, katalanek ez dakite baina guk Santimamiñen muxilak bizirik jaten genituen denboretan, eurak ardoa eta olioa ezagutzen zituzten. Ez gero ahaztu Lactarius Deliciosusa izenaren jabe izateaz gainera, Ponpeiako aztarnegietako marrazkietan ager-tzen dela.

PARTEKATU