egunak aurrera ahala, harridura mingotsak pasabidea utzi dio, nire baitan, askoz ere sentimendu bareago eta, hein berean, probetxagarriago bati: mirespena. Ez da, ordea, erabaki baten balio etiko soilean finkaturiko mirespena barruratu zaidana. Josu Jonen erabakia, askori zirrara eragin dion erabakia, egia da, ohiz kanpoko nortasun politiko baten adierazlea da, eta txalotzekoa, zinez, bere horretan, juzku zein balorazio gehiagorik gabe ere.
Bestelakoa da, baina, eragin didan gogoeta, eta gogoeta hori komunikatu nahi dut lerrootan, intimitatearen esparrurako gordeta beste ezpal bateko sentipenak, hala Josu Jonen agurra asmo gardenez baloratu dutenen ahotsei nirea elkartuz (bateko zein besteko interesaz ere hauspotu dituzte iritziak, han-hemen, politika botere-joko soiltzat hartzen dutenek, eta, haiekin batera, herra politiko bitxi batez Josu Jon deabru partikulartzat hartua zutenek: batzuei eta besteei izkin eginda mintzatzea da, nolanahi ere, nire asmoa).
Aitor dezadan, bada, erantzukizuna dela, lehenik eta behin, Josu Jonen erabakiari darion balio behinena. Alderdi edota ideologia jakin baten harresietatik -harri benetan gogorrez eraikiak- haratago doan eta begiratzen duen erantzukizuna izan da Josu Jonen bizitza politiko instituzional akaso laburregiaren ardatza, eta horren araberakoa izan da agurra. Izan ere, Josu Jonek ez du akituaren edo galtzailearen agur etsia esan. Aitzitik, gizarte batenganako atxikimendu garbi batez mintzo zaigu Josu Jonen agurra: gizarte anitza eta, neurri berean, behar bezala egituratua, josia, elkar hartua. Gizon-emakume ezberdinek osaturiko herri bat, nazio bat, nahi duelako, noski, Josu Jonek, eta horrelako ametsa gure baitan elikatzen dugunok bai baitakigu oinarrizko adostasun zibila dela benetako sistema demokratiko baten zutabe nagusia, eta neurri berean dakigu onurarik ez dakarkiola gizartegintza gisa ulerturiko naziogintzari alde bakarreko indar-metaketa orok.
Bestela esanda, Josu Jonen urteotako proposamenek (egin baititu, bai, ugari, idatziz, jendaurrean…) konpromiso garbi bat adierazi dute: alderdi batu bat, euskal komunitate batu baterako; alderdi moderno bat, euskal gizarte moderno baterako; alderdi berritzaile bat, herri berritzaile baterako; europartasunean gorituriko alderdia, Europan eta Europako bere txokoan zentzu betea hartzen duen nazio baterako.
Norabide ugaritako konpromisoa, beraz, Josu Jonek agurraren aurretik eta bere agurraz ere mamitu duena: nazionalismo eraberritu baten aldekoa, nazionalismo eraberritu hori nahitaezko tresna baita euskal politikagintza eraberritzeko garaian; ezberdinen arteko adostasunaren bilaketan historikoki bere onena eman ohi duen nazionalismo barearen aldeko konpromisoa, herri honek lortu dituen guztiak bide horretatik etorri baitira, eta atzerapausoak, berriz, joera hori bihurritu nahi izan denetan gertatu baitira; oinarri teoriko sendoetan bermaturiko abertzaletasunaren aldeko konpromisoa, luzaezina baita, ezaguera eta informazioaren garaian, pentsaera modernoa eguneroko jardun politikoan irmo txertatzeko eginahala.
Ideia-bilduma eraginkor sendoa, horra Josu Jonen oparia, ez soilik EAJri, euskal eta europar gizarteari. Bide batez esanda -eta nire erantzukizun instituzionalak batere behartu gabetan diot hau-, eskertzekoa da, baita ere, euskaraz bizi, ekoitzi eta teorizatzeko Josu Jonek bere zeregin ezberdinetatik gauzatu duen zalapartarik gabeko jardun euskaltzalea. Aldarririk eraginkorrena, honetan ere, naturaltasuna.
Hala ere, eta aurretik aitortutakoak aitortuta, ez litzateke Josu Jonen merezimenduen araberakoa izango omenaldi xume hau, aurrera begira jarriko ez banintz, une batez badarik ere. Josu Jonen agurrak, besteak beste, etorkizunerako beste zubi bat ireki baitu EAJn, lehenik, eta euskal politikagintzaren eremuan ondoren: politikak sarbidea duen bezala, irtenbiderik ere izan behar du, baina ez porrotaren zulo beltzetik, baizik eta, Josu Jonen kasuan bezala, koherentzia eta zerbitzu-mentalitatearen plaza zabaletik. (Artikulu hau bidaltzear nintzela, Joseba Egibarren erabakiaren berri ematen hasi dira hedabideak. Josu Jonen erabakiaren haritik heldu zaigun ekarpentzat hartzen dut Josebarena, eta hein horretan esanguratsua eta positiboa irizten dut, zinez. Batasuna ez baita aurrerabiderako baldintza bakarra, bai, ordea, premiazkoena).
Utopikoa da, badakit, politikaren kontzepzio amateur zale erradikala. Politikak, beste edozein giza ekinbide bezala, prestakuntza berezia eta berezkoa behar baitu, eta profesionaltasuna da, gehienetan, horretarako bermerik seguruena. Baina, hori errealismoz onartzeagatik ere, gaur egun handiegia da -eta egunez egun handiagotzen ari da- gizartearen eta politikarien arteko tartea, eta politikariari dagokio tarte hori berdintzeko ahalegin nagusia. Nola? Josu Jonek erakutsi digu, behintzat, aukera bat: sakoneko eztabaida politiko-ideologikoa, ezaguera eta informazioaren garai honetan, ezin da alderdien hormen barruan ito: zabaldu beharra dago leihoa, atera beharra dago debatea herriko plazara, beldurra galdu behar zaio ezadostasun leialari, garbitu behar dugu, denok ere, hurkoarekiko begirada, leialtasunez eta errespetuz. Elkarrekin ideiak sortu eta lantzeko gaitu behar dugu geure burua, aldakuntza lege nagusitzat duen mundu honetan aitzindari, eta ez azken hondar, izan nahi badugu.
Honainokoak (eta beste asko, xeheago aletu beharko liratekeenak) utzi dizkigu oinordetzan Josu Jon demokrata abertzaleak: beste askorekin lankidetzan umotutako fruitu benetan ederrak. Zor handiegia iruditu zait, aitorpen eta esker on publikorik gabe uzteko.