Iritzia
20Abuztua
2007
20 |
Iritzia

Bedarren artea

Iritzia
Abuztua 20 | 2007 |
Iritzia

Andoni Luis Aduriz sukaldariaren eskutik -eta Sánchez Ostiz idazlearen hitzaurre eta guzti- kalean da Diccionario botánico para cocineros hiztegia non Mugaritz jatetxeko nagusi gazteak, sukaldean erabili izaten dituen belarrez gainera, hainbat errezeta eta usain-belarren zerrenda eskaintzen dituen. Belar-kontua zeharo aldatu da Jose Maria Lakoizketa apaiz baztandarrak (Narbarte, 1831-1889) Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el valle de Vertizarana (1885) eta Diccionario de los nombres euskaros de las plantas (1889) argitaratu zituenetik.
Belarrak...

Gurean behintzat ez da sekula belarrik falta izan. Gure aittitta zenak, Amatiñoko baserri-minez edo, denetariko belarrak ereiten zituen Eibarko tailerraren teilatu gainean. Baita ukenduak egin eta zauri zolduak osatu nahirik pasmo-belar bila ate joka etortzen ziren auzokoei doan eman ere.

Zazpi urte besterik ez nituen nik gure amak Iñaki Barriolaren La medicina popular en el País Vasco (Donostia, 1952) erosi zuenean (0,18 euro), eta nere seme-alabek umetatik ezagutu dituzte etxeko liburu-arasetan Retanaren Plantas venenosas útiles eta Hierbas medicinales (Bilbao, 1979), besteak beste.

Urteak joan eta urteak etorri, belarrak ez dira segurutik batere aldatu baina bai, dezente asko gero, belarzaleak.

Barriolaren belar-kulturak sorginekin zer ikusirik zuen, Retanarenak ilustrazioarekin eta Adurizenak, berriz, gastronomiarekin. Barriolarena etnografia zen, Retanarena zientzia eta Adurizena, ostera, artea.

Belarrak ere garaian garaiko modei, baloreei eta kontsumoei egokitzen asmatu izan dute. Esan beharrik ere ez, jakina, izaki biziak direna eta, horretara, esperientziaren jabe.

PARTEKATU