Elkarrizketak
19Abuztua
2007
19 |
Elkarrizketak

Xabier Agirren (Berria)

Elkarrizketak
Abuztua 19 | 2007 |
Elkarrizketak

Agirre: "EAJk leial jokatu du; beste batzuei dagokie desadostasunak konpontzea"
Estreinatu berri duen bulegoan hartu du BERRIA Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak (Gasteiz, 1951). Nekatuta dagoela aitortu digu, azken hilabeteetako zurrunbilo politikoak atseden hartzeko aukerarik ez baitio eman. Hala ere, zoriontsu dago, aurrean duen erronkarekin «ilusioz beteta».

Benetan pentsatzen zenuen azkenean Arabako ahaldun nagusi izango zinela?

Egia da hauteskunde emaitzak ikusita, PP, PSE eta EAJ lehia estu-estuan geundela. Hortaz, argi zegoen aukerak erabat irekita zeudela, eta edonor izan zitekeela Diputazioko buru. Guk hasiera- hasieratik oso planteamendu argia egin genien gainerako alderdiei: hirukoa 18 biltzarkide mahai gainean jartzeko prest zegoen gainerako alderdiekin akordioa lortzeko, batez ere PSErekin. Izan ere, uste genuen Aldundia gidatzeko zilegitasun handiagoa zuela 18 biltzarkide zituenak 14 biltzarkide zituenak baino. Hori esanda, aitortu behar dut azken bi hilabeteetan ziurtasun falta izan dela nagusi, eta ez dudala batere argi izan ni izango nintzela etxe honetako buru.

Hortaz, osoko bilkurako azken minutura arte ez zenuen zeure burua ahaldun nagusi modura ikusi...

Azken astera arte ez nuen argi ikusi. Osoko bilkuran Ezker Batuak eta Aralarrek zer jarrera izan behar zuten bagenekien. Baina, aldi berean, ez genuen baztertzen azken unean beste alderdi batzuek bestelako akordioak erdiets zitzaketela, eta gure planteamenduak porrot egin zezakeela. Eta bai, ezustez betetako bilkura izan zen. Bainagero ilusioa ere etorri zen, edozein arabarrarentzat Diputazioko agintea eskuratzea harro egoteko modukoa baita.

EA eta Aralarrekin gobernu akordioa lortuta, gutxiengoan agindu beharko duzu datozen lau urteetan. Kezkatzen zaitu?

Oinak lurrean ditut, errealista naiz. Jabetzen naiz Biltzar Nagusietako ordezkaritzaren heren bat baino ez dugula, hau da, 17 biltzarkide. Beraz, ezinbestekoa dugu elkarrizketa eta akordiorako bideak etengabe irekita izatea alderdi guztiekin, inor baztertu gabe. Gutxiengoan egon diren gobernuak egon dira beste erakunde batzuetan; esaterako, Ramon Rabanerak gutxiengoan agindu zuen 16 biltzarkiderekin iragan legealdian. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren egoerak ere berdinak dira... Horregatik, behin baino gehiagotan esan dut bazterketarik gabeko elkarrizketa bultzatuko dudala, ez baitago beste biderik akordioak lortzeko. Diputazioan betidanik ordezkaritza politiko askotarikoa egon da, Arabako gizartearen isla, eta hori kontuan hartu beharreko ezaugarria da beste alderdiekin hitz egiterakoan.

Alderdi guzti-guztiekin hitz egingo duzu, inor baztertu gabe?

Bai, noski. Talde guztiek merezi dute errespetua, eta talde guztiak aintzat hartuko ditut. Alderdi guztiek dute zilegitasun berbera, baita hainbat tokitan aurkezterik izan ez duten alderdiek ere.

Aro politiko berri bat hasiko dela iragarri duzu. Zer desberdintasun izango ditu etapa berri honek PPren agintaldiarekin alderatuta?

Politika egiteko beste modu bat ekarri nahi dut Diputaziora. Hau da, alderdien eta erakundeen arteko etengabeko liskarra eta ika-mika alde batera utzi nahi ditut, sinetsita bainago gizartea ez dagoela suminduta. Nahiko nuke politika egiteko beste modu bat ezarri. Eztabaidak egotearen aldekoa naiz, bai, baina irainak eta liskarrak alde batera utzita.

Alderdiak ez zarete akordio lortzeko gauza izan Arabako Diputazioan. Zergatik?

Hiru alderdi nagusien artean alde estua egon da, batek ere ez du gehiengorik lortu, eta horrek akordiorako aukera ugari ireki ditu. Egoera horretan alderdi bakoitzak negoziazio estrategia propioak egin ditu, eta nork bere kalkuluak egin ditu. Horrez gain, abagune politikoak zaildu egin du zenbait alderdiren artean akordioa lortzea. Negoziazio prozesu korapilatsua izan da, baina halakoxea da politika.

Elkar ulertzera behartuta zaudete EAJ eta PSE Araban?

Arabako Diputazioko eta Gasteizko Udaleko egoera oso antzekoa da, agintean gauden alderdiok ez baitugu behar besteko gehiengorik gobernatzeko. Hortaz, bi alderdion artean elkar ulertzea ezinbestekoa izango da. Esan behar dut ahaldun nagusi aukeratu eta segituan Patxi Lazkozek deitu egin zidala irailean bildu eta hitz egiten hasteko gonbita egiteko. Zentzuzkoa da bi alderdiok elkar ulertzea, EAJk egonkortasuna eman ahal diolako Gasteizko Udal gobernuari, eta gauza bera egin dezakeelako PSEk foru gobernuan. Erakundeetako egonkortasuna hainbat modutan lortu ahal da, gainera. Txarli Prietok, esaterako, elkarlanerako deia egin digu, eta iradoki du PSEk kanpotik babesa eskaini ahal diola foru gobernuari. Kontuan hartzekoa da proposamena.

Eta ezker batuarekin zer-nolako harremanak dituzue une honetan?

Pertsonalki, ez dugu arazorik. Politikoki... nik uste dut alderdi politiko bakoitzak bere estrategiak finkatzen dituela, eta batzuetan estrategia horiek ongi ateratzen direla, eta beste batzuetan, gaizki. Kasu honetan, ezker batuari ez zaio ongi atera.

Bozketan izandako jarrera ikusita, pentsatzekoa da foru gobernuan parte hartzeko eskaintzarik ez diozuela egin EBri...

Galdera hori egin izan didatenean beti adibide berbera jarri dut: enpresa bat utzi eta horrekin lehian dagoen beste batera joaten denak utzitako enpresaren etekinak kobratzen jarraitu nahi izatea ez da zilegi. Ezker Batuaren kasuan, ez dut uste une honetan gobernuan sartzea egokiena denik. Baina nik espero dut gai erabakigarrietan bat egingo dugula hirukoa osatzen dugun alderdiok, baita Aralarrekin ere. Hortaz, ez dago hondatu zertan gure arteko harremanak. EAJk leialtasun osoz jokatu du EArekin, Ezker Batuarekin eta Aralarrekin, eta beste batzuk izan dira, egoera jakin batzuetan, beste bide batzuk hartu dituztenak. Haiei dagokie ahalegin handiagoa egitea egoerak bere onera ekartzeko, eta sortutako desadostasunak konpontzeko.

Ezker Batuak traizio egin dizula sentitzen duzu?

Inbestidura saioan leialtasun falta egotzi nion EBri. Bi alderdiok --eta EA eta Aralar ere bai-- garrantzi handiko printzipioek batzen gaituztela uste dut, baina susmoa daukat Araban Ezker Batuak lehentasuna eman diela politikatik haratago doazen kontuei. Esan dudan moduan, norberak bere kalkuluak egiten ditu, eta batzuetan ez dira ongi ateratzen.

Hirukoa dela etorkizuneko formula pentsatzen duzu oraindik?

Bai, uste baitut hiru alderdiok bat egiten dugula garrantzi handiko gaietan; batetik, printzipio etiko batean, hots, giza eskubide eta askatasun zibil eta politikoen aldeko defentsan. Eta, bestetik, printzipio demokratiko batean, hau da, euskal gizarteak bere etorkizunari buruz galdetzeko duen eskubidearen defentsan. EAJ, EA, EB eta Aralarrek bi printzipio horiek ditugu gure ideologiaren ardatz modura, eta, beraz, gure arteko lokarria da, bai orain, eta pentsatzekoa da etorkizunean ere hala izango dela.

Beraz, EBren jarrerak Eusko Jaurlaritzaren eraketan eraginik ez duela izango uste duzu ?

Ezker Batua da etorkizunari begira jarrera argitu beharko duena, ez besteok. Bera baita beste gauza batzuetara jolasten aritu dena. Esan beharra dago, hala ere, Javier Madrazok berak hirukoaren aldeko apustua berretsi duela, eta ni horrekin geratuko naiz.

EAE-ANVk zeu ahaldun nagusi izatea ahalbidetu izana zer iruditu zitzaizun?

EAE-ANVk inbestidura saioan adierazi zuen bere boza erabiliko zuela PSEko hautagaia ahaldun nagusi izan ez zedin, baina Aralarrek iragarri zuenean abstentzioaren alde egingo zuela, egindako proposamena atzera bota zuen. Nik eskertu egin nien hasiera batean eman behar zidaten babesa, nahiz eta gero aldatu egin zuten boza.

Aralar lehenengoz sartu da foru gobernu batean. Zer ekarpen egingo dio gobernu berriari?

Hasiera batean dirudien baino garrantzi handiagoa du Aralarrek Arabako Aldundiko gobernuan parte hartzeak. Nire irudipena da, ezker abertzaleko zati bat den heinean, aurrerapauso garrantzitsua dela, bide egokian egindako pausoa dela. Horrek erakusten du ezker abertzalearen zati jakin batek pauso hori eman duela, bide politikoen aldeko konpromisoa hartu duela gobernuan parte hartuz. Gauza berria da, eta, aldi berean, ekarpen garrantzitsua.

Arabako Aldundian Aralarrekin lortutako akordioak beste erakundeetarako bidea ireki lezake? Jaurlaritzan, esaterako?

Bai. Arabakoa lehen pausoa izan da, baina beste esparru eta erakundeetan alderdi horrekin akordioak lortzea ahalbidetu dezake.

EBBrako barne hauteskundeetan garrantzitsuena datozen urteetarako «errepide mapa» zehaztea izango dela uste du Xabier Agirrek, eta ez horrenbeste pertsonen inguruko eztabaida.

Zuzendaritza berritzeko prozesuan murgilduta dago EAJ. Imazen eta Egibarren ildoen artean akordioa lortzeko aukera ikusten duzu ?

EAJren bi ildoen inguruan gehiegi hitz egiten da komunikabideetan. Nik uste dut besteren begian edozein samar ikusi baino lehen, norberaren begian habea ikusi behar dela. Estatuko edozein alderdi politikotan dago ildo bat baino gehiago. Gisa honetako gauzak alderdi jakin batzuetan gertatzen direnean arazoak sortzen dira, baina EAJren kasuan, barne demokraziak benetan funtzionatzen du. Ez nau beldurtzen jarrera politiko bat baino gehiago izateak. Barne eztabaida egotea osasun demokratikoaren seinale baita. Hori esanda, azpimarratu nahiko nuke alderdi barruko aurkakotasun ideologiko hori daramaten bi pertsonek esan dutela pertsonak ez direla arazo izango barne prozesu honetan, garrantzitsuena alderdiaren estrategia politikoa finkatzea delako, EAJk datozen urteetan izango duen errepide mapa zehaztea delako. Hori konponduta, batasuna lortzeko irizpideak bilatu behar direla uste dut, denek bat egingo dugun ponentzia politikoa egitea. Garrantzitsuena akordioa lortzea da, eta bigarren maila batean geratu behar du pertsonen auziak.

Duela lau urteko lehia errepikatuko dela uste duzu?

Denok bat gatozen planteamendu politikoa baldin badago, ez du zertan duela lau urteko liskarra gertatu.

Herri galdeketa legealdi honetan egitekoaren aldekoa zara?

Ibarretxe lehendakariak irailean egoera politikoari buruzko eztabaidan proposatuko duena ikusi behar da. Ez dakit herri galdeketarik proposatuko duen, eta egitekotan, zer baldintzatan egingo den, noiz, nola, zer-nolako galdera egingo den... Ibarretxek iragarriko duena orain arte defendatu duenarekin koherentea izango dela uste dut. Ziur nago normalizazio politikoaren eta bakegintzaren aldeko pauso garrantzitsua izango dela . Herri galdeketari ez zaio inolako beldurrik izan behar, jendeari zer nahi duen galdetzea baino gauza demokratikorik ez baitago.

PARTEKATU