Elkarrizketak
06Abuztua
2007
06 |
Elkarrizketak

Félix Aranbarri (Deia)

Elkarrizketak
Abuztua 06 | 2007 |
Elkarrizketak

"Badakigu une txarrak pasaraziko dizkigutela baina Ondarroaren alde arduraz jokatu beharra zegoen"
Trantsizio ostean Ondarroak izan zuen lehen alkatetzat hautatu zuten herritarrek Felix Aranbarri jeltzalea. Orain, berriz, herriko ordezkari nagusi bilakatu bada ere, ez du alkate moduan egingo, Kudeaketa batzordeko presidente bezala baizik.

HUMBERTO UNZUETA

Alderdien Legeak utzitako ondorioen ondorioz, politikoki batere normalak ez diren egunak bizi ditu Ondarroak. ANVk parte hartzerik izan ez zuen bozetatik irten ziren alkate eta zinegotziek ez zituzten karguak bere gain hartu eta, ondorioz, Kudeaketa batzordea sortu zen. Felix Aranbarri demokrazia garaian Ondarroan izandako lehen alkateari egokitu zaio herria kudeatuko duen erakundearen presidentetza.

Zuretzat hau guztia ez da berria.

Ez, baina apur bat ahaztuta nuen, hogeita bi urte asko dira eta gauza batzuk ez dira ahazten baina beste batzuk bai.

Ez da kontu berria baina neurri batean bai, zeren alkate alkate ez zara, batzordeko presidente baizik.

Hori da, alkate izan nintzen, orain Kudeaketa batzordeko presidente naiz eta ez dira gauza bera. Askok deitu didate alkate baina ez naiz hasiko horrela deitzen nauen guztiari azalpen guztiak ematen.

Erronka latza egokitu zaizue herriko giroa nola dagoen kontuan hartuta.

Bai, halaxe da, baina ni alkate izan nintzen garaia ere ez zen erraza izan. Oraindik ez dut orduko ahaztuta. Hau desberdina da. Orduko ilusio berberarekin heldu diot eginbehar honi. Orduan ez zegoen dirurik ezer egiteko, proiektuak planteatu eta aurrera ateratzeko. Gaur egun, berriz, ez dago horrelako arazorik, gauzak ondo kudeatuz gero aurrera ateratzeko behar diren bitartekoak lortu ahal dira modu batera ez bada, bestera. Duela 28 urte, kudeaketa ona egin arren, egitasmo askorentzat ez zen dirurik lortzeko modurik aurkitzen.

Orain dirua lortzeko zailtasun handirik ez duzu izango, baina ANVk gogor jo du batzordearen aurka.

Ez dakit Estatu espainiarrean, baina Euskal Herrian behinik behin ez dago gertatutakoaren aurrekaririk. Batzordeak normalean Marbellan gertaturikoak gertatzen direnean osatzen dira, baina legegintaldi hasieratik batzorde bat egin beharrak zeozer txarto dagoelaren seinale da. Ez du zentzurik, eta horrek ageri uzten du Espainiako legedian gauzak ez daudela ondo. Edozein modutan, gauzak hala etorri dira eta halaxe hartu behar dira.

Herritarrek zer esaten dizute?

Oro har jendeak ondo hartu du nire izendapena. Zorionak emateko baino, animoak emateko hurbiltzen zait jendea eta kezka agertzen du egoera konplikatuak biziko ditugulako, baita maila pertsonalean ere. Bagenekien txarto pasatuko dugula baina arduraz eta eran-tzunkizunez jokatu beharra zegoen Ondarroa aurrera atera ahal izateko eta udaletxeri gabe geratu ez zedin. Talde ona osatu da eta horrek asko laguntzen du. Nire alderditik batzordea osatzen duten beste alderdikideak kudeaketan, administrazioan eta politikan eskarmentu handia dute eta hori garantia handia da bai niretzat bai herriarentzat.

Orain hiru edo lau hilabete espero al zenuen ataka honetan egongo zinenik?

Ezta inondik inora ere, eta are gutxiago herri batzordeko presidentetzan izango nintzela. Baina ikusi nuenean alkate irten zen alderdikideak alkatetza ez zuela hartuko, alderdiko zuzendaritzari eskaini nion neure burua edozertan lagundu ahal izateko. Eta hemen nago.

Zelan baloratzen duzu PP ez beste alderdietako zinegotziek eta alkateak karguak hartu ez izana?

Eurak aurkeztu zireneko karguak hartu ez bazuten eta nik, berriz, hartu badut, bistan da ez dudala bat egiten euren erabakiarekin. Eurak izan dituzte arrazoi batzuk egin dutena egiteko eta nik beste batzuk ditut erabaki hau hartzeko.

Beldur izatea libre da.

Hori halaxe da. Ez pentsatu ni beldurrak ez nagoenik... baina zen-tzuzko beldurra da. Badakit arriskuak hor daudela, lehendik dakit zer den nire kontra zuzen zuzenean erasotzea. Duela hamar urte nire autoa erre zutenetik zuhurrago nabil, baina besterik gabe.

Batzordea osatuta eta ardurak banatuta daude. Nondik ekingo diozue herriko arazo eta behar izanen kudeaketari?

Gure alderdiak programa bat aurkeztu zuen hauteskundeetara eta batzordeak errespetua zor dio hark dioenari. Hala ta guztiz ere, han aipatzen direnez gain, uste dugu badaudela beste gai garrantzitsu batzuk eta hoiek bideatzen ahaleginduko gara.

Eta zeintzuk dira herriaren premia eta lehentasunak?

Arrantzatik bizi garen herria izanik, arrantza beheraka doala ikusten dugu eta ez dago beste ezer hortik aparte. Ez dago bestelako industriarik eta gazteentzat ez dago etorkizunik. Gainera, inongo enpresarik ez du etorri nahi Ondarroara, ezta lurra erregalatuta ere. Komunikabideak ere txarrak dira, edonondik urruti geratzen gara. Horregatik ez dator edo ez da sortzen enpresa berririk herrian. Egoera honi buelta eman behar dugu, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren eskutik.

Udalbatza arrunt bat eduki beharrean, batzorde bat izateagatik Ondarroa kaltetuta geratuko da herriko arazoen kudeaketari dagokionez?

Batere ez, eta are gutxiago herri batzordea nortzuk osatzen duten ikusita. Are gehiago, eta hauteskundeetan zinegotzi irtzen zirenekiko errespetu guztiarekin, galdu baino irabazi egin du Ondarroak.

ANVk batik bat EAJri egozten dio Alderdien Legearen ondorioen errua.

Hori ez da horrela. Apur bat atzera eginez denboran ikus daiteke zelako erantzuna eman zion ezker abertzaleak Alderdien Legeari. Guk, EAJk, lege horren kontra jo genuen eta bozkatu ere kontra bozkatu genuen bozkatu behar zen lekuan. Aitzitik, eurak ez zuten halakorik egin eta orain geuri leporatzen digute lege horrek dakar-tzan ondorioen errua. Hori ez da bidezkoa ezta politikoki heldua ere.

Zelako hartu-emana izango duzue ANV edo ezker abertzalearekin?

Badugu asmoa eurekin harremanetan jartzeko, baina ikusita gauzak zelan etorri diren konplikatua izango da. Gainera, eurak baztertu egin dute Kudeaketa batzordearen formula hau eta ez dute ezer jakin nahi gurekin. Gure aurkako arazoek ere zaildu egiten dute harremana, baina hala ta guztiz ere guk badugu eurei entzuteko eta hitz egiteko intentzioa. Ezin da ahaztu hainbat herritarren sostengua dutela eta ondarrutarrak direla.

EAk ez zituen zegozkion bi gestoreak hartu.

Ez ditu hartu, baina hala ere eskaintza egingo diogu legearen barruan herriaren aldeko lana egin nahi badute arduraren bat hartu dezaten.

PROFILA

Nortasun agiria

· Adina. 67 urte

· Jaioterria. Ondarroa

· Ibilbide politikoa. Franco hil ondorengo Ondarroako lehen alkatea izan zen EAJ alderdiaren eskutik. Hura utzi ondoren, alderdi jeltzalearaen barruan zenbait kargu eta ardura izan ditu, batik bat Bizkaiko Buru Batzarrean eta horien artean nabarmentzen da Lurraldeko Barne Tribunaleko kidetza. Jubilazioan iritsi zaio eginkizunik bereziena: Ondarroako udaleko Kudeaketa Batzordeko presidentetza.

PARTEKATU