Ariztondo: "Iraun ezin zuen Ondarroako egoerari irtenbidea jarri diogu guk"
Ondarroa kudeatzeko batzordea goizean sortu ostean, Sabin Etxean dago Josune Ariztondo. Gehienek oporrak hartu dituzte EAJren egoitza nagusian, eta apenas entzuten den zaratarik. Kudeaketa batzordea sortuta, herritarrek dituzten beharrei erantzuna emateko egin zezaketen onena egin dutela uste du.
Bizkaiko Diputazioan osatu zenuten Ondarroa kudeatuko duen batzordea. Ondarroarrek nola hartuko zaituztetela espero duzue?
Aurretik zerbait ikusi da, eta ez dakit nik gauza askoz gehiago azaldu behar den. Baina, azpimarratuko nuke ikusi ditugun horiek herriaren zati bat direla; kontuan hartzekoak, noski, baina zati bat. Beste hainbat herritarrek begi onez ikusi du guk egindakoa, hilabete pare bat joan eta gero, azkenean, bide eman diogulako, Udaleko gaiak abian ipiniz, herriko martxa hartzeari.
Ondarroan EAE-ANVren zerrenda izan zen bozkatuena, baina ez dute kudeaketa batzordean ordezkaririk izango. Zer iruditzen zaizu?
EAE-ANVri Ondarroan botoa eman ziotenek bazekiten boto horiek ez zutela balio gobernatzeko, eta hori EAE-ANVk berak ere bazekien. Bitxikeria bezala jartzen dut: hauteskunde ondoren EAE-ANVko alkateek Bergaran eman zuten prentsaurrekoan ez zegoen Ondarroako inor, eta egun hartan komunikabideei eman zieten EAE-ANVko alkateen zerrendan ere ez zen Ondarroakoa agertzen. Bi hilabetean eduki dugu Udala udalbatzarik gabe, eta EAE-ANVk ez du posible egin udalbatza hori. Berak gehiengoa duela dio, baina gehiengo hori balekoa balitz, gaur osatuta izango genuen Udala, eta ez da horrela izan. Guk ez dugu eragotzi Udala osatzea; iraun ezin zuen egoera bati irtenbidea bilatu diogu guk, ahalik eta patxadatsuen eta egokien Ondarroako beharrak aurrera ateratzeko lana egiteko modua jarriz.
EAE-ANVk esan du bitartekoak badirela beraiek ere kudeaketa batzordean egoteko. Horiek aurrera ez eramatea leporatu dizuete.
EAE-ANVk beste guztiak jartzen ditu bere arazoen soluzioen bila, berak ez duenean bere estrategiaren puntu eta koma guztiak besterik ulertzen. Ez dut besterik esateko, gai horretaz.
Herria kudeatu behar duzue datozen lau urtean. Ezker abertzalearekin elkarlana bultzatzeko asmorik bai?
Zabalik gaude hitz egin eta entzun nahi duen guztiarekin hitz egiteko, eta halaxe egingo dugu. Han denok ezagutzen dugu elkar. Gu prest gaude lanerako ekarpen guztiak entzuteko; entzuteko eta gurea esateko. Beraz, besteak ere horretarako prest badaude, konponduko gara. Zarataka eta garrasika seguru ez garela konponduko, eta, gainera, zarata handia dagoenean ez da ezer entzuten. Ume guztiei tokia egiteko haurtzaindegia zabaldu behar denean, kiroldegi berria beharrezkoa denean, 320 etxebizitza sinadura pare baten zain daudenean, eta hainbat eta hainbat obra ditugunean, ez dut uste zaila denik ulertzea ondarroar ia denak desiratzen daudela behar horiei guztiei bide emateko. Bide hori aurkitu dugu, eta hortik aurrera egingo dugu.
Ondarroako EAJko kideek kudeaketa batzordean parte ez hartzea erabaki dute. Zergatik?
Hautetsi talde bat atera zen hauteskundeetatik: EAJk bederatzi, EA bi, EBk bat eta PPk bat, eta horietatik bat bakarrik aurkeztu zen kargua hartzera. Nik ez dut uste erraza denik 24 orduak Ondarroan pasatu behar dituen batentzat horrelako egoera batean bizitzea. Bakoitzak azaldu beharko dizu zergatik ez doan. Nik sentimendu guztiak topatzen ditut errespetagarri. Aukera eman diegu askatasun osoz erabakitzeko, eta ezetz erabaki dute. Haiek ezean, herriarengandik hurbil lan egin ahal izateko bigarren aukera erbestean bizi garen ondarroarrekin osatzea dela erabaki genuen.
Nolanahi ere, herriko jendea da benetan herria ezagutzen duena, eta han lanean aritu dena.
Noski. Guk horiengandik eta Ondarroako EAJko kide guztiengandik espero dugu elkarlana, eta badakigu babes osoa eta laguntza osoa izango dugula. Horretan ez dugu inolako dudarik. Ondarroako EAJk badaki herritarren beharrei erantzutera goazela gu.
Beraz, konforme daude zuek han egotearekin?
Bai, noski. Haiek bazekiten Udala hautetsiz osatzen ez denean hurrengo pausoa batzorde hori dela. EAE-ANVrekin elkarrizketak egin dituzte, behin baino gehiagotan. Epea luzatzea ere eskatu genion Foru Aldundiari, eta ahalik eta gehiena luzatu dugu epea. Ondarroan bizi den gure taldeak Udaletik patxadatsu lan egiteko modua ikustea ez da posible izan. Konponbide bila ibili dira, eta ez dute topatu, horregatik hartu dugu bigarren aukera.
EAk ere batzorderako inor ez izendatzea erabaki du. Zer iruditzen zaizu?
Nik uste dut EA gure artean izan balitz abantaila gehiago izango genituela. Beste sentsibilitate batetik gauzak ikusteko beste modu bat izango genuen. Herritarrak ere, batzuk errazago joaten dira batzuengana beste batzuengana baino, eta hori ere aukera galdua da. Gainera, 11 artean baino 13ren artean hobeto banatzen dira lanak. EA ez egotea galera da. Hortik aurrera, bakoitzak azaldu beharko ditu bere arrazoiak, ez nik.
Aralarrek esan zuen kudeaketa batzordeak ez diola onurarik ekarriko Ondarroako bizikidetzari. Ados?
Bada, Aralar bera parte hartzen ari da batzorde horretan. Ekarpenen bat egiteko ibiliko dela suposatzen dut; bestela, ez dut uste bere koalizio horrek kide bat jarriko lukeenik batzorderako. Iñaki Santamaria EB-Aralar taldearen ordezkaria da. Ez dut uste bizikidetzarako kalterik egingo dugunik. Borondatea duenak ez du kalterik egiten, eta seguruenik ekarpena egiten du. Zenbat eta gehiago asmatu lan egiteko moduetan, bizikidetzarako ekarpen hobea egingo dugu.
Herenegun greba eguna izan zen Ondarroan, atzo Diputazio aurrean elkarretaratzea egin zuten EAE-ANVkoek... Nola ikusten dituzu datozen lau urteak?
Ondarroa ez da herri erraza izan jeltzaleentzat, sekula. Nik askotan entzun dut lehen ere ez zela herri erraza izan. Bizkaiko lehenengo herria izanda, militarren kolpea izan zenean ere Bizkaiko sarrerari eutsi zion bederatzi hilabetean. Horrek markatu egin du EAJren historia. Uste dut, gero eta gutxiago ulertzen duela jendeak presioa; gero eta gutxiago ulertzen duela jendeak greba bat batzuk antolatzen dituztenean zergatik besteek ez duten eskubiderik jaramonik ez egiteko; ez dakit zergatik horrelako presioak jarri behar diren; ez dakit zergatik horrelako irainak jarri behar diren paretetan... Horrek guztiak mesede baino kalte gehiago egiten dio egiten duenari, batez ere, denok elkar ezagutzen dugun herrian. Kontua da batzordea osatu ezean, lau urtean Ondarroa gobernu barik edukiko genuela. EAE-ANVk bi hilabetean egin zezakeen gobernu korporazioa ez du egiterik izan, eta gu itxaroten egon gara. Orduan, norbere kaltearen edo sufrimenduaren edo desgraziaren errua inondik inora errurik ez daukanari botatzea, eta, gainera, jakinda errurik ez daukala... Seguru nago gauzak baretuz joango direla, besteak beste, lehen aipatu ditudan etxebizitzak beharrezkoak direla mundu guztiak onartzen duelako, kiroldegi berria zaharkitua dagoela mundu guztiak onartzen duelako... Zalaparta nahi duenak ez du maila bereko erantzuna izango gure aldetik.
Iñigo Urkulluk esan zuen gustatuko litzaiokeela EBBko lehendakaritzarako adostutako hautagai bat egotea. Posible ikusten duzu?
Nik uste dut baietz. Gauzak normaltasun osoz hartu behar dira. Prozesua parte-hartzailea izatea nahi dugu guk, eta, aldi berean, beti bezala, lasaitasun puntu batetik eta bizitasun puntu batetik atera gabe egitea. Horrela izango delakoan nago. Duela lau urte 20taka urteko buruzagitza bat ordezkatu behar izan genuen, eta uste dut proba pasatu genuela. Bizitasunean marra positibotik negatibora pasatu gabe. Orain ere egingo dugu.
Batasunak zuei eta PSE-EEri botatzen dizuete prozesua ondo ez ateratzearen errua. Zein iritzi duzu?
Martxoaren 22an ireki zen jokalekuaren antzeko bat etorriko zelakoan, aurretik, ahal genuen moduan lagundu genituen horretan zebiltzan eragileak. Espainiako Kongresuan proposamen bat onartu zen, Batasunak ere txalotu zuena. EBBn gogoeta sakon bat ere egin genuen, txosten estrategikoa deitu geniona prestatzeko. Elkarrizketarako bake bideak deitu genion. Hor biltzen genituen bakegintzarako gure gogoeta, eta normalizazio politikorako gainerako alderdiekin eztabaidan jarri nahi genituen irizpide nagusiak. Ez genuen koadro itxi bat egin, badakigulako, besteekin hitz egin nahi baduzu, koadro itxiarekin ez zoazela inora. Horraino ailegatu ginen, martxoko adierazpena etorri zen. Gogoratu behar da Batasuna bera beste batzuekin batera nola ahalegindu zen lehendakariak hor ez zeukala egitekorik esaten. Alderdi modura ahalegindu ginen, eta baita lehendakaria bera ere. Ahalegin horrek zerikusia dauka lehendakaria gaur egun epaitegietan egotearekin. Gu han ere ahalegindu ginen. Ez dakit zergatik daukagun guk errua, eta bi pertsona hil eta Barajasen sekulako bonbatzarra jarri zuenak ez daukan errurik. Bakea ez da bakarrik biolentzia eza. Bakea landuz joan behar dugun prozesua da, baina bake prozesua biolentzia gabe hasten da eta biolentziarekin hausten da.
Orain ba al dago harremanik alderdien artean?
Momentu zehatz honetan harremanak badaude, diputazioak, Nafarroako Legebiltzarra, udalak... Momentuko behar urgenteek eragindako harremanak dira. Ez daude normalizazioaren gainean adostasun politikora iristeko bidean egin beharreko negoziazioak, baina harremanak bai, nola ez.
Egoera konpontzeko zein dira pausoak?
Aurrenengo pausoa ETAk esatea indarkeria uzten duela, betiko, eta ordezkaritza duten alderdi politikoen eskuetan uzten duela politikagintza. Garrantzi handikoa da biolentzia justifikatzen duen diskurtsoari arrazoia kentzea. Ezinbestekoa da. Bitartean, konbentzitzea, hitz egitea, eta biolentziaren diskurtsoari zilegitasuna kenduz, gure erabaki politikoen errespetuaren alde lan egiten jardutea. Ez dira garai errazak, eta ez dago kapela batetik formula magikoa aterako duenik. Baina, kontsultarako biderik ez dugun bitartean, bide horiek lortzeko jar gaitezen lanean. Biolentziarik eta bazterketarik gabeko egoerara bidean egin dezagun lan.
Zertan da Ahotsak?
Ai... baneki nik Ahotsak zertan den... Ahotsak-i buruz artikulu bati datzi nuen, asko pentsatu ondoren. Hiru gauza esaten nituen: bat, emakumeok politikagintzan eta bakegintzan parte hartu behar dugu; bi, mugimendu hori oso garrantzitsua da ikaragarrizko itxaropenak sortu zituelako; eta hiru, Ahotsak-en agerraldi batean nola esango dut nik gertaera txar bat edo hilketa baten inguruan ezin dudala ezer esan, goizean EAJko arduradun moduan zerbait esan badut? Eta ni bezala besteak. Nola irten hortik Ahotsak desegin barik? Ahotsak-en zuzendaritza soslai politikoa ez duten emakumeek hartu behar dute, bakearen alde aritzeko eta gizartegintzarako bokazioa dutenek. Guk atzean ibili behar dugu, laguntzen. Horrela aurrera ateratzeko aukera izango zuen Ahotsak-ek, seguru nago.
Orain zein egoeratan zaudete?
Stand by-an. Biolentziak bake zaleen eta bakearen aldeko jardun asko eten ditu, eta hori ere eten egin du maila handi batean. Beste bide batzuk hartu eta Ahotsak birbideratzeko garaian gaudela uste dut. Emakumeok asko daukagu esateko.