Imaz: "ETAren agiria gezur hutsaren antzezlana bertzerik ez da"
Lema: Nola baloratzen duzu ETAk iragarri su-etenaren haustura?
Josu Jon Imaz: ETAren agiria gezur hutsaren antzezlana bertzerik ez da. Suetenaren haustura aipatzen du, eta abenduaren 30ean Madrilgo aireportuan bi pertsona erail zituela ahantzi. Geroztik, ETAren eta Batasunaren adierazpen guztiek helburu bat baizik ez dute izan: Beren jarraitzaileen artean nola justifikatu aitzinetik hartua zuten erabakia. Hau da, berriro era erailketaz baliatu, euskal hiritarren borondate politikoaren aurka beren proiektu politikoa inposatzeko.
Beste aukera bat galdu ote den susmoa al duzu?
Duela hamabortz hilabete uste izan genuen hautu berri baten atarian geundela, Parada hori lantzen ahalegindu gara, zenbaitetan itxaropen handiz eta bertze hainbatetan etsipenak jota. Baina beti bakegintzaren onetan aritu beharraren beharrez, beti ere bat etorri izan gara-eta ETAk erail aitzinetik Joxe Mari Kortak erran zuenarekin: “Bakea oinarrizko balorea da, arriskatzea merezi duena“. Eta guk arriskatu nahi izan dugu eta hurrengoan ere arriskatzeko gertu izanen gara.
Laburbilduz, zertan oinarritu zen negoziazioa?
Bake-prozesuaren aitzin-solasa Anoetako Adierazpena (2004) izan zen, bi oinarri azaltzen baitzituen. Lehenik, ETAren protagonismo politikoa ukatzen zuen eta, bigarrenik, argi adierazten zuen euskal gatazka politikoaren erabakia alderdi politikoei zegokiela. EAJk erabat onartu zuen adierazpen hura, ezker abertzale guztiaren nahia zelakoan. Baita Espainia eta Europako legebiltzarretan babestu ere. Baina ETAk Madrileko aireportuan egin erasoak eta Batasunaren burumakurtzeak frogatu dute Anoetako adierazpena taktika hutsa baizik ez zela.
Eta bigarren oinarria?
Negoziazioaren bigarren oinarria Madrilgo Kongresuaren Ebazpena (2005) izan zen. Hots, espainiar gobernua eta ETAren arteko elgarrizketaren onespena, baldintza batez: ETAk bortizkeriari uko egitea eta politikagintza alderdi politikoen eskutan uztea. Batasunak onuragarritzat jo zuen Espainiako Parlamentuaren erabaki hura baina egun erabat baztertu eta ahantzi du. Batasunak ez du egun erraten ETAk bortizkeriari uko egin behar dionik. Ezta politikagintza alderdi politikoen eskutan utzi ere.
Noiz edo non hautsi zen elkarrizketa?
Euzko Alderdi Jeltzalea, Alderdi Sozialista eta Batasuna elgarrekin aritu ginen hainbat hilabetez hastapenak, edukiak eta metodologia aztertzen. Urrian oinarrizko abiapuntuak adostu genituen baina ETAk ez zuen Batasunak errana onetsi. Bai, ordea, Hegoaldeko lau lurraldeendako estatutua exijitu, baldintza demokratikoen gainetik. Ez zitzaion gidaritza politiko hori onartu eta, ondorioz, suetena hausten amaitu du.
Erran nahi duzu Batasunak ez duela autonomiarik aski izan?
Bake-prozesuaren dramarik nabariena Batasunaren ETArekiko menpekotasuna izan da. Batasunaren mintzoa eta ekintza politikoak ETAren erranetara jarri dira. Batasunak Anoetako Adierazpenari muzin egin dio eta ez du errandakorik bete, ez gatazka kaleetatik ateratzerakoan eta ez bitarteko politiko eta demokratiko hutsez baliatzeko garaian ere.
Ordezkaritza politikoa ukatzen al diozu Batasunari?
Batasunak frogatu du ez duela autonomia politikorik. Batasunak erakutsi du bere ausardia eta indarra, morrontza eta menpekotasuna baizik ez direla pertsonak erailtzeko gertu dagoen ETAren aitzinean. Egun Batasunaren interlokuzioa ez da sinesgarria. Gure aldetik hitzaren eta elgarrizketaren beharra aldarrikatzen dugu baina aldi berean erraten dugu ez dela orain mundu horretan nehor politikaren eta demokraziaren alde aritzeko gertu
Dena oneski egin al da?
Seguraski ez da dena ongi egin. Beti da gauzak hobeki egiteko manera. Behar bada ez ziren presoen alde hartu beharreko erabakiak garaiz hartu. Behar bada, komunikabideetan gehiegi mintzatu da eta alderdikeriak ere sobera. Baina ez dezagun gure buru engaina. Egun hainbat hiritarrek jasaten duten mehatxua gogoan izanik, funtsezko arazoa ez da hori. Funtsezko arazoa da zenbaitek euren proiektu politikoa inposatu nahi dutela armen indarrez eta euskal gizarteak ez duela nehoiz hori onetsiko.
Nola alderdi politikoak elgartarazi?
EAJk behin eta berriz oroitarazi du terrorismoa alderdien arteko eztabaida politikotik atera behar dela. ETAren erasoek ezin gaituzte aldenduak harrapatu, zubiak hautsirik eta elgarren kontra mokoka. Beraz, berriro azpimarratu nahi dugu terrorismoaren kontra gutxieneko konpromisoa hitzartu beharra, batere alderdikeriarik gabe biktimei laguntzeko, terrorismoa deslejitimatzeko eta argi uzteko terrorismoa ez dela ezein aldarrikapen politikoren ezinbertzeko ondorioa. Eta Eskubide Estatuak eskaintzen dizkigun tresnez baliatzeko, salbuespen-politikarik gabe eta beti ere giza-eskubideak gogoan izanik
Zein da zehatz EAJren bake-proposamena?
EAJk badu bere bake-proposamena, baita proposamen politikoa ere. Baina ez dago une honetan beste prozesu bati ekiteko paradarik, ez baitago bortizkeriak dirauneino helburu politikoak eztabaidatzerik. Bide horri ekinez gero, terroristek ez liekete armei muzin eginen beren helburu politikoak erdietsi arte. Eta hori onartezina da Europako sistema demokratikoetan.