Iritzia
17Ekaina
2007
17 |
Iritzia

Aitormena

Iritzia
Ekaina 17 | 2007 |
Iritzia

diktadurapean euskaraz jardutea ez ezik haren alde aritzea ere guztiz baztertu beharrezkotzat hartzen zenean, etxeetan, besteak beste, ezein unetan ixteko agindua jasoko zuten esperoan, aldeko gutxi, itxaropena eta kemena, ostera, handia zutela jardun zuten hainbat andereñok duela berrogei urte baino gehiago. Ez ziren brometarako sasoiak. Gurasoen borondatea eta hainbatek, haien ongizatea arriskuan jarrita, euskarari arnasbidea emateko gogoa, konpromisoa besterik ez baitzegoen orduan. Orain, Estatuan demokraziaren hogeita hamargarren urteurrena gogoratzeko ekimenak abian jarri direlarik, aldi berean, sasoi hartan euskarazko eta euskararen irakaskuntzan aritu zirenei ere aitormena iritsi zaie. Bazen ordua, alafede!
Egun, han-hemen azpiegitura eta baliabide ugari eskuartean ditugularik, are gehiago behar beharrezkoa dela dionik egonen da bazterretan. Baina, euskarak, administrazioen jardun sendo eta koherentez gain, sasoi batean bezala, herritarren konpromisoak ere ezinbestekoak ditu. Alferrik dira, bestela, babes neurri guztiak. Atzera aurrera gainbehera etorriko da. Horiek horrela, gaur, Argantzunen milaka eta milaka herritar elkartuko gara, kemenak, konpromisoak, askotarikoen arteko lankidetzak eraikitako ikastolari babesa, sostengua emateko.

Asmo handiekin, behinola desagertua zegoen eremuan gure hizkuntza indarberritzeko gogo sendoarekin jaio zen ikastola txikia da Argantzungoa. Arabaren erdialdean egonagatik Burgosen eraginpeko lur eremuan eraikia. Gazte belaunaldiei, euskararen eta euskarazko irakaskuntza betidanik egon dela pentsatzen dutenei, sasoi batean hainbat aritu izan zirelako eta egun ere ari direlako bagarela gogorarazi beharko genieke noizbait. Batzuen esfortzuak belaunaldi berriek kontua har dezaten, euskara belaunez belaun transmitituz, bidenabar.


PARTEKATU