Iritzia
08Maiatza
2007
08 |
Iritzia

Eredu kontua

Iritzia
Maiatza 08 | 2007 |
Iritzia

Amatiño

Iritzia

Euskadi Irratia


Esaera zaharrak zera dio: “Zer ikusi, hura ikasi”. Baina ondo ikasteko, aurrenik eredu egokia aukeratzen ere jakin egin behar da. Eta ez dakit nik euskaldunok beti asmatu ote dugun gure arazoak konpontzeko modelurik eredugarrienak aukeratzeko orduan.
Gure ekintza politikoa bideratzeko edo, berrogei urte luze daramatzagu Ipar Irlandara begira baina, gertatua gertatu, ez dirudi modelurik onena denik. Emaitzen arabera, behintzat, Ipar Irlandakoa baino eredu hobeak dira Quebec, Flandria edo Eskozia. 

Izan ere, abertzaleek hauteskundeak irabazi berri dituztela-eta, badirudi Eskozia dugula azken egunotan modan. Baina Eskozia hor zegoen, lehendik ere. 

Berrogei urteko gatazka eta 3.500 hildakoren bueltan, Ipar Irlandak ez du oraindik Eskoziaren mailarik lortu. Tony Blair-ek Eskoziaren Itun Nagusiaren sarreran idatzi bezala: “Scotland and England together in equal terms“. Alegia, Eskozia eta Inglaterra, elkarrekin, maila berean.

Ez didazue gero ukatuko esaldi horri euskal lege zaharren kutsua darionik, foruen leloa, itunaren tradizioaren indarra. Eta hori bai dela, ezer izatekotan, gurearen muina: ituna, hitzarmena. Euskaldunok ez dugu zutunik iraun gerrak irabazteagatik –denak galdu baititugu-- aurrez aurre negoziatzeko gauza izan garelako baino. Burruka ezik, ituna izan da betidanik gure eredua. Gernikako Arbola da, eta ez burruka, euskal ereduaren adierazle.

Aurrera begira, etorkizuna ezin da gatazka izan, hauteskundeak irabaztea baizik. Eta gero... gerokoak.

PARTEKATU