Aurrekoetxea: "Euskarak ahalik eta eskola ordu eraginkorrenak behar ditu"
JAKES GOIKOETXEA
Maiatzeko udal hauteskundeetako hainbat hautagairi argazkiak ateratzeko eguna da EAJren egoitza nagusian, Sabin Etxean, Bilbon. Arantza Aurrekoetxeak ere (Zamudio, Bizkaia, 1961) egin behar izan du argazki saioa elkarrizketarako. Politikariek hizkuntz ereduen gaia komunikabideetatik alderdien arteko elkarrizketara pasa behar dutela nabarmendu du.
Zein da EAJren proposamena EAEko hizkuntz ereduak aldatzeko?
Hasteko, esan behar da indarrean dagoen sistemak duen balio handiena dela adostasun zabala izan duela atzetik, bai gizartearena, bai alderdi politikoena. Egiten dugunak hezkuntza komunitatearena eta alderdi politiko gehienen babesa behar du.
Hezkuntza Sailak egindako proposamenarekin bat egin al duzue?
Bai, helburuak identifikatzeari dagokionez batez ere.
Beraz, egokia da Hezkuntza Sailak proposatutako hizkuntz gaitasuna neurtzeko B2 maila.
Bai, guk ere B2 maila proposatu genuen. Ez da oso gaitasun aurreratua, baina B1ek dituen mugak gainditzen ditu, B1a sinpleagoa baita. Edozein maila jarrita ere, maila bera jarri behar da euskararentzat eta gaztelaniarentzat. Horrek ziurtatuko baitu hizkuntza baten eta bestearen artean menpekotasun egoerarik ez sortzea.
Zer egin beharko da B2 maila gainditzen ez duten ikasleekin?
Neurri zuzentzaileak hartu. Horri buruz hitz egin behar dugu; kezka hori badago. Aldaketa markoak aurreikusi behar du neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukera. Emaitzarik lortzen ez denean hutsuneak identifikatzeko modua eduki beharko da. Baina aldaketa probatu aurretik porrotari buruz hitz egitea asko aurreratzea da. Mahai gainean jarri den proposamenak ibilbide bat egin behar du.
Gero erabaki beharreko kontua al da?
Patxadaz erabaki beharko da. Aurrera eramateko moduko proposamen baten aurrean ez dugu eztabaida hor zentratu behar.
Hezkuntza Sailaren proposamenaren arabera, euskara izango litzateke irakats-hizkuntza nagusia, baina gaztelania eta beste hizkuntza bat ere izango lirateke irakats-hizkuntzak. Ados?
Euskarak izan behar du irakats- hizkuntza nagusia, beharrezkoa baita. Hizkuntzei eskainitako ordu kopurua garrantzitsua da, baina ordu horien kalitatean eta eraginkortasunean ere ahalegin berezia egin behar dugu. Hizkuntza bati ordu asko eskainita ere, ordu kopurua mugatua da. Euskarak ahalik eta eskola ordu eraginkorrenak behar ditu. Aldaketak lagundu egingo du horretan.
Hizkuntza bakoitzari eskaini beharreko gutxieneko denbora izango da eztabaida politikoaren muinetako bat.
Bai, baina hasteko argitu behar dugu ea helburuetan bat gatozen. Helburuak hitzartu ostean hitzartu beharko dira bitartekoak eta estrategiak. Pena izango litzateke estrategia eztabaidagai bihurtzea.
Hezkuntza sektoreak erakutsi du malgutasuna kudeatzeko gaitasuna baduela indarrean dugun sisteman aurrera egiteko. Interpretatu egin dute, eta gurasoen eskaerei erantzun diete. Teorian eredu finkoak direnen atzean aplikazio malgua egon da.
Baina guztiei ezarri beharko zaie gutxieneko bat, ezta?
Ez dakit gutxieneko edo erreferentzia deitu. Ikastetxe batzuk jada abiatu dira bide horretan, ez bakarrik D ereduan, baita A ereduetan ere. Bide hori errazago egin dezakete. Errealitateak, abiapuntuak, ezberdinak izango dira. Batzuk erreferentzien zain egongo dira, eta Administrazioak eskatzen zaizkion portzentajeak eman beharko ditu, ikastetxe batzuek beharko dituztelako. Zalantza dut gutxienekoak ezarri behar diren.
Zalantza?
Helburuak argi baditugu, esan nahi dut.
Baina helburua B2 hizkuntz gaitasuna lortzea bada, ez al dira gutxieneko batzuk ezarri behar hori lortzeko?
Erreferentziak markatu beharko dira. Baina, beharbada, ikastetxe batzuek besteek baino emaitza hobeak edo parekoak lortuko dituzte euskarari ordu gutxiago eskainita. Egoera soziolinguistikoak hizkuntza barneratzeko eragina badu, koherenteak izan behar dugu esaten dugunarekin. Erreferentziak garbi eduki behar dira, baina hitz egin beharko dugu ea ikastetxe guztiei erreferentzia berak jarri behar zaizkien edo ez.
Hezkuntzako langile guztiei bigarren hizkuntz eskakizuna eskatu behar al zaie?
Gaur egun hezkuntza sisteman dauden irakasleak daude eta duten adina dute. Badakigu gaia ondo kudeatu behar dela, azkenean irakasleen lana egingo baita aldaketa honen guztiaren atzean. Irakasleek ere aldaketaren alde egon behar dute, laguntzaile izan behar dute. Argi dago aldaketa abian jarri behar badugu sartzen diren irakasleei bigarren hizkuntz eskakizuna eskatu behar diegula.
Eztabaida politikoa beroa izango al da?
Kontua hitz egiten hastea da. Gure artean hitz egin behar dugu, komunikabideetan esaten duguna aurrez aurre esateko. Egin den planteamendua nahiko irekia da.
Gizartea prest al dago aldaketarako?
Gizarteak sekulako garrantzia ematen die hizkuntzei. Beharbada, garrantzi hori praktikara eraman behar dugu. Ez dut uste inor ikasleen hizkuntz gaitasuna hobetzearen kontra dagoenik.