Ramón Zallo
Iritzia
Diario de Noticias de Navarra
Otsailaren 8an, Ezker Abertzaleko Negoziazio Batzordeak jendaurrean jakinarazi zuen «autonomiarako eta behin betiko bakerako erabaki eskubiderako proposamena». Horri buruz eginiko komentario gehienak ez dira izan dokumentuaren garrantziaren neurrikoak. Izan ere, dokumentuak badu garrantzia erdiko eperako, nahiz eta oraingo egoeran hain garrantzitsua izan ez.
Aldaketa sakonak. Ezker Abertzalearen barruan ez da berria, ez, Autonomiaren diskurtsoa. Azken batean, 70eko hamarraldiaren bukaeran autonomiez eztabaidatu zenean, bide autodeterministak jasotzen zituzten estatu proposamenak ere izan ziren Gernikako Estatutuarekin kontrajarririk, eta, hamar urte geroago (1990), Ezker Abertzaleak Hego Euskadirako Autonomia Estatutu Nazionala proposatu zuen. Erabakitzeko eskubideari dagokion partea ere ez da berria: alderdien arteko hitzarmena, erabaki esparruari buruzkoa, herritarrei galdetu beharrekoa.
Berritasunak hiru arlotan daude.
Lehenik, bazter utziriko diskurtso bati ekin zaio berriro. Gogora dezagun diskurtso haren ordez hau gailendu zela: Euskal Herria subjektu politiko bakartzat hartzea, Iparraldea barne. Bateginez txostenaz geroztik (1999), Euskal Herriko Batzar Konstituziogilea sortzea proposatu izan da, mota guztietako hautetsiek prestatua -egiteko hori eman nahi zitzaion Udalbiltzari-; hautetsi horiek, indarrean den instituzionalizaziotik sortuak izanik ere, beste lege esparru bat ekarriko lukete, lege esparru nazionala. Bistan denez, dudakoa zen hor ez-nazionalistak egongo ote ziren, eta are dudakoagoa, zer ordezkaritza izango zuen Nafarroan eta, zer esanik ez, Iparraldean. Mila dorre eta gaztelu airean.
Proposamen hori eta oraingoa guztiz desberdinak dira. Oraingoan, indarrean den lur demokratikoa da abiaburua -«oraingo errealitate politiko eta instituzionaletik abiatzen den hitzarmena», nahiz eta kritikatua izan «herritarren nahi demokratikoaren ondorio ez delako»-. Hau da, oraingo mekanismoak dira abiaburua, berriz ere Hego Euskadirako bakarrik izaki; beraz, neurri batean zilegitasuna ematen die sendoturik dauden erakunde batzuei, nahiz eta lege esparrua aldatzeko helburua izan.
Beste pertzepzio batzuetakoek erraz onartzen dute hori -lege esparru batetik abiatzea bestelako lege esparrua sortzeko-, baina Ezker Abertzalean eztabaida eragingo du, segur aski. Batzuek, esango dute estatutismoari eta zatiketari zilegitasuna ematen diela. Beste batzuek, erantzungo dute esparrua aldatzeko dela eta ez zaiola inolako printzipiori uko egiten, eta galdetuko dute ea ez al zaien erakundeei zilegitasun handiagoa eman haien hauteskundeetan 25 urtez parte hartuz denean, eta ez botoak lortzeko bakarrik: baita proposamenak, kritikak eta kudeaketa egiteko ere.
Bigarren berritasuna. Erakunde esparru bakoitzaren zilegitasuna onartzen du, ontzat emanik Nafarroa espazio bereizia dela eta bere kabuz erabaki behar duela talde proiektu nazional batera jo nahi duen edo ez. Orain arte, ez zen ezbaian jartzen galdeketa egiten bazen espazio «nazionala» hartu behar zela kontuan. Are gehiago: prentsaurrekoan «euskal-nafar» tabu hitza aipatu zen -zeina batzuek erabiltzen baitugu zenbaitetan, XIX. mendeko tradizioari eta 1931ko Estatutu proiektuari segika-.
Hirugarren berritasuna. Pentsa daiteke metodologia estrategikoa aldatzen hasi direla. Badirudi proposamena ez dutela egin Desira hutsetik edo irudimenezko mundu batetik abiaturik, baizik eta errealitatetik abiaturik; hau da, aldatu nahi diren gizartearen errealitatetik -ez-nazionalistak badira; nafarrek nola ikusten duten beren burua- eta erakundeen errealitatetik -bi parlamentu daude, abiapuntuan bi zilegitasun daude- abiaturik, gero Desirara iristeko, lortu beharreko itunen eta gehiengoen bitartez.
Desgaraian, baina ongi etorria. Ez da garairik onena izan diskurtso neurri batean berria planteatzeko. Zentzuzkoagoa izango zen planteamendu hori iaz egin izan balitz, Hiruko Mahaian (Ezker Abertzalea, PSE eta EAJ); baina mahai horrek ez zituen bukatu bere egitekoak, hain zuzen ere, lurraldetasunari eta erabaki eskubideari buruzko gaiak zirela eta. Planteamendua orain egin izanak traba hau dakar: ez dirudi agenda kolektiboan sartu ahal izango denik maiatzeko hauteskundeak baino lehen -horretantxe ari dira orain alderdiak- eta ETAk su-eten serioa berretsi baino lehen.
Egiaz, hauxe zegokion orain gai zerrendari: bake prozesuari buruzko adierazpena, eta ez normalizazioari buruzkoa. Egia da egin direla zenbait adierazpen gogo-pizgarri -«bonbekin ez dago bakerik»- Anoetakoaren bide berekoak -«gatazka kaletik kendu»-, baina Ezker Abertzalearen zuzendaritzaren ahalegin merituzko eta laguntzeko moduko horrekin kontrakarrean daude egitate tematiok: bonba bat eta atertu gabe ari den kale borroka hori.
Beste traba bat: argi geratu da bake prozesuak eta normalizazio prozesuak elkar baldintzatzen dutela. Proposamen berria lurraldetasunari eta erabakimenari buruzko akordio «nahikoa» lortzeko oinarri gisa eskaintzen denean ere, hau gehitzen dute segidan: «Proposamen honek bakea dakar». Hau da, ETArentzat baldintza bihur litekeela behin betiko bukatzeko. Oraindik ere egin gabe daude bi gauza garrantzitsu: bakea presoen truke hutsa formulatu gabe dago, eta ez dago aldaketa politikoak zaintzarik gabeko gizarte heldu baten borroka zilegizkoek ekarriko dituzten konfiantzarik.
Bidezidorra besterik ez da. Proposamena ez da, ez, oso zehatza. Ez da aipatzen bitartekorik (nola), ez denborarik (aldiak, eta prozesuen arteko aldeak), eta besterekin eztabaidatzeko uzten da gaia.
Nola horrek galdera asko eragiten du. Bi Mahai eta bi espazio? Zentzuzkoena hori dela dirudi. Gai berberak? Dudakoa da. Parlamentuen egitekoa, zein? Erabakitzeko eskubidea nola gauzatuko litzateke? Estatu ereduen gaineko galdera eskatologikoa eginez, kutsu subiranistako galdera eginez, metodologiari buruz galdetuz edo estatutu proiektu bat kontsultagai jarriz?
Denborari dagokionez, gaur egun Nafarroa ez dago lehendik dakiguna galdetzen hasteko; ez, behintzat, baldin eta pausorik ematen ez bada Euskadirekin harreman normalak izateko, hautsiriko zubi ugariak berriz eraikitze aldera -ETAk, nabarrismo kontserbadore espainolistak, bere lehengo esanak ukatu zituen sozialismo horrek, denon hutsegite asimilazionistek hautsiriko zubi ugari horiek, hain zuzen-. Gainera, beharrezkoa izango da Nafarroako Parlamentuan -hurrengoan?- gehiengoak bidea zabaltzea kontsulta bati, zeinean galderak nahi baino oinarrizkoago izan behar bailuke segur aski -esate baterako, protokolo batzuei eta/edo Koordinazio Organo bati buruzkoa-.
Ezker Abertzaleak sakondu beharra dauka ETAren ondorengo aldirako ildo estrategiko baliozko batzuetan; izan ere, aldi hori orain dela urte batzuk hasi zen objektiboki, eta ETA atzeratu eta atzeratu ari da. Ezker Abertzalearen iruditeria atxikia zaio traba armatuari, zeinak 30 urtean eragotzi egin baitio -1978an zehaztu zuten KAS Alternatiba- demokrazia baterako moduko irizpide, oinarri eta estrategia politikoetan pentsatzea -demokraziak nahi den muga guztiak izanik ere-. Gaur egun, eta nabarmen gainera, entrenamendua falta zaio aldi berean erronka politikoei eta gizarte talde berriei erantzuteko; izan ere, egin gabe dauka, ez estrategien doitzea, baizik eta ideien, balioen, estrategiaren, metodologiaren, historiari buruzko gainbegiratuaren astindu egiazkoa. Eta hori ezin egin daiteke ETA hor dagoela eta bere Suresnes berezia pasatu gabe.
Demokrazia arruntetan gehiengoak lortzea arras gogorra da. Badirudi Batasuna hasia dela hori ikasten.