Carlos Garikoetxea eta Jose Antonio Ardanza<br>
Euskal erakundeen alde
29
Urtarrila
2007
Hainbat agiri

Carlos Garikoetxea eta Jose Antonio Ardanza
Euskal erakundeen alde

Carlos Garikoetxea eta Jose Antonio Ardanza<br>
Euskal erakundeen alde
29
Urtarrila
2007
Hainbat agiri

“Euskal Erakundeen Alde. En defensa de nuestras Instituciones” izenburupean egiten ari garen manifestazio zibiko honen helburua, Lehendakariari gure elkartasuna adieraztea da eta, horrekin batera, demokraziarekin, elkarrizketarekin, askatasunarekin, zuzenbide estatuaren oinarriekin eta jardun politikoarekin dugun konpromisoaren berri ematea.
Poteren arteko banaketa da demokraziaren zutabe nagusia. Printzipio horren oinarriak honako hauek dira: botereen arteko mugak bermatzea, euren zeregina ordenamendu juridikoaren barruan gauzatzea eta herritarren eskubideak eta askatasunak ziurtatzea. Eta honek, zuzenbide estatuaren hiru botereen elkarrenganako kontrapisua du ardatz, Espainako Estatuak bete betean urratu duena.

Onartzen dugu botere Judizialak Estatuko gainerako botereen jarduera kontrolatzeko duen gaitasuna, baina esan egin nahi dugu, modu berean, kontrol horrekin ezin zaizkiela gure ordezkariei euren oinarrizko eskubideak urratu eta politikaren jarduera demokratikoa mugatu. Gauza bat da arduradun politikoen jarduerak kontrolatzea, hiritar guztienak bezala, zuzenbidearen araberakoak izan daitezen , eta beste gauza bat izango litzateke gu ordezkatzen gaituztenek euren ahalmena mugatua ikustea, arazoak konpontzeko orduan. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salak interferentzia politiko garbia eragin nahi du, horretarako ekintza penalaz baliatuta, eta agintari baten jarduera demokratikoa aldatuta. Kasu honetan, Auzitegiak aldatu nahi duen jarduera Euskadiko erakundeen ordezkari gorenarena da; lehendakariarena, hain zuzen ere.

Demokrazia, politikan aritzea estu-estu dago lotuta elkarrizketarekin, eztabaidarekin eta akordioarekin. Eta, horrela ulertuta, arazoak konpontzeko tresnarik onena da. Desadostasun politikoak eta proiektuen zein proposamenen eztabaida, printzipio etikoetan eta Zuzenbide Estatuaren joko-arauetan jarriz gero, ordezkari politikoek eta erakundeek adierazi eta gorde beharreko askatasun- eta demokrazia-adierazpenak dira. Hemen garenok adierazi nahi dugu aurre egiten diogula ahalegin horri, politikaren jardun aske eta arduratsuari oztopoak jartzen dizkiolako eta gure askatasun publikoak mugatzen dituelako.

Ezagunak dira lan judizialak izan ohi dituen zailtasunak, baita epaileei zein magistratuei zuzendutako mehatxuak ere. Oraindik ere sentitzen dugu epailetzako kide ospetsuen heriotzak eragindako izua. Izan ere, ETAren indarkeriak atzera gabeko eskubide bakarra urratu zien: bizitza.

Badakigu epaile askok, baldintza zailetan, zuzentasun goresgarriarekin burutzen dutela euren lana, independentziaren muga Zuzenbide Estatuaren printzipioak eta demokraziako arauak errespetatzean datzala pentsatuta. Eta, horregatik, gure errekonozimendua eta euskal gizarte osoarena daukate.

Euskadik kezka biziko uneak eta bakezko bideak bilatzeko aldiak bizi ditu. Horrek oinarri etikoen irmotasuna, heldutasun demokratikoa eta sen ona eskatzen dizkigu guztioi. Horrexegatik ere, kezkatu egiten gaitu politikaren judizializazio larriak, muturreraino eraman duelako Lehendakaria kriminalizatu nahia, euskal gizarteak agindutakoa betetzen, elkarrizketaren bidez saiatu izanagatik. Eta Herritarrak gara jardun politiko demokratikoaren epaile bakarrak. .
Euskal Herri osotik etorri eta Bilbon gaur batu garenok,

1. Salatu nahi dugu instituzio politikoei eta herritarren borondatearen ordezkari direnei dagokien funtzioa mugatzea bilatzen duen justiziaren politizazioa, eta gure laguntasunik sendoena eta irmoena adierazi nahi diogu Lehendakariari, beraren aurka Euskal Herriko Auzitegi Gorenak ireki duen zigor kausaren aurrean. Honek, Lehendakariaren oinarrizko eskubideak eta gure Herrian eman beharreko ekimen politikoa zuzentzeko duen ardura instituzionala ezereztu egin nahi du.

2. Politika egiteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, judizializazioaren mehatxurik gabe; elkarrizketa, eztabaida eta jarduera instituzional eta politikoa ezin baitira inoiz legez kanpokoak izan eta, are gutxiago, delituzkoak, arazoei konponbide zuzenak emateko.

3. Jakin badakigu larria dela justiziak demokraziaren zutabeen kontra, politika jarduera egiteko eskubideen kontra eta gure instituzioen balorearen kontra eragindako erasoa ; ondorioz, Lehendakariaren kontra irekitako zigor kausa arrazoi gabea berehala ixtea exijitu nahi dugu.

Gure helburua ez da Juan Jose Ibarretxeren alde egitea, oinarrizko printzipio demokratikoa defendatzea baizik. Elkarrizketa kriminalizatzeko mehatxuaren aurrean ekintza politikoa defendatuko dugu, berau delako, hain zuzen ere, demokrazian inork igaro behar ez duen lerro gorria. Bidegabekeria horren aurrean, demokraziaren zutabeetan sinesten dugunok ezin dugu isilik geratu. Hori dela eta, inoiz baino gehiago, justiziaren zentzu zibiko eta demokratikoa aldarrikatu nahi dugu; hiritar guztien eta zuzenbidearen beraren zerbitzura dagoena. Euskal Herriko Epaimahai Gorenaren ekimen hau salatu nahi dugu Lehendakariari agindutako lan instituzionalean sartzea delako eta demokraziaren eta zuzenbide estatuaren oinarriak urratzen dituelako.
PARTEKATU