ORDURAKO baginen hamar etxean: aita eta ama, amona eta izeba eta sei neba-arreba. Eta dozena osatzeko bikiak jaio ziren, bi neska. Otsaila izaki, amona marrantatua zebilen. Medikua amarengana etorri zenez, eztula arinduko zion zerbait eskatu zion don Meliton medikuari. Sekoko erremedioa eman zion: "tokia utzi behar zaie jaioberriei". Ez genuen gela bana. Ezta ohe bana ere. Baina moldatzen ginen. Amonari min eman zion mediku zakarraren erantzunak. Sekulan gehiago ez zion ezertarako deitu. Hala ere, laurogeita hamalau urte arte bizi izan zen, biloben zorionerako, buru argi eta bihotz oneko gure amona Pantxika.
Inork ez dit txoko hau libre uzteko eskatu. Baina hobearentzat eta gazteagoarentzat libre uztea erabaki dut. Denok ditugu geure apetak. Eta, apetarik gabe ere, asko idazten duenak errepikatu ere asko errepikatzen du. Banuen oso gogoko nuen euskal idazle bat. Egunero irakurtzen nion. Zahartuta ere idazten baitzuen, azkenerako buruz nekizkien haren esamoldeak eta gogoetak. Ez zen bakarra. Orain ere badaude, pentsalari sakon ustekoak gainera, burubide eta iritzi berberak errepikatzen dituzten apetatsuak. Lehenengo hitzetik igertzen diet zertaz ari diren. Horiekin niri gertatzen zaidana gertatuko zaie nirekin ere besteei.
Urte askoan jardun dut. Irakurle eta lagun bat baino gehiago joan zait urteotan. Geratzen zaizkidanak ez nituzke erabat aspertu eta gogaitu nahi. Honezkero izango da irakurtzeko nekerik ere hartzen ez duenik, gain begiradarik ere egiten ez dionik. Mindutakorik ere utziko nuen, noski. Dena den, ahora etorri ahala jardun ohi zuten bertsolari adarjole eta zirikatzaileen antzera konpondu nahi ditut nik ere nire okerrak: gazki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu.
Eskerrik asko ia 30 urteotan euskaraz idazteko aukera eman didan DEIAri. Eskerrik asko irakurle leial izan zaitudan horri. Urteberri oparoa, baketsua, osasuntsua eta zoriontsua opa dizuet guztioi. Izan ongi.