Juan María Uriarte
Iritzia
Diario de Noticias de Álava
GOTZAINAREN IDAZKIA ABENDUALDIAN
Sarrera
Gure herrian bakea guztion irrika da. Aldi berean, bakezale asko goibelduta dago, bakearen bidea une zail eta kontuzkoa igarotzen ari dela komentzituta.
Abendualdia itxaropen garaia da. Bakearen Jainkoaren etorrera ospatzen du hurbil dugun kristauen Eguberriak. Sinestunei eta entzun nahi diguten guztiei gogoeta bat eskaini nahi diegu. Gure asmoa da bakerako bidean atzerapenik onartzen ez duten jarrera eta portaera batzuk proposatzea, liturgi aldi honen espiritua eta gaur egun bizi ditugun beldurrak kontuan izanda.
1. Gizartearen itxaropenari eutsi
Jende asko dabil batzuetan estututa eta besteetan lasai antzean, maiz zabaltzen diren berri kezkagarrien eta tarteka arnas ematen duten seinaleen artean. Jende horien itxaropena ederki asko neurtzen dute ustel gertatutako aurrerabideek, keinu nahasgarriek, nekez uler daitezkeen jarrera mugigaitzek.
Zalantza arte honetan ere, nahikeria hutsa ez den funtsezko itxaropenari eusten diote askok eta askok. Itxaropenari bizirik eusteko arrazoiak badaudela baiesten dute, zuhur antzean bada ere, nor diren batzuek.
Bakea lortzeko helduleku indartsua da herriaren itxaropena. Bakea erdiesteko adorea eta kemena ematen ditu. Baina itxaropena ez da agortzen ez den altxorra. Ahitu egin daiteke. Larria sortuz eta uzkurkeria ereinez itxaropenarekin jolasean ibiltzea, zitalkeria eta axolagabekeria da. Herriaren, historiaren eta Jainkoaren aurrean berebiziko erantzukizuna bereganatuko luke edonork bere egitez edo ez-egitez bakerako ibilbidea arriskuan ipiniko balu, herriaren itxaropen gartsua itzaliz.
2. Solaskideen arteko konfiantza berreskuratu
Elkarren arteko konfiantzaren krisitzat jotzen dute adituek oraingo egoera hau. Espero zena bete ez izanak, badirudi bakoitzaren egiazko asmoez errezelo handiak sortu dituela batzuen eta besteen artean.
Bakeranzko bide oro elkarrekiko konfidantzaren arrastoan sartu ahala egiten da eta bake-bide hori zenbat eta ibiliago orduan eta sendoago egiten da, nahiz eta pasarte kontuzkoak eta ikarazkoak igaro. Oraingo kinka hau gainditua izango dela eta elkarren arteko konfiantza berpiztuko dela uste osoz itxaroten dugu. Hala izan dadin biziki eskatzen diegu erantzule nagusiei.
Konfiantza berreskuratzeko beharrezkoa da bake-nahia benetakoa dela adierazten duten seinale argi eta garbiak eskaintzea. Seinale horiek eragiten dute une hauetan hain beharrezkoa den distentsioa. Hasteko, «kale-borroka» erabat gelditzea eta gizatasunezko zenbait espetxe-erabaki hartzea seinale osasungarriak izango lirateke.
3. Elkarrizketa sendo eta leiala finkatu
Tamalez alde bateko eta besteko kideek badirudi gehiago hitz egiten diotela elkarri komunikabideen bitartez, elkarrizketa zintzo eta zuhurraren bidez baino. Horrela jokatzean, benetako elkar aditzea eta ulertzea bizkortu eta erraztu ordez, atzeratu eta zaildu egiten dute are gehiago.
Egiazko elkarrizketa konfiantzaren seinale eta eragile da, eta konfiantza hori sendotzeko nahitaezko bide ere bada, gainera. Konponezinak aienatzen eta pertsonak eta jarrerak gerturatzen ditu. Geuron burua kritikatzen eta bestearen ikuspuntuan kokatzen laguntzen digu. Elkarrizketa gai da tirabira hondatzailea akordio eraikitzaile bihurtzeko. Gatazkak gizatasunez janzten ditu. Elkarrizketan, garrasitik hitzerako urratsa urratzen da askotan. «Eztabaida konstruktiboa izan dadin ezinbesteko tresna izan ohi da beti elkarrizketa, bai Estatu barneko harremanetan, bai nazioartekoetan» (Joan Paulo II.a).
4. Azken-azken helburuak eta jarrera mugigaitzak baztertu
Solaskideek, ingurumariak baldintzaturik, azken-azkeneko helburuei edo jarrera zurrunegiei uko egiten ez dietelako katramilatu ohi da sarritan elkarrizketa. Bi jarrerei agudo uko egitea eskatzen du posible den bakeak. Katramilak, luzatu ezkero, prozesuen hondamendi gerta daitezke. Norbere nahiak inausteko adoreak eta norbere jarrerak malgutzeko edo biguntzeko kemenak askatzen dituzte katramilak. Badakigu, eskatzen diren bi jarrerok oso neketsuak dira. Baina bakea ondasun handiagoa da eta merezi du, beharrezko da on horren alde amore ematea.
5. Gerizpeei eta trabei uko egin
Gizarte honek ez du bere eskubideak eskatzera edo bere eginbeharrak betetzera estutuko duen indarkeriaren erabilera edo mehatxurik behar. Aitzitik: indarkeria, burutua nahiz balizkoa, bakearen aurka dago aurrez aurre, eta lokaztu egiten du, gainera, bakerako edozein bide. Inolako baldintzarik gabe desagertu behar du, beraz, indarkeriak. «Bakea guztien errespetuan dago oinarritua... Bizitzaren errespetua... ez dago gizakiaren boterearen menpe» (Benedikto XVI.a).
Dauden prozesuei buruzko kritika ez da bakearen aurkakoa; bai, ordea, prozesuei behin eta berriz etengabe trabak jartzea. Prozesuak sistematikoki eragoztea moralki zuritu dezakeenik ez da ezer, ez alderdien interesik ez emaitza politikoen on-goserik. Agintarien egitekoa da bakerako eginbideak erabakitzea eta herritarron zeregina da eginbide horiei gure laguntza ematea, zintzotasunez babestuz eta leialtasunez kritikatuz.
Ondorioa
Onik atera beharra dago bakea. Hala eskatzen du behin betiko konpondu nahi genukeen gatazka kaltegarriak, eta honek erein duen eta ereiten ari den sufrimendu ikaragarriak.
Gure artean jaiotzean giza sufrimenduarekin bat egin zuen Jainkoaren Semeak elkartasunera deitzen gaitu biziki. Ez dugu etsi behar aurrerantzean odol-tanta bat bera ere isurtzera. Ez dugu inork berriro bere buru gainean mehatxuaren larria senti dezan laga behar. Indarrez bizia kendu zizkieten maiteengatik negar egiten duten guztien alboan eta berenak «oso urrun edo barne-barnean» dituztelako sufritzen duten guztien ondoan izan nahi dugu kristauok.
Penatu egiten gaitu gure egoerak, baina ez dugu horren oskolean kiribildu nahi. Gatazka anker eta bukaezinek erasoturik eta odol husturik dauden lurbirako beste herriek kezkaturik gauzkate. Gure otoitzez eta gure elkarlanez nahi diegu lagundu. Jesus «gauaren erdian jaio zela» gogorarazten digu Eguberriko liturgiak. Eskatzen dugu herri hauentzat beren gauaren erdian jaio dadila zuzenbidea eta lasaitasuna. Guretzat, berriz, doala zabalduz ilunsentiaren hondotik bakearen egunsentia, itxaropenaren goiz-argia gaur dardarka, bihar dirdirka.