Iritzia
03Abendua
2006
03 |
Iritzia

Erostariak ekinean; buruiritziak lozorroan

Iritzia
Abendua 03 | 2006 |
Iritzia

Euskararen Nazioarteko Eguna, 1949. urteaz gero legez, abenduaren 3an ospatzen dugu. Nik, bederen, ospatu egiten dut. Harrotasun eguna izan behar du euskaldunontzat. Harro sentitu behar dugu geure buruarekin herri legez egin dugun guztiagatik. Betiere, ez dugu gomutaren bazterrera bota behar eginkizun dugun guztia.
Izan ere, gogoratu beharra dugu asko egin dela azken hogeita bost urteetan gure Herrian, erritmoak ezberdinak izanagatik. Eta hor politika publikoaren jardunak egundoko eragina izan du; horretara, bada, euskararen bilakaerak arras bestelakoak dira elkarrengandik Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldean. Hau egiaztatze hutsa da (jakingarriak guztion esku daude). 

Orain hogeita bost urteko egoera, gainera, ez zen erraza, euskara belaunetik belaunera igarotzeko, familia barruko ondorengoetaratzea Euskadin mugatuta zegoelako biztanle gutxiko herrietara. Halandaze, ez deritzet bat ere bidezko gaur egun hezkuntza sistemari egiten zaizkion maiseoei. 

Egia da. Asko egin behar da oraindik ere; horrek, ordea, ezin du eroan ahanzmendura hezkuntza sistemak eta haren kideek euskara berreskuratzeko egindako ekarria. Euskaldun berri gehienak, gaurko gazteak, berbarako, hezkuntza sistemak sortukoak dira. (Euskaldun berria ote ume-umetatik euskaraz ikasi duen laguna?) Nire aburuz, une honetako eztabaidak benetako arazoa ezkutatzen du: eskolak egin behar ote du etxeak lehen egiten zuena? Horrela, bada, gizarte legez hartu behar dugu erabakia. 

Hau da, geure erantzukizunaren jabe izan behar dugu, eta geurea dena ez genioke beste inori leporatu beharko. Euskara biziko bada, berak euskaldunak behar ditu. Behin eta berriro ikusten dugu egunokin euskararen alde dihardutela dioten askok maiseoan aritzen, hori eraikitzailea omen-eta; baina, haien ekarriak ez dira maila berekoak (salbu eta ekarria ez bada diru gehiago ipini behar izatea, zertarako den eta beharrizanak zeintzuk diren zehaztu edo jakin barik). 

Ekarriak eta maiseoak nahastu egiten dira, eta behar baino gehiagotan ikusten dugu gezurra erabiltzen dela euskararen izenean euskararekin zerikusi txikia duten interes batzuk aldezteko. Nahiok lege-bidezkoak izan daitezke, zalantza barik, baina horrek ezin du biderik eman euskara aitzakia legez erabiltzeko, haiek erdieste aldera. 

Sarritan erabili dut gogoeta hau: euskarari eskatzen zaio beste ezein hizkuntzari eskatzen ez zaiona. Azken denboraldian, ostera, esaldi hori beste modu batera ekarri dut: euskaldunoi eskatzen zaigu beste ezein hizkuntzatako ezein mintzoduni eskatzen ez zaiona. Ez genuke euskaldunok hil-aginean bizi garelako irudia eman beharko, eta badirudi batzuk behin eta berriro saiatzen direla itxura hori agertzen. 

Euskarak gaur egun sekula baino mintzodun gehiago du; lana ez da amaitu, eta horretan jarraitu behar dugu; lanean segitu behar dugu, eta horretan dabil euskal gizartea, Herri Administrazioa tarteko. (Hau ere gomutarazi behar da, batzuek irudia eman nahi dutelako, Herri Administrazioa euskal gizartetik kanpora dagoela. Ez da ahaztu behar Herri Administrazioan dauden ordezkari politikoak euskaldunek eurek aukeratukoak direla, ez dira jainko-indarrez ipiniak.) 

Lan egin behar da, geure berezitasunak gogoan harturik, eta badihardugu ataza honetan; gaur egungo errealitateari dagokion eta etorkizunean balioko duen erantzuna ematen asmatu behar dugu. Ez da erostarien ordua: euskara ez dago hilda, batzuek irudipen hori eman nahi badute ere. Ez da buruiritzien tenorea: artean asko egin behar dugu, egin barik gelditzen denak, hau da, hizkuntza askakeria aldezten dutenak, ahularen aurka jotzen duelako. Egin dezagun lana, eta laga ditzagun alde batera trabak. 

Amaitu nahi dut, harrotasuna izan dezagula eskatzeko; euskal gizarteak egindako lana gogoan eta aintzat hartzekoa da, eta eredu da Europan eta mundu zabalean.

PARTEKATU