PDE
Bake-prozesuari eskainitako babesa

PDE<br>
Bake-prozesuari eskainitako babesa
01
Abendua
2006
Hainbat agiri

EUROPAKO ALDERDI DEMOKRATAK EUSKADIKO BAKE PROZESUARI BABESA ESKAINTZEKO ASMOA BERRETSI DU, ETA EUROPAKO KANPO POLITIKAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DU
 Erromako La Margherita egoitzan egin dute Europako Alderdi Demokrataren II. Kongresua, eta, beste behin ere, Euskadiko bake- eta normalizazio-prozesuari babesa adierazi dio. EBBko presidente Josu Jon Imazek, urriaren 25ean Europako Parlamentuan egindako osoko bileran, Liberalen eta Demokraten Aliantzak erakutsitako sostengua eskertu du; izan ere, euren laguntzarik gabe, Euskadiko bake-prozesuaren aldeko ebazpena ez zuten aurrera aterako. Imazek aitortu duenez, ulertzen du Europako iritzien sektore batzuetan era honetako prozesu batek dituen ulermen-zailtasunak, eta, horregatik, EADko buruek uneoro erakutsi duten borondatea eskertu du.

Era berean, EADren bigarren kongresuak Europaren alde duen benetako bokazioa berretsi du, eta Europako herritarrei Europa gertuko errealitatea dela azaltzearen beharra nabarmendu du. Gainera, immigrazioa edota ingurumen-politika bezala gori-gorian dauden gaiek estatu kideen ohiko mugak gainditzen dituzte, eta, egun, Europa osoari eragiten diotenez, konponbidea Europar Batasunetik baino ezin daitekeela aurkitu ere azaldu du. Hala, Josu Jon Imazek, EADren presidenteorde gisa, esan du Libanoko, Ekialde Ertaineko edota Irakeko gatazkek bestelako garapena izango zutela «Europak estrategia propioa, bakarra eta indartsua izan balu kanpo-politikan».

Alde horretatik, Kongresuak bere egin ditu Europako ideala «garapena bizi-kalitatearekin eta gizarte-ongizatearekin ondoen uztartzen jakin duen modelo ekonomikosozial» gisa ezaugarritu duten balioak.

Gai horren inguruan, EADko presidente eta La Margheritako buru Francesco Rutellik Europako Alderdi Demokratak Europaren aldeko zereginetan martxan jarri behar dituen bost ekintza-ardatzak laburbildu ditu: 1- Balioetan eta balio horiek pasioz eta oztoporik gabe defendatzean oinarritutako politika garatzea. 2- Gizarteko eguneroko erronkei arreta jartzea eta erantzuteko gaitasuna indartzea. 3- Ageriko aniztasunaren barruan, batasuneko aniztasuna eta bokazioa onartzea. 4- Ideala pragmatismoarekin uztartzeko gaitasuna. 5- Tokikoa eta globala denaren arteko oreka.

Kongresuaren amaierako ekitaldian publikoari irekitako mahai-ingurua egin dute. Izenburua Erromako Tratatuaren berrogeita hamar urteak: gero eta Europar Batasun sendoagoaren arrakastak eta erronkak izan da. Parte-hartzaileak, beste batzuen artean, ondokoak izan dira: Catalunyako Generalitateko presidente ohi Pascual Maragall eta Italiako Errepublikako lehen ministro eta EADko ohorezko presidente Romano Prodi.

Josu Jon Imazekin batera, jeltzaleen ordezkaritza Josune Ariztondo eta Gorka Agirre burukideek, Josu Ortuondo, Josu Erkoreka eta Inaki Anasagasti kargu hautatuek eta Kanpo Harremanetarako presidentearen ordezkari Jose Maria Munoak osatu dute.
PARTEKATU