JOSU JON IMAZ<br>
EAJk ez du onartuko ETAk prozesu politikoa indarkeriaz zaindu dezan
18Azaroa
2006
18 |
EBBren agiriak

JOSU JON IMAZ
EAJk ez du onartuko ETAk prozesu politikoa indarkeriaz zaindu dezan

JOSU JON IMAZ<br>
EAJk ez du onartuko ETAk prozesu politikoa indarkeriaz zaindu dezan
Azaroa 18 | 2006 |
EBBren agiriak

Bakea lortzeko itxaropenak erantzukizunez jokatu beharra eskatzen digu gaur egun eta Euzko Alderdi Jeltzaleak behar besteko ahalegin guztiak egingo ditu urraspide honetan. Jakin badakigu bidean zehar hainbat zailtasun eta krisialdi aurkitu ahal izango ditugula. Baina ez zaigu inondik ere borondate onik falta guztion arteko topaketaz eta elkarrizketaz eragozpenak gainditu ahal izateko.
Batasunak esan du prozesuak “blokeoa eta krisialdia” bizi dituela. Esan ere esan du “krisialdia ukatzea dela errezetarik txarrena”. Batasunak usten baldin badu blokeoa dagoela esateko arrazoiak dituela, ez diogu guk geuk behinik behin horrelakorik ukatuko. Baina azpimarratu nahi dugu, ordea, nolabaiteko blokeorik baldin bada ez dela behintzat eragile politikoek elkarrizketarako borondaterik erakutsi ez dutelako, edota ajenda politikoan, egutegian edo elkarrizketa politikoan aurrerapiderik izan ez delako

Azpimarratu nahi dugu orain arte egindako ahalegina eta, baita adierazi ere, arlo honetan azken boladan egin diren aurrerapenak. Azpimarratu ere azpimarratu nahi dugu, edozenbat euskal alderdi politikoren artean --Batasuna tarteko-- azken hilabeteotan jorratu dugun elkarrizketa-bidea. Hainbat akordiotara heldu ahal izateko, politikagintzaren bitartekotzaz lagundu eta sustatu nahi den elkarrizketa, denon arteko bizikidetzaren oinarriak sendotzeko, eta denok behingoz jabetu gaitezen egitasmo politiko demokratiko guztiak defendagarriak direla eta, defendagarriak ezezik, baita betegarriak ere, hiritarren aldetik behar besteko onespena lortuez gero. Beti ere gaur egun indarrean dauden marku juridikoak errespetatuz, baina euren ahalmenak eskuzabaltasunez erabiliz, noizbait hiritarrek demokraziaz erabaki ditzaketen marku juridiko-politikoak ere etorkizunean errespetatzerik izan dezagun.

Batasunak dioenez, gertatzen ari diren blokeoak eta krisialdiak konpondu ahal izateko ezinbestekoa omen da beraien oinarrien berri jakitea. Zentzu honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak badaki zein den blokeoaren eta krisialdiaren arrazoirik nagusiena, alegia: ETAk daukan politikagintza armaz baldintzatzeko nahia. Hau da, ETAren nahia, prozesu politikoa indarkeriaren mehatxupean zaintzeko. Eta Euzko Alderdi Jeltzalea ez du honelakorik inoiz onartuko. ETAk ez du elkarrizketa politikoa baldintzatuko eta Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du honez gero Anoetako Adierazpena ere betetzen ez duen eskema zaharrik onetsiko, ezta bakearen truke hiritarren borondate politikoaren gainetiko egitasmo politikorik onartuko ere, Batasunak --bere jarraitzaileak lasaitzeko edo-- horrelako aldarrikapenak egin arren. Hauxe da sakon-sakoneko arazoa.

Gurpil arriskutsu hau hausteko, ETAk eta Estatuko gobernuak benetan ahalegindu behar dute, serio asko, 2005eko maiatzean Kongresuaren ebazpenak adierazitako elkarrizketa-prozesuaren ildotik, indarkeriaren amaiera elkarrizketatua bideratzeko. ETAk uko egin behar dio elkarrizketa politikoa eta demokratikoa zaindu nahi horri, eta ez du berriro ere indarkeriari ekingo ote liokeen mehatxurik egiterik, baldin alderdiek bere gustuko zerbait erabakiko balute.


Alderdi politikoek, guztiok, behar dugu bitartean politikagintzan lanean jarraitu bakearen eta normalizazioaren alde. Beti ere elkarrizketa sakonduz. Omen dauden eragozpenak eta krisialdiak gaindituz, berriro ere itxaropenari eta irtenbideari ekin diezaiegun. Bakoitzak bere ordezkaritza politikoaren izenean. Inolako babes edo zaintzarik gabe. Hitzarmen politikoaren oinarriak eta metodologia finkatu ditzagun. Askatasunez eta demokraziaz euskal hiritarrek erabakitako hitzarmena, indarkeriaren mehatxurik gabe, inor derrigortu edo bortxatu gabe.

Sekula aurretik ez da gertatu oraingo hau bezalako baldintza argirik elkarrizketa osagarria izan dadin eta arazo politikoa konponbidean abiatu dadin. Irtenbidea heltzear dago, gure eskutan. Aurrez aurre dugun aukerabide honetaz baliatu behar dugu. Batzartu nahi izan ez duena izan ezik, gainerako alderdi politikook aurrerapen handia jorratu dugu azken hilabeteotan. Zailtasun guztien gainetik, garaia da orain bezain zuhur elkarrizketan jarraitzeko; zorabioaren beldur ez izateko unea da; sasioinarrietan eraikitako elkarrizketak nekez izan daitezkeela emankor aitortzeko ordua da. Hau da, elkarri onartu behar diogu elkarrizketa besteari entzutea dela, eta bestearen egoerak eta arrazoiak gogoan hartzea. Ezin dugu inondik ere orain arte egindako lana hankaz gora bota.

PARTEKATU