HAUTETSIAK<br>
Demokraziarekin eta politikarekin dugun konpromisoa
18
Azaroa
2006
Hainbat agiri

HAUTETSIAK
Demokraziarekin eta politikarekin dugun konpromisoa

HAUTETSIAK<br>
Demokraziarekin eta politikarekin dugun konpromisoa
18
Azaroa
2006
Hainbat agiri

Geroak esan beza
Herri bat izan zen
Edota hats emaiogun
Hontan iraun dezan

(Nicolás Ormaetxea, Orixe)
Hautetsiok, gure herriaren borondatearen ordezkariak garenok, Gernikara bildu gara gaur, demokraziarekin, askatasunekin, Zuzenbide estatuen printzipioekin eta jardunbide politikoarekin dugun konpromisoa adieraztea dugula helburu.

Hemen, Arbolaren ondoan, ondo dakigu gurekin batera direla guk ordezkatzen ditugun gizarte eta erakundeak. Bat egin dugu, sinesten dugulako topaketa honen bidez erantzuten diogula hiritarren eskariari; izan ere, hiritar horiek zeregin bat jarri dute gure esku, euskal bizimodu politikoaren abiaburu etiko eta demokratikoak zaintzeko.

Euskadik badu itxaropena, abagune berri honek aukera emango digula hamarkadetako indarkeria eta pairamena, eta gizaldietako gatazka politikoa gainditzeko; hain zuzen, denbora horretan zehar, gizarte honen nortasunak eta eskubide politikoek ez dute biderik izan adierazpen egokia aurkitzeko.

Halere, itxaropena ez da nahikoa. Guk konpontzeko ditugun arazoak larriak dira, eta arazook irmotasuna behar dute abiaburu etiko eta demokratikoetan, bai eta gizarteari eta beraren etorkizunari zor zaien konpromisoan, alderdi bakoitzaren interesetatik harantzago, eta ekimen politikoan ere; eta ekimen politiko horren tresnak dira elkarrizketa, malgutasuna eta ezberdinen arteko akordioa. Horiek guztiak beharrezkoak dira, bai indarkeria gainditzeko erronkari begira, bai gure Herrian elkarbizitza politikoa bermatzen duen akordio politikoa iriste aldera.

Gure herrikideek arduraz ikusten dute politika geroago eta gehiago eroaten dela bide judizialera, begirune demokratikoa falta dela, eta euskal erakunde politikoak modu txarrean tratatuak direla; eta horrek guztiak kalte egiten die erakundeen arteko harmoniari eta jardunbide onari.

Politika ulertu behar da beraren esangurarik jator eta demokratikoenean; bada, politikaren jarduna erro-errotik lotuta dago elkarrizketa, eztabaida eta akordioarekin. Ideien eztabaida eta ezberdintasun politikoak dira askatasun eta demokraziaren adierazpenak, eta ordezkari politikook eta erakundeok betebeharra dugu, beraiek adierazi eta zaintzeko, Zuzenbidezko estatuaren joko-arauen arabera.

Euskal hautetsiok, Gernikara bilduta,

1.—Berriro sendetsi gura dugu geure konpromisoa erakundeek eta beraien ordezkari legitimoek hartutako erabakiekin, erabakiok bultzatzen baitituzte bakea eta normalkuntza politikoa Euskadin. Euskal erakundeen ebazpenak, Diputatuen Kongresuarenak, eta Europar Legebiltzarrarenak dira indarkeriari amaiera emateko gu batzen gaituzten adostasunen ondorio.

2.—Biziki eskatzen dugu ETAren indarkeriazko jardunak behin betiko amai daitezen. Badira oinarrizko eskubideak bidegabeki eta eragabeki mugatu nahi dituztenak, badira herri-kargudunei, erakunde politikoei eta gizarte-eragileei erasotzen dietenak eta horiek beldurrarazten dituztenak; bada, horiek jarkitzen zaizkie euskal gizartearen nahiei eta haren erabateko borondateari, euskal gizarteak nahi dituelako demokrazia, askatasuna eta giza eskubideen begirunea.

3.—Baieztatu nahi dugu, aginteen arteko banaketa dela demokraziaren eta Zuzenbidezko estatuaren zutabea. Botere Judizialak oinarrizko zeregina bete behar du, legezkotasun abiaburua defenditzeko, bai eta hiritarren eskubide eta askatasunak bermatzeko ere. Hori ez ezik, politika egin behar da gizartearen ordezkari legitimoen bidez, eta politikaren lehentasuna da gure hiritarren bizimoduaren aurreramendua bilatzea. Politikaren eginkizun hori bete behar da askatasunez, beldurrik izan barik politika takan-takan bide judizialera eroango denik.

Ikuspegi horretatik, gure ustez, elkarrizketa, eta erakundeen jardunak eta jardun politikoak ez dira legetik at jarri behar, ez eta delitu gisa hartuak izan ere, haiek guztiek konponbideak lortu nahi dituztelako gatazketarako.

Modu horretara, politikaren eginkizunik prestuena errebindikatu nahi dugu, bera delako bidea gure gizarteko elkarbizitza bermatzeko.

4.—Gure laguntza oso eta erabatekoa agertu nahi diegu Herri honen erakundeetako ordezkari gorenei, Lehendakariari eta Eusko Legebiltzarreko lehengo Lehendakariari eta bi mahaikideri, bai eta gainerako ordezkari politikoei ere, euren burua ikusi dutelarik bide judizialean jazarrita, demokraziaren arabera aukeratuak izanik eginkizun eta erantzukizun horiek betetzeko. Gure laguntasun osoa dute, eurek elkarrizketa eta ekimen politikoaren alde egindako apustuan.

5.—Euskal hautetsiok, Gernikara bilduta, Adierazpen honekin agertu nahi dugu gure konpromiso iraunkorra bakearekin eta politikaren jardunarekin, eta hori egin behar da elkarrizketaren bidez, berau baita Euskadin elkarbizitzaren normalkuntza lortzeko bide demokratikoa.


GERNIKA.

Euskal hautetsien topaketa


2006ko azaroaren 18a.


--------------------------------------------------------

Adierazpen hau, euskal hautetsiek azaldutako atxikimenduekin batera, bidaliko zaie Kongresuko buruari, Senatuko buruari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko buruari.
PARTEKATU