MOLDIZTEGIEK eta ordenadoreek sorginkeria handiak egiten dituzte. Estatua omen da herri bat nazionalki eta kulturalki eraikitzeko esparrua. «Sin ese espacio autónomo cualquier empresa de este tipo lo tiene curdo», errematatzen zuen idazleak. «Lo tiene crudo» da erdarazko esaera, noski. Baina sorginek hobetu egin dute esaera: «lo tiene curdo». Izan ere, Kurdo herria estatu askotan sakabanaturik dago: Iran, Irak, Azerbaidjan, Siria eta Armenian barrena. Bere neurrian, balioko luke «lo tiene vasco» esaerak ere, Euskal Herria bi estatutan eta hiru administraziotan sakabanatua baitago.
Zaila daukagu, jakina. Batetik, gordin gaude, heldu gabeak, fruta gordina bezain jangaitzak. Ez dugu ekaitzik, baina heltzeko gandu eta lanbro gehiegi dugu. Hitzak, aholkuak, mehatxuak, dabiltza airean. Ezker abertzaleak oso argi eta garbi du sozialistek eta Zapaterok zer egin beharko luketen. Salagarri da, jakina, egin ditzatekeen eta egin beharko lituzketen urratsak ez egitea. Baina ezker abertzaleak ez ditu bake bidean aurrera egiteko eragozpen diren kale borroka eta abar salatzen. Guardia zibilekin fidatzen ez garelako galdetu digu, oraingoan nola sinetsi diegun. Ez baikara ezker abertzalearekin ere fidatzen. Informazioa bildu eta borreroen eskuetara eraman duen gehiegi izan du tartean. Salatuko balitu ez litzateke gerra xikinerako biderik izango. Zapatero mugitzen ez delako gertatzen direla esanaz, zuritzen ditu. Eta, jakina, Zapatero ere ez omen da mugituko indarkeria erabat geratzen ez den bitartean. Eta hilabeteak daramatzagu trukean.
Gordina, noski, ez da «crudo» bakarrik. Sasoiko ere bada euskaraz. Gizaseme edo emakume hori gordina dago oraindik, esan ohi da. Ibarretxek ere hala ikusten du Euskal Herria, sasoiko, gordin. Badu itxaropenik. Atzeraezina da bake prozesua. Eta atzera egiten duenari ez omen dio herriak barkatuko. Zapaterok, beraz, «lo tiene vasco». Baita ezker abertzaleak eta ETAk ere. Eta besteok, abelera hoberik ez badugu.