Iritzia
22Urria
2006
22 |
Iritzia

Lana euskaraz

Iritzia
Urria 22 | 2006 |
Iritzia

BELARRIAK erne jarri zizkion "Lanhitz" egitasmoak "Kontseilua"ri, agidanez. Orain, «Elebide» hasi da "Behatokia" aztoratzen. "Zoritxarreko bikoizketaren" beldurrez? Ala besteren sailean sartzen delako? Euskal esparru ttiki honetan lehiakiderik gabeko monopolioak nahi direlako?
Mundua norberarekin hasten dela uste izaten da. Hala uste izan zuen Aitzolen belaunaldi euskaltzaleak. Gerraondoko belaunaldiak ere gurekin hasi zirela euskal literatura, ikastolak eta kazetaritza, uste izan genuen. Kontseiluak ere lan mundua euskalduntzea berak asmatua dela uste du. Ehun urte lehenago ohartarazi gintuen horretaz Sabino Aranak, Hendaian 1901ean egin zuen hitzaldian. Euskal eskolen, literaturaren, kazetaritzaren eta abarren alde zen, jakina. Baina horrek guztiak ezer gutxi balio zuen Aranarentzat, industria, ekonomia eta abar euskalduntzen ez baziren. Zertarako euskaraz ikasi gero ezertarako ez badu balio, galdetzen zuen. Eusko Jaurlaritza «25 urteko atzerapenez» ohartu omen da horretaz. Urteak dira Hizkuntza Politika eta Euskararen Aholku Batzordea lan mundua euskaldundu beharraz ohartu zirela. Aprobak ere egin ziren enpresa batzuetan.

Beharrezkoak dira legeak, egitasmoak, laguntzak, "ziurtagiriak". Baina horiek ez dituzte gure zabarkeriak, ganoragabekeriak, erosokeriak eta ezinak konpontzen. Gurasoek bere hizkuntza irakatsi ohi diete beren seme-alabei. Ez denek, zoritxarrez. Eta izan dira kalea, eskola eta giroa erdaldunak izan arren, etxean euskara irakatsi dieten gurasoak. Debekuak debeku, euskara lantzen ahaleginduak ere badira.

Ikastolan ikasitako lankide mordoxka izan dut inguruan. Nirekin euskaraz eta beraien artean erdaraz mintzatu ohi ziren. Haserretuta etorri zitzaidan lagun bat Oiartzungo "Kilometroak" egunean: "gazte talde batekin joan nauk trenean, nirekin euskaraz eta beraien artean erdaraz hitz egiten ziaten". Borondate hutsa ez da aski, jakina, baina ezinbestekoa da.

PARTEKATU