Sanz jauna: Azken urteotan euskararen gainean egin dituzun adierazpen asko entzun eta irakurri ditut. Interesez jarraitu ditut, halaber, zure gobernuak Nafarroako hizkuntza politikaren arloetan hartu dituen erabakiak. Behin baino gehiagotan harritu eta txunditu naizen arren, nahiz eta ezin dudan ulertu -ez bada filia eta fobia ideologikoen ondorio diren arrazoietara jota- nola erakuts dezakeen gobernu batek hain errespetu txikia, mesprezu irekia ez esatearren, bere kultur ondarearekiko eta ordezkatu behar duen gizarteko sektore garrantzitsu batekiko, inoiz ez dut eman ezagutzera nire iritzia jendaurrean. Beti pentsatu izan dut zuk legitimitate osoa daukazula esaten duzuna esateko eta egiten duzuna egiteko, nafarrek eman baitizute legitimitate hori hautestontzietan; eta nafar horiek kenduko dizute, hori bada gehiengoaren nahia. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den nire moduko herritar batek errespetatu egin behar du nafarren gehiengoaren borondatea eta isilik egon behar du, jendaurrean behintzat. Horrela izan behar du.
Baina egoera aldatu egin da erabat unibertsitate elebidun baten gainean egin berri dituzun adierazpenen ostean, adierazpenok zuzenean eragiten baitiote Euskarako errektoreorde gisa ohorez ordezkatzen dudan Euskal Herriko Unibertsitateari. Oraingoan ez diet erantzungo Parlamentuan berriki egin dituzun adierazpenei; esate baterako, administrazioko lanpostuak betetzeko lehiaketa publikoetan euskara meritu moduan baloratzeari eman diozun ezetz biribilari. Euskal Herriko Unibertsitatean min handiena eman diguten bi adierazpenak baino ez ditut izango mintzagai, eta euskaraz ikasten duten 17.000 ikasleren ordezkari moduan mintzatuko natzaizu -horietatik milaka nafarrak-, eskolak euskaraz eman eta ikerlanak eta idatziak euskaraz egiten dituzten 1.150 irakasleren izenean, eta hizkuntza eskakizunak gainditzeko eta modu horretara zerbitzua euskaraz emateko ahalegina egin duten administrazio eta zerbitzuetako 800 langileren ordezkaritzan.
Zure lehenengo adierazpenari erantzunik emateke gera ninteke, pentsatuta politikari trebe baten irtenbidea izan dela, arazo bat gainetik kentzeko. Ele biko unibertsitate publikoa «ez litzateke bideragarria ekonomiaren ikuspuntutik». Ez dago dirurik eta, beraz, ezin da egin. Hala ere, zuk jakin beharko zenuke, nik bezain ongi edo hobeto, aurrekontu publikoak erabaki politikoei jarraiki osatzen direla. Euskal Autonomia Erkidegoan, agintari politikoek eta unibertsitateko agintariek erabaki genuen dirua egon behar zela ele biko unibertsitate publikoa lortzeko. Bide horretan aurrera egin dugu nabarmen nahiz eta, egia esan, UPV/EHUren arduradun gisa beharrezkotzat ikusten ditugun baliabideak eta abiadura ez ditugun izan beti bidaide. Baina hortxe ditugu emaitzak: irakasgaien %70 inguru bi hizkuntzetan eskaintzen dira; ikasleen ia %35ek euskaraz ikasten dute; irakasleen heren bat baino gehiago elebidunak dira; urtean, batez beste, 12-15 doktorego tesi idazten dira euskaraz, eta abar. Hori guztia garestia izan da; baina ekonomiaren ikuspuntutik guztiz «bideragarria» da, borondate politikoari erantzuten badio. Beraz, bada, ez engainatu eta esan egia: «Ele biko unibertsitate publikoa bideraezina da ekonomiaren ikuspuntutik, horrela izan dadin erabaki dugulako».
Zure bigarren adierazpena, aldiz, ez da trikimailu erretoriko hutsa; benetako iraina da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan unibertsitatean euskaraz lan egiten dugunontzat. Zure ustez, ele biko unibertsitate publikoa «unibertsitate txarra litzateke, ikerketa eta irakaskuntzaren kalitatea ez liratekeelako izango lehentasun, hau da, bikaintasunaren bila dabiltzan unibertsitateen jardunak izan behar ditu bi ardatz». Hots, euskara eta unibertsitateko kalitateko irakaskuntza eta ikerketa bateraezinak dira. Bikaintasuna gaztelaniaz baino ezin da eskuratu. Zure moduko politikari batek, jakina, ez du eman behar argudiorik, ezta ematekorik izanda ere; zuretzat nahikoa da horrelako belarrondokoak ematea euskal eta nafar unibertsitateetako kide elebidunei. Baina, hori bai, ahoa bete egiten zaizu «askatasuna, berdintasuna, bazterketa eza eta elkarbizitza» aipatzen dituzunean euskara garatzeko politikaren alorrean. Alabaina, euskararekiko zure fobia zorrotz horren ondorioz zokoratze, bazterketa eta diskriminazio politika egiten ari zara eta politika horren emaitzak ari dira pairatzen euskaraz lan egin, ikasi eta ikertzeko aukera izan nahi duten guztiek. Zuk euskara gutxiesten baduzu folkloreko ondar bitxitzat hartuta, museo batean sartu eta gorde behar den ondarea delakoan, mesede eskasa egiten diozu bai Nafarroan bai Euskal Autonomia Erkidegoan dauden kultur sentsibilitate desberdinen arteko «elkarbizitzari»; eta une itxaropentsu honetan inoiz baino beharrezkoago ditugu komunikazio zubiak, elkarrenganako errespetua eta tolerantzia. Ez ditugu behar zuk bilatzen dituzun inposizioa eta liskarra. Euskaraz lan egiten dugun unibertsitateko kideok ez ditugu hartuko kontuan zure probokazioak, jakin badakigulako zuk gizarte polarizatu eta erradikala behar duzula hazteko, euskal eta nafar eskuinak historia garaikidean zehar beti erakutsi izan duen moduan. Horrexegatik, gutun honekin batera gonbidapen bat helarazi nahi dizut atseginez: ohorea handia izango litzateke guretzat egunen batean zu gure unibertsitatean bisitan hartzea, erakutsi ahal izango genizukeelako euskaraz ere egin daitezkeela kalitateko irakaskuntza eta ikerketa. Eta ez zaitez kezkatu beste arazoagatik: aldi bereko itzulpena jarriko dizut plazer handiz. Gastu hori eginda ere, gure unibertsitate publiko elebiduna ez da izango bideraezina ekonomiaren ikuspuntutik.