Quintana: "Galizia ez dago mendia galtzeko prest, bere izaeraren arima baita"
Galiziako basoentzat tragikoa izan den uda pasatu ondoren, Quintanak hondamendiarekin ikasitakoez eta Xuntak hartu beharreko neurriez balantzea egin du.
Aurtengoa historiako udarik dramatikoena izan da Galiziako mendientzat. Herrietatik gertu dauden hirurogeita hamar mila hektarea baino gehiagok aldi bereko ehundaka fokutan su hartu dute eta lau pertsona hil egin dira. Anxo Quintanak zuzentzen duen Xuntako presidenteordetzak Galiziako mendiak babesteko lanean boluntarioak hartzen dituen ekimena abian jarri du.
Zertan oinarritzen da urrian hasiko den zuhaitzak landatzeko boluntarioak hartzeko eta Galiziako mendiak zaintzeko ekimena?
Mendiaren Defentsa Telefonoan izena eman zuten boluntarioek hiru aukera izan zituzten. Lehenengoa, disuasio-neurriak izango lirateke, su-eragileak kontrolatzeko, hain zuzen ere. Bigarrena, itzaltze-brigadei era logistikoan laguntzea, hala nola, materiala eramanez, sua etxera iristen zaien bizilagunei lagunduz, eta abar. Hirugarren lan mota mendien birsorkuntza da. Denboraldia bukatzen denean, mendiek birsorkuntza behar dute eta borondatezko lan oso garrantzitsua izan daiteke. 5.500 boluntarioetako ehuneko 70ak hirugarren lana aukeratu zuen.
Prestige itsasontziaren hondamendia gertatu zenean, Galiziako herritarrak ingurumenari dioten errespetua adierazteko esnatu egin zirela esan zen. Lehenagotik hain nabarmena ez zen suteen aurkako mobilizazio horrek herritarrak bigarren aldiz esnatu zituela iruditzen al zaizu?
5.500 boluntario daude. Ehuneko 85 Galiziakoak dira, beste ehuneko 15a, berriz, Espainiako beste autonomietakoak. Galiziako herritarrek euren herria maite dute, eta, horrez gain, herria zaindu behar dela oso argi dute. Gainera, Galiziak Estatu osoan begikotasuna pizten du, eta guk bihotzez eskertzen dugu. Aurtengo suteen krisiak inoiz ez bezala Galizia su-eragileekin eta ingurumeneko terroristekin gerran dagoela manifestatzeko balio izan du. Galiziak ez du bere arimarik gabe, hots, Galiziako landa-ingurunerik gabe bizi nahi.
Landa Inguruneko kontseilaritzak abuztu amaieran iragarri zuen baso-lursailen jabeei laguntzak emango zizkiela espezie autoktonoekin basoa berritzeko baldintzarekin. Eukalipto kopuru altuak Galiziako mendiak kaltetu egin dituela uste al duzu?
Eukaliptoak, edozer espeziek bezala, ezin du leku guztietan egon. Beharrezkoa da mendiak orden arrazional batean banatzea, mendiko lursailak ondo aprobetxatzeko. Mendiak honetarako erabili behar dira: espezie autoktonoak landatzeko, kalitatezko zura lortzeko, azkar hazten diren espezieak landatzeko, eta baso, ganadu zein nekazaritza esplotaziorako. Ikuspuntu oso horretatik ekingo dio Galiziako Gobernuak. Azken hogei urte hauetan bizi duguna bukatu egin behar da. Okerreko baso-politika alde batera utzi behar da; hau da, hazkuntza azkarreko zuhaitzak landatzeari utzi behar zaio, baita nekazaritza lur sailetan ere. Orain arte egindako alferrikako lanak Galiziako mendiak erregaiz betetzeko besterik ez du balio izan.
Nola bizi izan duzu zuk sute uholdea?
Herritar bezala, haserrea eta amorrua sentitu dut. Gobernuko kide bezala, berriz, ardura politikoz beterik sentitu naiz. Gobernu honetako kide guztiok pentsatzen dugu gure betebeharra une zailetan aurpegia ematea dela. Hori izan da Gobernu honek egin duena; krisi unean egia eta gardentasuna suebaki onen gisa erabili du. Egoera zaila den arren, oso harro nago horrela egin izanaz.
Atxiloketei buruz orain arte jakin denaren arabera, badirudi suteak burutik gaixo daudenen eta alkoholikoen gauza dela. Zer iritzi duzu?
Badirudi, aurtengo eta beste urteetako suteen ehuneko 90 nahita egin direla. Aldea da, aurtengo suteak beti egon diren piromanoek probokatzeaz gain, su-emaile profesionalak direla sute handienak eragiten dituztenak, haiek badakitelako zeintzuk diren lekurik delikatuenak. Egoera horrek herritarren artean ezegonkortasuna eta beldurra sortzen du, eta ingurumeneko terrorismotzat kalifikatu dute. Antolatutako azpikeria baldin bada, poliziak ikertu beharreko eta epaileek definitu beharreko gaia da. Hala ere, betidanik gertatutakoarekin ezberdintzen duen zerbait dago, eta espero dut poliziak eta epaileek egin beharrekoa egingo dutela egoera hau amaitzeko. Zuzenbidezko Estatu batek ezin du onartu urtero 14.000 delitu zigorrik gabe geratzea. Galizian urtero nahita 14.000 sute gertatzen dira.
Zuk diozu arduraz beterik sentitzen zarela. Zer irakatsi atera dituzu uda honetako suteetatik?
Konponbide berriak eskatzen dituen arazo berri baten aurrean gaude. Suteak itzaltzeko era profesionalagoa bilatu behar dugu. Horrez gain, mendietako egitura aldatu egin behar da, horiek baitira hainbeste sute sortzen dutenak. Horien artean, utzikeria eta landa ingurunearen despopulatzea. Autokritika egitekotan, onartu behar dugu, gobernu honek lanean hasi zenetik funtzionamenduan jarritako egitura-neurriak ezin direla gerorako utzi, baizik eta sustatu egin behar dira, horietako batzuk denbora laburrean fruituak eman ditzaten.
Xuntak jarraitu nahi duen ildo horretan, pentsatu al duzue suteak saihesteko mendiak garbitzeko neurrietan inbertitzeak duen garrantzian?
Galiziako eskualde batzuetan, erabilgarria den nekazaritza lursaileko ehuneko 70 utzita eta sasiz beterik dago. Beharrezkoa da egitura aldatzea lursail horiek era arrazionalean erabili ahal izateko eta mendiak hobeto antolatzeko. Galizian, jabetzaren zentzu napoleonikoa azkendu egin behar da, zentzu horrek pentsarazten baitu jabetzak eskubide guztiak ematen dituela, baina inolako betebeharrik ez. Lursail baten jabeak lursaila garbi edukitzeko betebeharra du. Ez badu betebeharra betetzen, Administrazioak lan hori egitea onartu beharko du. Ez badu lursaila erabiltzen, Administrazioak beste norbaitek lursaila erabiltzeko hartu beharreko neurriak hartzea onartu beharko du.
Urte bete inguru pasatu da zu Xuntako presidenteordea zarenetik. Nola aldatu da Galizia une hartatik?
Egun, hori erakusteko aukera izan dugu. Oraingo Gobernuak egiarekin jarduten du, ez die herritarrei gezurrik esaten eta herrialdea aldatzeko proiektua du esku artean. Une honetan, Estatuarekin harremanetan egotea beharrezkoa den garaian, lankidetza ikuspuntu konstruktibo, zorrotz eta sendo batetik egiten dugu. Madrilgo Gobernuari Galizia errespetatzea eskatzen diogu. Hala, guztioi fruituak ematen dizkigun lankidetza lortzen ari gara. Nire ustez, oraingo Gobernuak herrialdearen etorkizunean sinesten du.
Zertzuk dira, oraingo honetan, zure lehentasunak?
Krisiak berriz ere argi utzi duen bezala, oso garrantzitsua da Galiziak Estatutu berria lortzea, nazio Estatutua, hain zuzen ere. Estatutu berri horrek Espainiako Estatuan gure herriak duen lekua eman beharko lioke, eta, horrekin batera, ongizatea sortu beharko luke. Beharrezkoa da giza auzien iraultza lasai bat egitea. Helburua gehien behar dutenei laguntzea da. Galiziak lursailak antolatzeko politika berri baten beharra du. Asmoa da bertakoek lursail horiek ondo bizitzeko erabiltzea, eta ez espekulaziorako eta herrialdea suntsitzeko. Landa mundua martxan jartzeko politika da suteak murrizteko txertorik onena. Etxebizitza-politika berria behar da; hau da, pertsonei adreilu baino garrantzi gehiago ematea. Galiziak lana lortzeko plana jarri du abian, herriko gazteen arazo nagusiari aurre egiteko, langabezia eta emigrazioa, hain zuzen ere. Gobernuaren helburuak argi daude eta krisiak adierazi digu prozesua aurreratu egin behar dela, helburuak azkarrago lortzeko.
Nola aldatu da Galizia Prestigeko hondamendiaren ondoren?
Kudeaketa gaitasun ezaren erakusle izan zen, baina, era berean, gure kostek eta gure herriak bizi duten defentsa-gabeziaren adibide nabarmena izan zen. Harrez geroztik, ezer ez da berdina Galizian. Egun, Galiziako herritarrek ez dute onartuko Galizia hondatzea. Nire ustez, herritarren kontzientzia hori izan zen Galizian aldaketa politikoa eragin zuena.
Lehen, Galiziak Estatutu berri baten beharra duela esan duzu. Zer balantza egin duzu zuk testua erreformatzeko ideiari buruz?
Eztabaida positiboa da. Orain dela hil batzuk, nazionalistak bakarrik geratzen ginen Galiziak Estatutu berria behar zuela esaten genuenean. Gaur egun, alderdi bat berak ere ez du ezeztatzen. Lehen, PPko gehiengo absolutuarekin, ezinezkoa zen Estatutu berri bat lortzea eskatzen zuen txostena Parlamentura iristea. Egun, Galiziako Parlamentuan Estatutu berria idazteko lan-batzorde bat dago. Aprobetxatu beharreko aukera da oraingoa. Galiziak ongizatea zabaltzeko eta Galizia nazio bezala onartzeko tresna, Estatutu berria, hain zuzen ere, lortu behar du.
Orain dela urte bat, Espainia “norabide komuna partekatu dezaketen hainbat nazioek osatzen duten Estatu moderno” bezala ikusten duzula esan zenuen. Uste al duzu ideia hori egi bihurtzeko aurrerapenak egin direla?
Nire aburuz, oraindik ere lan asko dago egiteko, baina, behintzat, egun, Estatuan hitz egin daitekeen giro politikoa dugu, eta ez da gutxi. Egia esan, politikan pauso handia da. Espainiako Estatuak onartu behar du ez dagoela nazio bakar batez osatuta. Espainia nazio askok osatzen dute eta ez da ezer gertatzen hori onartzeagatik. Nire ustez, oso ona da gai horri buruz askatasunez eta normaltasunez hitz egin ahal izatea, ez aurreko garaietan bezala.