Iritzia
03Urria
2006
03 |
Iritzia

Saint Michel

Iritzia
Urria 03 | 2006 |
Iritzia

Amatiño

Iritzia

Euskadi Irratia


Egunon. Saint Michel Mendian nago, Normandia eta Bretainiaren arteko mugan, itsasoz inguraturik orain mila urte beneditarrek eraikitako abatetxean. Badakizue, maria gora eta maria behera, itsasoak hamalau metroko gorabehera egiten duen hondartzan...
Urtero hiru millioi turista etortzen dira bazter honetara, Euskal Herri guztira baino gehiago. Kontua da, ordea, turismo ugari hau honaino etortzen dela Saint Michel Mendia urez inguraturik ikustera eta, hain zuzen ere, turismoa erakartzeko egindako harresi eta aparkalekuen eraginez, itsasoa gero eta gehiago ari dala urruntzen. Betikoa, turismoak berak dihardu turismoaren urrezko arrautzak apurtzen.

Arazoa konpontzeko zer egingo-eta... ingeniari-taldea hamar urtez jardun da irtenbideren bat asmatu nahirik eta baita asmatu ere: harresiak eta aparkalekuak kendu, ibai-korrontea bizkortu eta itsasbeherako indarra erraztu... Bost urte iraungo dute lanek, 164 milioi euroren aurrekontuaz.

Benetan pozteko erabakia da, beti ere pozgarria da-ta erruak aitortzea, txarto eginak konpontzea eta naturari bigarren aukera eskaini nahi izatea. Baina, hala ere, onartu beharko inork ez lukeela horrenbesteko inbertsiorik egingo bertako etorkizun turistikoa kinka larrian ez balego.

Urak, ingeniariek esan bezala, mugitzen baldin badira, hamabost  urte barru Saint Michel egiazko uhartea izango da berriro, eta urtero bost milioi turista etorriko dira.

Inork ez du esaten zelan arraio sartuko diren astero ehun mila turista, buelta osoa emateko hamar minutu besterik behar ez duen arkatz-punta honetan, baina hau hamabost urte barruko Goiz Kronikakoek kontatuko dizuete.

Bitartean ni banoa, maria gora dator eta...

PARTEKATU