Elkarrizketak
28Iraila
2006
28 |
Elkarrizketak

Josu Erguin (Noticias de Gipuzkoa)

Elkarrizketak
Iraila 28 | 2006 |
Elkarrizketak

Erguin: "1977an barre egin zuten mahaigaineratu nituen zifrekin, baina orain egiazkoak dira"
Non eta noiz ezagutu zenuen gero Kilometroak bihurtuko zen jaialdia?

1969. urtean, 18 urte nituela, Estatu Batuetan ikasteko zortea izan nuen. Woodstock kontzertua eta Vietnamgo gerrako garaia izan zen, eta oso esperientzia bitxiak bizi ahal izan nituen. Dirua lortzeko egiten zen ibilaldi bat ikusi nuen: partaideek ibiltzen zuten kilometro bakoitzeko ordaintzen zuten babesleak aurkitu behar zituzten.

Eta nola sortu zen hori Gipuzkoan eta Ikastolen alde egiteko ideia?

Estatu Batuetatik itzuli eta urte ba-tzuetara, alaba ikastolan sartu zen. Gainera, Goierrin Lizeo berri bat sortzera derrigortuak geunden, nolabait. Guraso elkartean sartuta nengoen, eta ideia hura proposatu nien. Izugarrizko zortea izan nuen, juntakideak -ni baino helduagoak, enpresarioak, oso jende sendoa- sinestu baitzidaten.

Serio hartu zintuzten hasieratik, edo ideia eroa zela pentsatu zuten?

Mundu guztiak barre egin zuen mahaigaineratu nituen zifrekin, baina azkenean egi bihurtu dira: erokeria ziruditen publiko kopuruak errealitatea dira gaur. Nire ideiaren defendatzaile amorratua eta ilusio-sortzailea izan nintzela uste dut.

Nola ikusten zenuten hasieran Kilometroen etorkizuna?

Hasieratik ikusi genuen honek etorkizuna zuela, eta epe luzerako arro batzuk jarri behar zirela. Ikastola Elkarteari proposatu genion berak ekitaldi guztietatik %10 jaso-tzea, bere beharretarako, nahiz eta ekitaldi bakoitza leku baten arazo konketru bat konpontzeko pentsatuta egon. Hainbat ikastetxek Kilometroei esker eman dituzte aurrerapauso garrantzitsuak.

Zer iruditzen zaizkizu beste lekutan sortu diren antzeko jaialdiak?

Hasieran beldurra geneukan, zerbait egiten bagenuen, berehala beste guztiek gauza bera egingo zutela sentitzen genuelako. Kilometroak babesten ez baziren, diluitu egingo ziren. Baina ideia ez genuen gure-tzat gorde, beste guztiei eskaini genien, horrela zerbait handia eta inportatea lortuz. Gero Kilometroaren anai-arrebak agertu dira, baina guztiak gorde dira bere bakartasunean: Ikastola guztiek elkarrekin antolatzen dituzte Kilometroak edo antzekoak.

Kilometroak denborarekin aldatu egin direla esango zenuke?

Bai, izan dira formato aldaketa batzuk. Jatorrian, norberak bilatu behar zituen bere babesleak, babesle horiek kilometro bakoitzeko ordaintzen zuten, eta gero norberak ahalik eta kilometro gehien egin behar zituen, babesleari diru gehiago ateratzeko. Denborarekin, hau desagertu egin da eta joaten den jendeak diru laguntza ematen du, edo produktuak erosten ditu.

Eta badira aldatu ez diren gauzak?

Aldatu ez den gauza, eta aldatuko ez dena, gure gizartearen postura argia da: eguna errespetatzea, ondo atera dadin lan egitea, euskara bultzatzea eta Ikastola laguntzea. Nahiz eta forma aldaketak egon, espiritu bera mantentzen da.

Era berezian parte hartzen duzu Kilometroetan?

Gainontzeko herritarrek bezala jarraitzen ditut. Ekimena honek ez dauka jaberik, Ikastolen Elkarteak soilik har ditzake erabakiak. Ekitaldiaren jabegoa, indarra, edo nortasuna Ikastolen Elkarteak dauka. Nik daukadan erru bakarra proposatu izana da, eta sinestu zidatela. Harremanak baditut, baina ez egunerokotasunarekin. Zorionez, Kilometroen alde lan egiten duen jende asko dago.

Nola ikusten duzu aurtengo edizioa?

Urterokoa zoragarri ikusten dut beti. Kilometro guztiek nortasun berezia dute, herri ezberdinetan egiteak odol berri hori eskatzen du, eta bizirik daudela erakusten du. Hitzordu honek kolore ezberdina dauka beti, eta eremu ezberdinak erakusten dizkigu, nahiz eta helburua berdina izan: denok elkartu ikastolaren alde eta proiektu honi bultzada bat eman.

Zer sentitzen duzu Kilometroak ikusterakoan?

Ardura bat daukadala uste dut, baina ideiak haziak bezalakoak direla azpimarratzen dut beti: haziak lur emankor batetan jausten badira, Kriston uzta izaten dute. Ideiak ametsak dira, eta potentziala dute, baina inork kasurik egiten ez badu, inoiz ez dira aurrera aterako.

Nola definituko zenuke nolabait zure "semea" den jaialdi hau?

Kilometroak ikastolaren aldeko konpromisoa azaltzen duen ekitaldia da, festa girokoa. Hala ere, kontutan hartu behar dugu konpromisorik handiena egunero ikastolaren alde lan egiten ari direnena dela. Kilometroak, nolabait, denok elkar-tzeko eguna da, eta konpromiso hori publikoki adierazteko balio du.

PARTEKATU