Iritzia
27Iraila
2006
27 |
Iritzia

Agirre-Ibarretxe: jarraitasuna historian

Iritzia
Iraila 27 | 2006 |
Iritzia

Aste gutxi batzuen buruan lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eraketaren hirurogeita hamargarren urteurrena ospatuko dugu (1936ko urriaren 7an). Oroitzapen hau gerra zibilaren memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan murgilduta dago, eta prozesu horrek Juan Jose Ibarretxe lehendakari duen Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du. Izan ere, gobernu honek euskaldunontzat XX. mendeko atalik beltzena izan zen (7.000 hildako borrokan, 6.000 fusilatu, 45.000 atxilotu, 150.000 erbesteratu, horien artean 32.000 ume) gerra horren memoria gogoratu eta ohoratzea erabaki du. Horrez gain, tragedia hori diktadurak iraun zuen 40 urteetan luzatu zen, Franco Kaudilloa hil zen arte.
Horren harian, dagoeneko hainbat ekitaldi ospatu dira: Gernikan, apirilaren 26an, George Steer kazetariari egin zioten omenaldia bere irudiko busto bat inauguratuz: 1937an Londreseko Times egunkariko korrespontsala zen Bilbon, eta berak jakinarazi zion munduari Condor Legioko naziek Gernika bonbardatu zutela eta The Tree of Guernica idatzi zuen (Londres, 1938). Bestalde, Artxandan, ekainaren 18an monumentu bat inauguratu zuten Euskadiren askatasuna defendatzeko euskal gudarostea osatzen zuten gudarien oroimenez; eta irailaren 5ean Gasteizen omenaldia egin zieten gerrako haurrei.

Datozen hilabeteotan ere oroitzapen eta omenaldiak egingo dira: urriaren 20an Hernaniko kanposantuan Argi-Horma izeneko monumentua inauguratuko da fusilatu eta desagertutakoen oroigarri; 2007ko martxoaren 5ean Nestor Basterretxeak Matxitxakoko itsas guda gogoratzeko egin duen eskultura inauguratuko da; eta udaberrian, Elgetan, Intxorta Mendietan egindako borroka guztien oroigarri izango den beste monumentu bat inauguratuko da.

Ekimen horiek guztiak kontuan hartuz, eta gutxi batzuk besterik ez ditugu aipatu, ukaezina da euskal gobernuak egunetik egunera indar handiagoa hartzen doan ideia babesten duela: 36ko gerra zibila euskal herriaren ondare historikoaren atal garrantzitsua da.

Gerra horren ildoan, Jose Antonio de Agirre lehendakari izan zuen euskal gobernua osatu izana aintzat hartu beharreko gertakaria da. Bilbo erori zen arte (1937ko ekaina) gobernuak adore handiz eta baliabide gutxirekin egin zien aurre arazo zibil zein militarrei. Demokrazia gako hitz zuen batasun handi batean faxismoaren aurkako indar guztiak biltzen zituen: Euzko Alderdi Jeltzalea (4 sail), PSOE (3 sail) eta Union Republicana, Izquierda Republicana, Partido Comunista eta Eusko Abertzale Ekintza (ANV) alderdiak (bakoitzak sail bat).

Gobernu horren akatsak eta ahultasunak ezin dira ukatu: arlo militarrean, Villarrealen aurkako eraso suntsitzailea (1936ko azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an) eta ordena publikoaren arloan Bilboko kartzeletan 1937ko urtarrilaren 4an presoei egindako sarraski barkaezina. Horiek izan daitezke, besteak beste, Agirre lehendakariak Pariseko Munduko Euskal Biltzarrean, 1956an, ausardiaz onartuko zituen akats eta hutsen adibide.

Alabaina, egia da ere euskal gobernu haren bizitza laburra izan bazen ere, 1936-37an Europako faxismoaren aurrean demokraziaren, justiziaren eta askatasunaren baloreen ikur izan zela. Euskal Herria, askoren begietan, ordenaren adibide bihurtu zen, eta gerra garaiko giza kudeaketa (atxilotutako emakume guztiak askatu izana adibide bat baino ez da) mundu demokratikoak goraipatu egin zuen.

Joan den uztailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak instituzio aitorpen baten bidez «II. Errepublikako oinarri eta baloreak berreskuratzeko» asmoa zuela adierazi zuen «gure errealitate sozial, politiko eta juridikora egokitzeko» helburuarekin. Era berean, aitorpen horretan «gaitzespenik indartsuena eta arbuiorik nabariena» agertu zuen, «1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren aurka, II. Errepublikak bultzatutako bake eta itxaropen asmoak zapaltzen zituelako, betiere demokrazian sakondu eta askatasunen erregimenean aurrera egitea helburu baitzuen».

Juan Jose Ibarretxe buru duen gobernu honek hasitako bidean aurrera jarraitu behar duelakoan gaude. Datorren urriaren 7a aukera historikoa izango da 1936an aitzindari izan zuen Jose Antonio Agirrek defendatu zituen baloreak bere egin eta aldarrikatzeko. Ibarretxe lehendakariak aitorpen irmo baten bidez, legatu horren jaraunsle eta jarraitzaile moduan, egun horretan Euskadiko Gobernuak demokraziarekin eta Euskal Herriaren askatasunarekin duen konpromisoa berresteko aukera izango du, gudarien eta hainbeste sufritu duten senideen oroigarri.

PARTEKATU